Kazetariak

Sara Plaza Casares eta Patricia Reguero Rios: «Aitaren indarkeria sexuala salatzen duten haurrak ez daude babestuta, sistema judizialak 'pater familias'-a babesten duelako»

Abusuak pairatutako umeek eta ama babesleek jasaten duten indarkeria instituzionala agerian utzi dute bi kazetariek liburu batean. Auzitegietan eta gizartean hala haurrei nola andreei buruz dauden estereotipoak eta mitoak desegitera deitu dute.

Sara Plaza eta Patricia Reguero, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sara Plaza eta Patricia Reguero, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko urriaren 25a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datu gutxi daude, baina kalkulatzen da hamar pertsonatik hiruk jasan dutela sexu-indarkeria molderen bat haurtzaroan. «Indarkeria asko dago, baina kasu baten berri izaten dugunean, arrotz egiten zaigu, pentsatzen dugu kasu bakana dela», adierazi du Patricia Reguero Riosek (Leganes, Espainia, 1980). Alboan du Sara Plaza Casares (Leganes, Espainia, 1982); El Salto agerkari digitaleko kazetariak dira biak, feminismoei buruzko atalaren koordinatzaileak; eta biek elkarrekin ondu dute Hija, yo sí te creo (Alaba, nik sinesten dizut) liburua, haurren aurkako sexu indarkeria eta hura salatzeagatik kriminalizatutako ama babesleak hizpide hartuta. Aitortu dute gaian sakondu ahala ikuspegia aldatu zaiela eurei ere: «Umeen eskubideak lehenetsiko dituen feminismo baten premia dugu, genero ikuspegia eta haurrena txertatzeko».

Nortzuk dira ama babesleak?

SARA PLAZA: Seme-alabei sinestea erabaki duten amak. Haurrek seinaleren bat ematen dutenean aitek edo beste norbaitek egindako sexu abusuen inguruan, ama babesleek erabakitzen dute entzutea, sinestea eta umeak babesteko neurrien alde borrokatzea. Eta sarri, instituzioei ere aurre egin behar diete; izan ere, erakunde publikoek, emakumeak eta umeak babestu ordez, kontrakoa egiten dute, eta amek indarkeria instituzional handia jasaten dute, haurren zaintza ere galtzeraino.

PATRICIA REGUERO: 2019an hasi ginen ama babesleen kontzeptua erabiltzen, Infancia Libre elkartearen auziaren harira. Andre haiek hala identifikatu zuten euren burua, mainstream hedabideek «ama bahitzaile» izendatu baitzituzten. Gaur egun, gero eta emakume gehiago biltzen dira etiketa horren pean: seme-alaben aurkako sexu indarkeria salatu duten amengan zentratu gara gu, baina kontzeptu berean sar daitezke haurren aurkako tratu txarrak salatu dituztenak, edo bortizkeria bikarioaren eta instituzionalaren aurkako neurriak eskatzen ari direnak.

Zer gertatu zen Infancia Libre elkartearen aurkako auzian?

PLAZA: 2019ko martxoan, ikerketa polizial baten barruan, lau ama atxilotu zituzten Madrilen, eta egotzi zieten talde kriminal bat sortzea euren seme-alaben aitak faltsuki salatzeko eta umeak bahituz aitengandik aldentzeko. Niri izenburu hau iritsi zitzaidan: «Poliziak Podemoseko aholkulari bat atxilotu du bere semea bahitzeagatik». Hedabide guztiek errepikatu zuten Poliziaren informazioa, baina inork ez zien emakumeei galdetu. Eta orduan, ume haietako baten eskolako irakasle batek idatzi zidan, esanez haiek beste bertsio bat zutela; alegia, aita ikerketapean zela.

«Infancia Libre elkartearen kasua berreskuratu behar genuke memoria historiko feminista egiteko, emakume talde bat kriminalizatu baitzuten elkarrekin antolatzeagatik»

PATRICIA REGUERO RIOS Kazetaria

REGUERO: Andre haien inguruan zalaparta mediatiko izugarria sortu zen. Izenburu hori argitaratu zenean, atxiloketak gertatu berri ziren, baina ez zegoen epairik, ez zegoen ia ikerketa judizialik ere, eta ez zen errespetatu haien errugabetasun presuntzioa. Alegia, Espainiako Poliziaren unitate batek agiri berean elkartu zituen ama batzuk, esanez abokatu eta psikologo berak zituztela, eta antolatuta zeudela salaketa faltsuak jartzeko. Kasua berreskuratu behar genuke memoria historiko feminista egiteko, emakume talde bat kriminalizatu baitzuten elkarrekin antolatzeagatik. Ama talde bat elkartu egin zen gertatzen ari zitzaienaz hitz egiteko, elkar laguntzen saiatzeko, sexu abusuak politizatzeko, eta halako izenburuen protagonista bihurtu ziren.

PLAZA: Izatez, atxilotu zituztenean, Infancia Libre elkartea deseginda zegoen. Fiskalak kasua artxibatu zuen 2020ko martxoan, ez zegoelako frogarik talde kriminal batez aritzeko. Baina ama bakoitzak prozesu judizial propioa zuen, seme-alaben aurkako bortxarekin lotuta, eta haietakoren bat zigortu eta kartzelatu zuten. Denborarekin, guk kasu gehiagoren berri jaso genuen; ez ziren soilik lau ama, baizik eta sistemaren egiturazko hutsegite bat: aitaren indarkeria sexuala salatzen duten haurrak ez daude babestuta, sistema judizialak gizartearen giltzarria babesten duelako, hau da, pater familias-a.

Ama horiek seme-alaben aurkako abusuak salatzen dituzte, baina auzitegiek amak eurak zigortzen dituzte. Zer gertatzen da prozesu horietan, auzia hainbeste korapilatzeko?

REGUERO: Emakume batek salaketa aurkezten duenean, prozesu bat hasten da zigor auzitegian, sexu indarkeriarekin lotuta. Aldi berean, gurasoen arteko harremana hausten da, eta familia epaitegian beste prozesu bat hasi, haurraren zaintzari lotuta. Lehen prozesuan, gehienetan ez da ia ikerketarik egiten, eta bigarrenean, aldiz, autoak, txostenak eta helegiteak pilatuz joaten dira; eta epaileek batez ere erakunde publikoetako adingabeentzako zerbitzuen txostenak hartzen dituzte kontuan, nahiz eta bertako langile gehienak espezializatu gabeak diren, eta gurasoen alienazio sindromea edo antzeko kontzeptuak erabiltzen dituzten. Beraz, sexu abusuei buruzko salaketa artxibatu egiten da, eta emakumea susmagarri bihurtu zaintzari lotutako auzian.

«Ez feminismotik, ez gizartetik, ez instituzioetatik ez diogu begiratu umeen subjektu izaerari. Egiaz, arazoa ez da haurrei ez dietela sinesten, baizik eta ez dietela entzuten»

SARA PLAZA CASARES Kazetaria

PLAZA: Kontuan izan behar da nola gertatzen den haurren aurkako sexu indarkeria: etxe baten intimitatean, lekukorik gabe, konplizitate jolas modura mozorrotuta; eta umeek sarri ezin dute hitzez adierazi zer gertatu zaien. Oso zaila da aita bat kondenatzea, ikusita sistema nola planteatuta dagoen egun. Hortaz, auzien %60-70 inguru froga faltagatik artxibatzen dira, baina aitek artxibatze horiez baliatzen dira familia auzitegietan esateko emakumeek salaketa faltsu bat jarri dietela. Eta andreen inguruko susmoak zabaltzen dira epaitegietako talde psikosozialetan. Hortik aurrera, aitak neurri gehiago lortuz joaten dira zaintza erregimenean; eta amek erabakitzen dute sistemari desobeditzea eta haurrak babestea, ebazpenak ez betez eta, adibidez, umeak aitarengana ez eramanez. Hori guztia haien kontrakoa bihurtzen da, gizonek salaketa gehiago jartzen baitizkiete, eta azkenean emakumeei adingabeak bahitzea leporatzen baitiete zigor epaitegian.

Emakumeentzako tranpa bat da, beraz.

REGUERO: Askotan, amak argudiatzen du familia auzitegiaren neurri bat ez duela bete abusuei buruzko prozesua martxan duelako, baina epaileek ez diote egoera osoari begiratzen. Oro har, amari gehiago begiratzen zaio umeari baino, eta are, erasotzaileari baino; txostenetan jasotzen da ea andrea urduri dagoen, tratamendu psikologikoan dagoen... Eta emakumeak egiten duen guztia haren aurka erabil daiteke, sistemaren bertsioa egiaztatzeko.

Reguero eta Plaza, elkarrizketan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Reguero eta Plaza, elkarrizketan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Alaba, nik sinesten dizut izenburua jarri diozue liburuari. Ahizpa, nik sinesten dizut lelo feministaren jarraipen bat da?

REGUERO: Ahizpa hori zabaltzeko dei bat da. Alaba femeninoan jarri dugu, baina inklusiboa da: sexu indarkeria pairatzen duten haurren artean neska gehiago daude, baina mutilak ere asko dira, helduaroan ez bezala. Edonola ere, lelo hori instituzioetara eta auzitegietara eramanda, eskaera bat da: sexu abusu batzuen berri izanez gero, iker dezatela, frogak bilatu ditzatela, amak dakartzan agiriei errepara diezaietela, eta ez dezatela ama susmagarritzat hartu.

PLAZA: Ez feminismotik, ez gizartetik, ez instituzioetatik ez diogu oraindik begiratu umeen hitzari eta subjektu izaerari. Egiaz, arazoa ez da haurrei ez dietela sinesten, baizik eta ez dietela entzuten. Egun justiziaren eremuan umeei entzuteko dauden mekanismoek ez dute horretarako balio: umea asmakizun bat kontatzen ari dela eta amak horretara bultzatu duela egiaztatzera, horretara bideratuta dago sistema. Izan ere, gizartean oso barneratuta dago haurrek gezurrak esaten dituztela eta amek manipulatzen dutela. Baina umeekin harremana duen edonor ohartuko da haurrek erabaki propioak hartzen dituztela; eta gainera, ez dutela filtrorik, ikusten duten hori kontatzen dutela. Beraz, zergatik ez zaie sinesten?

Zer gertatzen da haurrekin epaitegietan?

PLAZA: Liburuan pasarte bat ageri da, muturreko indarkeriazkoa. Neskato bati azterketa psikosoziala egin nahi diote gizarte langile batek eta psikologo batek, Gesell ganbera batean, haren aita ispiluaren atzean dagoela. Eskatu diote kontatzeko zer egiten dion aitak, baina umeak esan du ez duela hitz egin nahi, eta orri batzuk hartu ditu, marraztu egin nahi duelako; psikologoak esan dio ezetz, ez duela balio marrazteak, hitz egin behar duela, eta neskatoak berriro adierazi du marraztu egin nahi duela. Azkenean, ez diote utzi marrazten, eta umeak den-dena kontatu behar izan du.

Baina, legearen arabera, haurraren heldutasunera egokitutako tresnak erabili behar dituzte.

REGUERO: Bai, hizkuntza eta teknika; tresna asko daude haurrekin aritzeko eta haien testigantzak egiazkoak direla ziurtatzeko. Arazoa da umeek giro erabat aurkakoan hitz egin behar izaten dutela, eta eragile judizialek espero dutela testigantza zehatz bat ematea, helduak balira bezala hitz egitea. Eta, beraz, berriro tranpa: azalpenetan xehetasunik ez badago, testigantza lausoa da; baina xehetasunak eman baditu, informazio gehiegi dago egia izateko.

«Agerikoa denez, haur batek epaitegi batean sexu abusu batzuk kontatzen dituenean, sistemak babestu egin behar luke, ikerketak irauten duen bitartean behintzat»

SARA PLAZA CASARES Kazetaria

PLAZA: Ez dute haurren ikuspegia aplikatzen, eta umeak etengabe birbiktimizatzen dituzte. Eta gainera, ez dituzte babesten. Aipatu dudan pasartean, neskatoa, dena kontatu ondoren, aitari eskutik helduta atera zen epaitegitik; ez zen inolako babes neurririk aktibatu. Agerikoa denez, haur batek epaitegi batean sexu abusu batzuk kontatzen dituenean, sistemak babestu egin behar luke, ikerketak irauten duen bitartean behintzat. Zeren neskato hura ubelduekin agertu baitzen amak jaso zuen hurrengoan: aitak jipoitu egin zuen epaitegian hitz egiteagatik.

Aurrez emandako froga ondo funtzionatzen ari da?

PLAZA: Aurrez emandako froga aurrerapauso bat izan da: umeek behin bakarrik deklaratu behar dute eragile guztien aurrean, eta deklarazio hori erabiltzen da prozesu osoan. Baina ez da leku guztietan erabiltzen, Save the Childrenen azken txostenaren arabera: batez beste lau aldiz deklaratzen dute umeek. Epaitegi asko oraindik egokitu gabe daude: ezin da frogarik grabatu, ez baitaukate kamerarik.

Espainiako Kongresua deseginda, ezingo dira onartu adingabeak babesteko LOPIVI legearen erreforma eta indarkeria bikarioaren aurkako legea, baina bide onean zihoazela uste duzue?

PLAZA: Guk badugu gatazka bat indarkeria bikarioaren kontzeptuarekin: esaten dugunean amari min ematea duela helburu, nolabait onartzen ari gara haurra tresna bat dela, albo kalte baten antzekoa. Baina gizon batek bere haurra hiltzen badu, ume hori da biktima nagusia. Alde horretatik, indarkeria bikarioaren terminoa nahasgarria izan daiteke, fokua desbidera dezake: ezin da gertatu emakumeak babestea eta adingabeak ez; ikuspegi horren ondorioz ari baitira bide ematen aita erasotzaileek haurrekin harremana mantentzeari.

«Adingabeen eremuan mito asko desegin behar dira oraindik: errealitate gisa onartu, larritasuna aitortu, erantzuleak bilatu»

PATRICIA REGUERO RIOS Kazetaria

REGUERO: Egia da indarkeria bikarioaren kontzeptuak balio izan duela ama pila bat elkartzeko eta indarkeria molde bat ikusgai jartzeko. Baina gogora ekartzekoa da genero indarkeria pairatzen duten andreen seme-alabak bortizkeria horren biktimak direla legez 2015etik, zuzeneko erasorik jasan beharrik gabe.

PLAZA: Genero indarkeriaren aurkako legean jasota dago, adibidez, susmopean diren aitei zaintza kentzeko eginbeharra. Baina ez da betetzen. Lege onak nekez aplika daitezke ondo epaileak kontserbadurismoan ainguratuta badaude, eta gizarte zerbitzuek ere ez badituzte legeen irizpideak betetzen. Bide luzea geratzen da egiteko, instituzioetatik kanpo, gizartean ere, estereotipo batzuk desegiteko.

REGUERO: Emakumeen aurkako indarkeriaren alorrean egin dugun bezala, adingabeen eremuan ere mito asko desegin behar dira: errealitate gisa onartu, larritasuna aitortu, erantzuleak bilatu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA