Hamalau egun bete ditu Aita Mari ontziak Mediterraneo erdialdean egiten ari den misioan. Itsas Salbamendu Humanitarioko (SMH) erakundeak salatu duenez, azken hiru egunetan, Libiako kostazainen presentziak eta haien «larderiak» nabarmen trabatu du monitorizazio lana eta larrialdietarako prestaketa. Zehazki, Malta eta Libia artean gertatu da hori, Hanburgoko hitzarmenak xedatutako bilaketa eta erreskate eremuan.
Erakundearen arabera, atzo Libiako kostazainen zenbait ontzik inguratu zuten Aita Mari. Gauean, ordu batzuk pasatuta, drone bat antzeman zuten ontzi gainean hegan. SMHren esanetan, azken egunotako gertakariek ontzi zibilen lana zaildu dute, eta «giza laguntzarekin bateraezina den larderia giroa» sortu.
Egoera ikusirik, misioan aurrera jarraitzeko erregaiaren bila abiatu da ontzia Sirakusara (Sizilia). Iragarri dutenez, geldialdiaren ondoren itsasontziak Mediterraneo erdialdera itzultzeko asmoa du: «Migrazio biderik hilgarrienetako bat monitorizatzen jarraitzeko eta arriskuan dagoen edozein ontzi laguntzeko prest egoteko».
SMHk gogorarazi du Libiako kostazainek urte luzez Europako Batasunaren finantzaketa, prestakuntza eta baliabide materialak jaso dituztela migrazio politikaren barruan. Erakundearen aburuz, «onartezina da Europako funtsekin sostengatutako baliabideek erakunde humanitarioen behaketa eta erreskate lana zailtzea eta giza eskubideen babes eraginkorra itsasotik urruntzen laguntzea».
Azkenik, Itsas Salbamendu Humanitarioak eskatu du nazioarteko zuzenbidea errespeta dadin, eta ontzi humanitarioen segurtasuna eta interferentziarik eza berma dadin. Izan ere, ohartarazi dute erreskate eta behaketa lanetan diharduten ontziekiko hertsapenak ahuldu egiten duela zaintza eta laguntza gaitasuna.
Presioa jasan arren, argi utzi dute Aita Mari-k nabigatzen jarraituko duela. Areago, haien arabera, egoerak agerian uzten du aurrerantzean ere «ontzi zibil independenteak ezinbestekoa izango» direla.