Bere hamaseigarren misioa hasi eta Mediterraneo erdialdera bidean zela, Aita Mari erreskate ontziak lau ontzi lokalizatu zituen Mallorcatik (Herrialde Katalanak) gertu atzo arratsaldean. Itsas Salbamendu Humanitarioak jakinarazi duenez, bi ontzi hutsik zeuden, baina beste bietan guztira 45 lagun zihoazen; tartean, hamar haur.
Gobernuz kanpoko erakundearen esanetan, ura, barra energetikoak eta salbamendu jakak eman zizkieten ontzietan zihoazenei, eta haiekin izan dira harik eta Itsas Salbamendua eta Guardia Zibila iritsi eta erreskatatu dituzten arte. Ontzikoek Aljerian hasi zuten itsasbidea, eta Balearretatik gertu topatu dituzte.
Aita Mari Castellotik (Herrialde Katalanak) itsasoratu zen, eta Mediterraneo erdialdea du helmuga. Eremu hartan lan egin izan du ontziak, migratzaileak erreskatatzen, baina salatu dute horretarako baldintzak gero eta gogorragoak direla. Zehazki, Europako Batasuneko Migrazio eta Asilo Itunari egin diote erreferentzia. «Legedi horrek, konponbide duinak eskaini beharrean, instituzionalizatu egiten du migratzaileak berehala itzultzea, atxilotze sistematikoak egitea eta migratzaileen kontrola azpikontratatzea», adierazi du Itsas Salbamendu Humanitarioak, eta gehitu du horrek «sistematikoki» urratzen dituela giza eskubideak.