«Euskaldunak maiz bizi ditu ezintasun eta inpotentzia egoerak bere hizkuntzan ezin duelako jarraitu. Ezintasun horiei bide eman eta hizkuntza eskubideak berma daitezen lan egiteko Euskalgintzaren Kontseiluak Hizkuntz Eskubideen Behatokia sortu zuen duela 25 urte. Lan horretan ari da gaur egun ere, beharrak bere horretan jarraitzen duelako». Elkar saria banatu dute gaur arratsaldean Andoainen, Martin Ugalde kultur parkean, eta halaxe gogora ekarri dute Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egiten duen ekarpena zergatik den garrantzitsua. Horiek horrela, «aitortza» gisara, saria eman diote. Behatokiaren izenean, Agurne Gaubekak eta Garbiñe Petriatik jaso dute.
Hizkuntza eskubideen gaineko kontzientziazioa ez ezik, hizkuntza eskubideen urraketen berri emateko bidea ere bada Behatokia; Euskararen Telefonoaren bidez urraketen berri emateko modua izaten dute herritarrek, eta Behatokiak txostenak egiten ditu gero urtero jasotako guztiaren berri emateko. 25. urtemugaren harira, kezka berritu egin dute aurten, atzera begira ikusi baitute aparteko hobekuntzarik ez dela egin bidean. Kontrara, oldartzen ere ari dira euskararen aurkako hainbat mezu.
Gaubekak biziki eskertu du saria. 25 urte hauetan Behatokian jardun duten guztiak goraipatzeko eguna dela esan du. Datu bat eman du: urteotan denera 27.000 intzidentzia kudeatu dituzte. Hizkuntza eskubideen urraketak izan dira gehienak. Horiek horrela, herritarrek horiek salatzen jarraitzea beharrezkoa dela gogoratu du. Deia egin die agintariei ere: eskatu die «hizkuntza politika eraldatzaileak eta bermatzaileak» egiteko.
Elkar fundazioko patronatuko lehendakari Joanmari Larrartek Carlos Garaikoetxea lehendakaria gogoan izan du bere mintzaldian, eta euskararen biziberritzerako haren agintepean egin ziren hainbat aurrerabide ekarri ditu gogora. Egun ere «euskaltzaleen kontzientzia hartzea eta aktibatzea» lehentasun gisa hartzeko erronkak direla esan du, eta, bide horretan, ekainaren 13an Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean egingo duen Euskaltzaleen Martxarako deia egin du.
Proposamen «ausarta»
Joseba Jaka sormen beka ere eman dute: Super Mario hil behar dut proiektuarentzat da. Xabier Etxeberriak, Maria Reyesek eta Javier Andradak landutako egitasmoa da. Epaimahaiak lana hautatzeko emandako motiboak zein izan diren ekarri dute gogora. Proposamen «ausarta» dela nabarmendu dute, eta gaurkoa: lehen lerroan jarri dituen gaien artean genero berdintasuna eta homofobia daude. «Gai serioak, baita tragikoak ere, umorez zipriztinduta, eramangarriagoak eman dezakete: garrantzia kendu gabe, gure gizartearen ispilu bihurtzen dira, istorio honetan bezalaxe».
Xabier Etxeberriak hartu du hitza ekitaldian, esker onez. Sormen lanaren abiaburua gogora ekarri du, eta zer bide egin duen ordutik, nola antzaldatu den. «Nik neuk beti sinetsi izan dut istorio honen indarrean, nahiz eta erditzea luzea izaten ari den. Gazteentzako eleberri bezala idatzi nuen hasieran, eleberri grafikora aldatzea proposatu zidaten agentzian gero, eta halaxe egin nuen. Bakarkako lana izateari utzi eta talde lana bihurtu zen orduan, komiki gehienak diren bezala».