Aitor Estebanek ziurtatu du konstituzioaren «galbahea» pasatuko lukeela erabakitzeko eskubideaz adostutakoak

Anduezak atzo ohartarazi zuen «seriotasuna» behar dela estatus berriaren negoziazioan, eta «pazientzia bukatu» egiten dela, baina EAJko presidenteak esan du «ohituta» daudela PSE-EEko idazkari nagusiaren «moduekin».

Aitor Estebanek EAJko Eusko Legebiltzarreko taldearekin bilera egin du gaur. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Aitor Estebanek EAJko Eusko Legebiltzarreko taldearekin bilera egin du gaur. ENDIKA PORTILLO / FOKU
xabier martin
2026ko irailaren 16a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken egunotan, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PSOEren artean adostasun batzuk lortu izanaren inguruko albisteak iritsi dira, estatus berriaren inguruan egiten ari diren negoziazioari dagokionez; besteak beste, «erabakitzeko eskubide gradualaren» inguruan. Gaiari erreparatu diote hala EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik nola EBBko presidente Aitor Estebanek.

Eta, gaur bertan, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Estebanek erantsi du erabakitzeko eskubide gradualari buruz adostutakoak Espainiako Konstituzioaren «galbahea» pasatzen duela, eta Espainiako Gobernuaren «oniritzia» lukeela, horretarako ere jarduten direlako. «Bagoaz aurrera; gauzak aurreratu ditugu». Baina ez ditu xehetasunik eman negoziatzaileen artean adosturik legokeen eduki horri buruz. «Badut gogoa jakinarazteko zer dagoen adostua, baina ez dut inoiz ere edukiaz hitz egiten; eta bakarra naizela uste dut».

Azken adierazpen horrek are deserosoago jar dezake PSE-EEko buru Eneko Andueza; izan ere, Andueza oso kritiko azaldu zen atzo, EAJren eta EH Bilduren arteko «haurren jolasa» deitu zuen egoerarekin. Ohartarazi zuen «seriotasuna» behar dela Gernikako Estatutua gaindituko lukeen oinarri berriaren negoziazioan, eta «pazientzia bukatu» egiten dela halako batean. Bereziki gogor jardun zuen EAJren aurka, ziurtatu baitzuen Eusko Jaurlaritzako sailburu jeltzaleek «autokritika gehiago» egin behar dutela, eta, kudeaketa hobea behar duten alorrak aipatzen hasita, «hezkuntza, osasuna eta segurtasuna» zerrendatu zituen.

Bada, EBBko presidente Estebanek garrantzia kendu die gaur adierazpen horiei, eta PSE-EE hauteskundeen «kanpainaurrean buru-belarri» sartuta dagoela ziurtatu du. Estebanek esan du Anduezak izango dituela akaso «hauteskundeak gertu daudelako albisteak», eta EAJ «sendo» ikusiko duela. «Horretan zuzen dabil», gehitu du. Edonola ere, beste askotan egin duen moduan, Estebanek garrantzia kendu die Anduezaren esanei: «Ohituta gaude haren egiteko moduekin».

Autokritika eskea, aurpegira

Estebanek ez du gustuko izan Jaurlaritzan bazkide duen alderdiaren buruak jomugan jarri izana sailburu jeltzaleak. «Ondo dago autokritika eskatzea, baina zergatik ez zion hori bera aurpegira esan lehendakariari aurrekoan batzartu zirenean?». EBBko buruak gogoratu du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak alderdiekin egin berri duen bilera sortaren barruan Andueza «suabe-suabe» atera zela bien arteko enkontrutik, «giro onean».

Zer gertatu da orduan egun gutxian berriro ere Jaurlaritzako bazkideak elkarri mokoka hasteko? Estebanen iritziz, hauteskundeak gertu daudelako piztu da EAJren eta PSE-EEren arteko enegarren ika-mika: «Uste dut badakitela hauteskundeak gertu daudela, eta sendo ikusten gaituzte; eta horretan zuzen daude. Beraz, bozen kanpainaurrearen giroa aurreratu egin da, eta horretan buru-belarri sartu dira».

Bihar politika orokorreko osoko bilkura izango da Eusko Legebiltzarrean, eta litekeena da talde politiko batzuek berriro ere estatus berriaren edukiari heltzea. Ikusteko dago, Jaurlaritzako kide gisa, PSE-EEren ganberako eledunak zer neurritan jokatuko duen gobernuaren jardunaren alde eginez eta zer neurritan joko duen bazkide jeltzaleak kritikatzera.

Hain zuzen, EAJko buru Estebanek bilera izan du gaur Eusko Legebiltzarreko talde jeltzalearekin, konpromisoa hartu baitzuen «Eusko Jaurlaritzaren, Euzkadi Buru Batzarraren eta legebiltzarreko taldearen artean modu kohesionatuan» lan egiteko. Datozen hilabeteetarako jeltzaleek agendan dituzten «erronka eta lehentasun nagusiak» jorratu dituzte.

Burujabetza osoa

Bien bitartean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Euskal Herriaren «burujabetza osoaren» aldeko mozio bat onartu dute gaur, EH Bilduk eta EAJk bat egin baitute foru ganberan, eta gehiengo handi bat elkartu idatziaren alde. Onartutako mozioak, halaber, euskal herritarrek euren «etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea» jasotzen du. Mozio horrek oinarri hartzen ditu foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Euskal Herriko Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena.

Gipuzkoako Foru Aldundia osatzen duten bazkideek boto desberdina eman dute. Izan ere, PSE-EEk ezezkoa eman dio Euskal Herriaren subiranotasunaren aldeko mozioari. PPk ere horrela egin du; eta Elkarrrekin Ahal dugu-k abstentziora jo du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA