Txaleko horiak jantzi dituzte. Batzuk neska migranteen datuak hartzen ari dira; beste batzuk, berriz, nondik joan behar duten esaten. Ceutako Principe auzoko biztanleak dira. Antolakuntza jartzen du txalekoen atzealdean. Ez da lan erraza ia laurehun neskato kanpaleku inprobisatu batetik beste batera eramatea. Principetik igaro ziren uztaileko azken bi egunetan Marokoren eta Espainiaren arteko muga zeharkatu zuten migrante gehienak, eta asko han daude oraindik ere. Txalekoa soinean dutenetako bat da Ahmed Enfed-Dal, Principe Alfonso auzuneko bizilagunen elkarteko presidentea: «Administraziori abisatu genion, baina esan ziguten ezin zutela ezer egin». Eta herritarrak antolatu egin dira. Periferia ari da Ceutako egoerari eusten. Baina nekatuta daude.
Ikusi gehiago
«Jende oldea sartu zen ostegun hartan, Ceutara iritsi ziren migranteen %80 Principetik igaro ziren». Tarajaldik, hau da, Marokoren eta Espainiaren arteko mugatik hurbilen dagoen auzunea da Principe —bitan banatuta dago: Principe Felipe behean, eta Principe Alfonso goian—. Itsasertzetik aldendu, eta auzune horretako kale estuetan barneratu ziren migrante gehienak. «Hondarra zuten oinetan, zauriak zituzten… Bizilagunen elkartetik mahuka bat atera genuen oinak eta eskuak urarekin garbitu zitzaten. Zauriak garbitzen ere aritu ginen, Betadinerekin-eta». Lehen egunetan erdiguneraino iritsi ziren migranteak, baina poliziek eta militarrek segituan kanporatu zituzten.
Ordutik, erdigunean dozenaka migratzaile badabiltza ere, gehien-gehienak periferian daude: El Trampolin hondartzan, inguruko mendietan, eta hiri autonomoaren kanpoaldeko beste auzoetan. Principe auzuneak badu sona. Espainiako auzorik arriskutsuenetako bat dela zabaldu da. «Ez dago horrenbeste kontrol polizial, hori egia da», aitortu du presidenteak. Eta «gaizkile» batzuk horretaz aprobetxatzen direla ere bai. Baina auzoa ez dauka arriskutsutzat: «Mafiosoak txaletetan bizi dira, ez hemen». Gertatzen dena da administrazioek albo batera utzia dutela: «Eskola porrotean lehen postuetan gaude, langabezia tasetan ere bai...». Baina lehenak izan dira muga zeharkatu duten migratzaileei laguntza ematen ere.
«Albistegietan entzun dut migranteak etxeetan ezkutatuta daudela Principen. Ezkutatuta lapurrak egoten dira; migratzaileak babesean daude»
AHMED ENFED-DALPricipe Alfonso auzuneko presidentea
«Herriak salbatzen du herria». Motorraren gainetik jaitsi gabe hasi da hizketan Kerim. Principeko auzotarra da, eta, haren ustez, Ceutako Gobernua da egungo krisi humanitarioaren «errudun nagusia». Gogora ekarri du adingabeen eskumena hiri autonomoko administrazioak duela, baina, benetan, herritarrek babestu dituztela haurrak eta nerabeak.
«Baina herria nekatu da. Hau periferiako auzune apal bat da. Erabat baztertuta gaude, poliziarik ez da etortzen, tokiko hedabideetan ez gara agertzen...». Bitartean, Ceutako agintariek «miseriarekin negozioa» egiten dute, salatu duenez. «Miseriak miseria handiagoa baino ez dakar. Eta ezin da onartu miseriarekin negozioa egitea. Eta hemen azken urteetan asko egin da». Gainera, ohartarazi du balitekeela oraingo egoerak bestelako negozioak ere hauspotzea: «Arriskua dago egoera honek gizakien salerosketa sareak eta prostituzioa bultzatzeko». Principeko bizilagunek eragotzi egin nahi dute horrelakoak gertatzea.

Burkoak eta kuxinak daramatzatze eskuetan; batzuek panpinak ere bai. Poltsetan eta motxiletan sartu dituzte beren gauza guztiak. Neskatoetako batek motxila morea darama; Ceuta sexu erasorik gabeko aisialdi baten alde dauka idatzita. Neska migrante adingabeentzako gune bat antolatu dute Principe Alfonsoko herritarrek.
«[Uztailaren 30eko zeharkaldian] Horrenbeste gizonen artean, neskato bat ikusi genuen», hasi da azaltzen auzuneko presidentea. «13 edo 14 urte edukiko zituen, eta gizon batzuekin zihoan. Eta, orduan, zera esan nion: 'Etorri hona! Nora zoaz?'. Eta hark erantzun: 'Esan didate harantz joan behar dudala'. Guregana etortzeko esan nion, eta elkartera eraman genuen. Gero beste batzuk agertu ziren, mendira zihoazela, mutilekin batera. Gero eta gehiago ziren, eta ez genuen toki askorik. Orduan, bizilagunen elkarteak bultzatuta eta herritar batzuen laguntzarekin, hemen jarri genituen, babesean».
Reina Sofia ikastetxearen goialdean daude laurehun neskato inguru, kirol pista batean. Bizilagun batzuk kexatu egin dira, neskatoak etxe alboan dituztela eta. Horregatik, beste gune batera mugitu behar dituzte, 200 metro beherago. Abagune hori baliatu dute gazteak erregistratzeko. Sei ilaratan antolatu dituzte. Espainiako Poliziako agente batzuk daude erdian; mahai desmuntagarri banatan, Gurutze Gorriko hiru boluntario eta hiru auzotar txaleko horia jantzita, batzuk albo batean eta besteak bestean.
«Herritarrek ezingo dute laguntza ematen jarraitu, ezin dute. Pobreziaren atalasearen azpitik bizi dira gehienak»
KERIMPrincipe auzuneko herritarra
Principen badago neskatoentzako beste kanpaleku bat ere, beheko auzoan, Principe Felipen. Han, eskola bateko jolastokian daude, esparru itxi batean. Tarajaldik gertu dago gune hori, eta mutil migrante asko ibiltzen dira inguru hartan. Eskolako atea tarte batez ireki, eta inguruan zeuden hainbat nerabe atearen parera joan dira; keinuak egin dizkiete neskei: muxuak eta bihotzak. Barrutik ere erantzun diete. Ateak berriro itxi dira segituan.
Herritarren eta gobernuz kanpoko erakundeen artean antolatu dituzte horrelako gune seguruak. Sidi Embarek auzunean ere badago bat, eta, hartan, adin nagusiko emakumeak hartzen dituzte. Baina hango biztanleak gaindituta daude; kanpalekuan jada ez dago lekurik, eta herritarrak ahituta daude. Abdellah Mustafa Sidi Embarekeko presidenteak agerraldi bat egin zuen atzo, eta salatu auzuneetako biztanleak ezin direla «zerbitzu publikoen ordezko» bilakatu. «Benetan planteatzen ari gara kanpalekua desegitea, eta problematika hau hiriaren erdigunera eramatea. Han ere ikus dadin zer bizitzen ari garen».
Erregistroa, beren kabuz
Behin-behineko bizitokiak ez ezik, bestelako laguntza ere eman diete periferiako biztanleek migranteei. Batzuek jaten ematen diete, telefonoak kargatzen utzi, eta etxeko ateak ere ireki dizkiete. «Albistegietan entzun dut migranteak etxeetan ezkutatuta daudela Principen. Ezkutatuta lapurrak egoten dira; migratzaileak babesean daude. Hitzek badute garrantzia», argitu du Enfed-Dalek.
Administrazioak baino lehenago hasi ziren Principeko herritarrak migratzaile adingabeak erregistratzen, abuztuko lehen egunetan: «Kalean zeuden haurrak etortzen ziren beren datuak ematera. Batzuek gezurra esango ziguten, eta ez dira adingabeak izango. Baina hori ez da gure arazoa: gu ez gara Polizia. Batzuek Marokoko agiriak erakutsi zizkiguten».
Kerimek salatu du herritarrak ari direla administrazioak egin beharreko lana egiten: «Hau arazo handi baten hasiera baino ez da. Ez da astebetean konponduko. Eta herritarrek ezingo dute laguntza ematen jarraitu, ezin dute. Pobreziaren atalasearen azpitik bizi dira gehienak. Dirua dutenek, berriz, penintsulara egin dute ihes». Esan du «egiazko ceutarrek» defendatzen dutela Ceuta; funtzionarioek eta goi kargudunek, ostera, alde egingo luketela Ceutan lana egiteagatik dituzten laguntzak bertan behera utziz gero. «Hemen mairu ceutarrak baino ez gara geldituko». Periferiakoak. Haiek eragozten dute Ceutako krisi humanitarioa are eta larriagoa izatea.