Aitor Garmendiak Ceutako migrazio krisiaz BERRIArako egindako kazetaritza lanak, Rikardo Arregi sarien hautagaien artean

Lan horretaz gain, menopausiari, euskararen kontrako oldarraldiari eta Lourdes Iriondori buruzko lanak daude kazetaritza sarien finalisten artean. Azaroaren 20an banatuko dituzte sariak.

Aitor Garmendia Etxeberria, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
2026ko azaroaren 4a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Andoaingo Udalak jakinarazi berri ditu aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko finalistak. Kazetaritza sari bat eta komunikazioko beste bat banatuko dituzte, eta kazetaritza sariaren finalistetako bat da Aitor Garmendia BERRIAko kazetaria, abuztuan Ceutan (Espainia) egin zuen lanagatik. Migrazio krisi handia izan da Afrika iparraldeko hiri hartan, milaka migratzaile aldi berean pasatu baitziren Marokotik Espainiara, eta epaimahaiak saria irabazteko hautagai izendatu du «errealitate konplexu bati begirada zabal eta beharrezkoa» eskaintzeagatik. Azaroaren 20an banatuko dituzte sariak, Andoainen (Gipuzkoa), eta orduan jakingo da nor diren irabazleak.

Garmendiarekin batera, beste hiru kazetaritza lan daude saria irabazteko hautagaien artean. Izaro Garciak eta Ander Zarragak egindako lana da horietako bat: Hiruka-n argitaratu zuten menopausiari buruzko lan sakon bat, eta tokiko kazetaritzatik halako gai konplexu eta ezezagun bat lantzea baloratu dute hura izendatuta. Zigor Olabarria Oleagak Argia aldizkarian egindako ikerketa sakona da beste bat; izan ere, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan lanpostu publiko batzuen euskara eskakizunen aurkako oldarraldi judizialaren atzean zer dagoen argitaratu zuen duela hilabete batzuk, Errenteriako Udaleko (Gipuzkoa) kasu bat sakonki aztertuz.

Azkenik, Inge Mendiorozek zuzendutako Lourdes Iriondo, ez gara alferrik pasako dokumentala da kazetaritzako Rikardo Arregi saria irabazteko laugarren hautagaia. Gidoia Idoia Garzesena da, eta epaimahaikideek azaldu dute dokumentalaren atzean «ikerketa zorrotza eta memoria historikoaren berreskurapena» daudela, besteak beste.

Latxa eta 'Ni.eus'

Komunikazio sariko hautagaiak ere lau dira. Horien artean, bi tresna berri daude: Ni.eus euskarazko hodeia eta posta, eta Latxa euskarazko txatbota. Laburbilduz, uste dute bi tresna berri horiek ekarpen handia egiten dutela digitalizazioa euskalduntzeko, gaur egun ezinbesteko tresnak bihurtu diren horiek euskaraz eskaintzen dituztelako.

Bestalde, Euskal Irratiak sareak duen Argiz(H)ari podcasta da beste hautagaietako bat. Pantxix Bidart Plak eta Marie Irigoienek zuzentzen dute podcasta, eta Euskal Herriko soinu memoria berreskuratzea eta ezagutaraztea da helburua. Azkenik, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak egindako Euskal Herriko historia 100 objektutan proiektua da beste hautagaia. BERRIAk ere hartu du parte proiektu horretan, astero podcast bat argitaratu baitute batera.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA