Itsas Salbamendu Humanitarioa elkartekoek jakinarazi dute Aita Mari itsasontziak astelehenean erreskatatu zituen 26 pertsonak Erromako Civitavecchia portura iritsi direla gaur, 15:00ak aldera. Haien arabera, «normaltasun osoan» iragan da lehorreratzea, eta 17:30 aldera bukatu dute. Italiako Poliziak kudeatu du operazioa, eta Gurutze Gorriak eman die arreta erreskatatutakoei.
Lehorreratze hori bi eguneko «nabigazio bortxatuaren» ondotik gertatu izana salatu du Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak: «Urruneko portuen izendapen sistematikoak berriro ere arriskuan jarri ditu bizirik atera diren pertsonak». Nahiz ohikoa izan ontzitik urrun dauden portuetara joan behar izatea, horien kexa adierazi zuten astelehenean jadanik, nora joan beharko zuten manatu zitzaielarik: «Portuak erreskate eremutik urruti egoteak salbamendurako baliabideak murriztea dakar Mediterraneoko eremu honetan, baita giza eskubideen urraketen lekukoak murriztea ere».Â
Astelehenean atzeman zituzten 26 migratzaileak, Mediterraneo itsasoan, Lampedusatik (Italia) 40 itsas miliara. Hamar heldu: zazpi gizon eta hiru emakume, haietako bat haurdun. Hamasei adingabe, haietatik bat urtebete baino gutxiagokoa. Etiopiakoak, Somaliakoak eta Sudangoak dira, informazioen arabera.