Abenduaren 1ean 26 pertsona izan ziren. Gaur, berriz, 56. Aita Mari itsasontziak Mediterraneo erdian erreskatatu ditu: 33 helduak dira —hamazazpi emakume eta hamasei gizon—, hamasei adingabeak, eta zazpi haurtxoak —bost urtebetetik beherakoak, tartean bi hilabeteko bat—. Bi hilabeteko haurtxoa eta haren gurasoak Aita Mari-tik eraman behar izan dituzte, haurra «muturreko desnutrizioak eta deshidratazioak» jota zegoelako, Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez. Elkarte horrek du Aita Mari-ren ardura.
Erreskatatutakoak Boli Kostakoak, Burkina Fasokoak, Gambiakoak, Gineakoak, Kamerungoak eta Malikoak dira. Itsasontzian artatzen ari dira.
Egunotan, Aita Mari-k bi mezu jaso ditu itsasoko larrialdietarako SAR Navtex sistemaren bitartez: bata asteartean helarazi zieten, eta jakinarazi Malta inguruan jendea zegoela itsasoan; bestea, berriz, Erromatik bidali zieten, abisatzeko Tunisian itsasoratua zen arrantzontzi batek 50 migratzaile zeramatzala, eta ez zekitela ontzia non zegoen.
Bi eguneko bidaia Brindisiko portura
Euskal Herriko salbamendu itsasontziak migratzaile horiek bilatzeko eta jasotzeko operazioan parte hartu du. 56 lagun erreskatatu ditu gaur, 08:44an, Lampedusatik (Italia) hego ekialdera, 34 itsas miliara.
Italiako agintariek zehaztu diote Brindisiko portuan lehorreratu behar duela itsasoan jasotako jendea. Bi eguneko bidaia dute Brindisira. Itsas Salbamendu Humanitarioak beste behin salatu du Italiako agintariek erreskate lekuetatik urrun dauden portuetara joanarazten dituztela, «salbamenduak egiteko baliabide eta giza eskubideen urratzeen lekuko gutxiago izan daitezen Mediterraneoko eremu horretan».