Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria

Agurne Gaubeka: «Hizkuntza eskubideak bermatzeari begirako neurriak, dekretuak eta araudiak ez dira garatu»

Hizkuntz Eskubideen Behatokia 25 urte betetzear da. Urtemugaren harira, bilakaera historikoa izan du hizpide Gaubeka zuzendariak.

ENDIKA PORTILLO / FOKU
ENDIKA PORTILLO / FOKU
arantxa iraola
2026ko apirilaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten 25 urte beteko ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Hizkuntza eskubideak bermatzea du helburu behinena, eta eginkizun nagusietakoa, berriz, euskarazko arta jasotzen ahalegintzen diren herritarrek pairatutako hizkuntza eskubideen urraketen berri ematea: Euskararen Telefonoa erabiltzen du horretarako, eta urtero plazaratzen ditu haren bidez bildutako intzidentziak —tartean izaten dira euskarazko arta goraipatzeko esker oneko mezuak ere, nahiz eta aski bakan—. Martxoaren 24an aurkeztu zuten azken txostena, Gasteizen. Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak (Bermeo, Bizkaia, 1984) tarte bat hartu zuen han, azaltzeko zer ondorio atera daitezkeen 25 urteotako historiari begira. Adierazi zuen iraganeko txostenak oraingoekin alderatuta ikusten den erretratua ez dela ona: hizkuntza eskubideen aitortzan ez da «aurrerapausorik» oraindik, eta batzuetan, are, «atzerapausoak» ere badaude. 

25 urte. Behatokia martxan jarri zenean baino hobea al da egoera orain?

Alde historikora joanda, oso deigarria da ikustea duela hamabost-hogei urteko txostenetan badaudela kasu batzuk berdin-berdinak. Nola ez, gizartea aldatu da, baliabideak aldatu dira, administrazioa eta enpresak ere bai, baina oso antzeko egoerak ikusten dira. Batez ere, ezintasunak eta oztopoak erreproduzitzen dira behin eta berriro. 

«Askotan ikusten dugu urraketei ematen zaien erantzunetan inork ez duela ardurarik hartzen»

Administrazio publikoek aparteko ardura dute arlo horretan. Urraketen berri izatean emandako erantzuna aldatu al da urteotan?

Esango nuke ezetz. Sistema batzuetan, nolabaiteko neurriak hartu dira euskara plan batzuen bidez, eta herritarrei adierazi zaie euskara erabil dezaketela. Baina, gero, askotan ikusten dugu urraketei ematen zaien erantzunetan inork ez duela ardurarik hartzen. Badirudi badaudela muga batzuk hor: «Ezin dugu ezer egin». Azken urteotan errepikatu izan den erantzun bat da hori; badirudi, gainera, barkamena eskatzearekin nahikoa dutela. Erantzuten dutenek, noski. Beste batzuei iruditzen zaie badirela bestelako larritasuna duten gai batzuk, eta bigarren mailako lehentasuntzat hartzen dute. 

Administrazio publikoa hizpide hartuta, lehen mailako gaia dira hizkuntza eskakizunak. Horien kontrako oldarraldi judizial betean, maiz adierazten da eskakizunak gehiegizkoak direla egun. Behatokiaren txostenak irakurrita, ordea, justu kontrakoa ikusten da, ezta?

Hizkuntza eskakizunak gehiegizkoak iruditzen zaizkie merkatu parametroetan begiratzen dietelako: eskaria eta eskaintza kontuan hartuta. Eta 80ko hamarraldiko araudiaren interpretazio murriztaileetan oinarritzen direlako ere bai. 25 urteotan, baina, behin eta berriro ikusi dugu euskararen ezagutza ez izateak nola baldintzatzen duen herritarra. Batetik, herritarrak esaten du aurreko batean euskara erabili zuela, eta ikusi zuela aurrean zuenak ez zekiela; eta, beraz, zuzenean gaztelaniara edo frantsesera jotzen du. Beste askotan, herritarra beldur da: euskaraz egiten badu denbora gehiago itxaron beharko duelako, albo kalteren bat jasan beharko duelako... Hor, adibiderako, badaude segurtasun zerbitzuekin urtero, behin eta berriro, gertatzen diren egoera oso larriak. Horrek guztiak herritarren erabilera mugatzen eta baldintzatzen du, eta ohiturak markatu ere bai, nolabait. Administrazio publikoak zeresan eta zeregin handia du horretan.

«Hizkuntza eskakizunak gehiegizkoak iruditzen zaizkie merkatu parametroetan begiratzen dietelako»

Kontzientzia pizteko zeregina ere badu, ezta? Ez al du hizkuntza eskubideen gainean kontzientziatzeko lana egin behar, administrazio publikoko langileen artean eta gizartean oro har?

Zer kontzientziazio egingo duzu herritarrei eskubidea dutela esan baina gero bermerik ematen ez baduzu? Guk urteotan ikusi dugu kontzientziazioa bera hankamotz geratzen dela lege betebeharrik ez badago. Lege betebeharra zenbat eta zorrotzagoa izan, horrek eragina du, bai eremu publikoan, eta baita enpresen munduan ere. Enpresa askok euskara ez dute kontuan hartu ere egiten; gainera, batzuek aipatzen dizute bezero gutxi garela, ez garela errentagarriak. Enpresa horiek jarduna euskaraz ere egiteko modu bakarra lege betebeharrak ezartzea da.

Esan duzu txostenetan jasotakoak gutxi aldatu direla 25 urteotan. Euskararen aldeko lege babesari begira, aldeak handiak dira?

Oinarriak berak dira. Adibidez, Hegoaldean 82ko eta 86ko legeez ari gara; gero, horiek garatzen dituzten dekretuak-eta egin dira, baina eremu soziolinguistikoak eta hiztun kopuruak hartu dira kontuan beti, unean unekoak, eta hizkuntza eskubideak bermatzeari begirako neurriak, dekretuak eta araudiak ez dira garatu. 

Euskara inoiz gaztelaniaren pare jarri ez duen legeria baten ondorioa da egungo egoera?

Euskara erabili nahi duen herritarra ez du gaztelania erabili nahi duenaren pare jarri. Azkenean, gaztelaniaz eta frantsesez dena momentuan egin daiteke; euskaraz, ez. 

25 urteotan araudi jakin batzuk izan dira eremu sozioekonomikora begira. Ez dute emaitzarik ekarri?

Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ez da araudirik egon. Nafarroak, adibidez, badu erabiltzaileen eta kontsumitzaileen legea, eta inongo aipamenik ez zaie egiten hizkuntza eskubideei, ezta euskara ofiziala den eremuan ere. EAEn kuriosoa izan zen kontua, 2023an ateratako araudia aurrekoa baino makurragoa izan zen eta; aurrekoak ezartzen zituen betebeharrak lausotu zituen, eta borondatezkotasunean jarri zen arreta.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak bermatze aldera urteotan hartutako neurriak saltoki handietarako izan dira bereziki. Aurrez ere salatu izan duzue, ordea, arau horiek ez betetzeak ez duela ondoriorik...

Bai, eta badaude enpresa eta kate handi batzuk horrela aitortzen dutenak: esaten dute ez dutela aldaketarik egingo, interpretatzen dutelako legeak ez diela betebeharrik ezartzen. Azkenean, erakunde publikoek borondatezkotasunaren bidea jorratu dute, baina praktikak eta urteotako martxak erakutsi digute borondatezkotasunak, betebeharrik gabe, ez duela behar bezalako efekturik. 

«Praktikak eta urteotako martxak erakutsi digute borondatezkotasunak, betebeharrik gabe, ez duela behar bezalako efekturik»

Urteotako txostenetan bildutakoaren arabera, ugariak izan dira euskaldunek euskaraz egiteagatik jaso dituzten erantzun txarrak. Ugaritu egin dira azkenaldian?

Egia da azken urte hauetan oldartze bat nabaritu dela. Segurtasunaren arloan gertatutakoak aipatu ditut lehen...

Poliziak emandako erantzun txarrei buruz ari zara, ezta?

Bai, hor egon dira erantzun batzuk. Baina egun badira, adibidez, ostalaritzan eta merkataritza txikian ere. Badirudi euskaraz ez dakiten horiek beren kontrakotzat hartzen dutela norbaitek euskara erabiltzea. Uste dut gizarteko sektore batzuek zabaldutako gorroto diskurtsoen eta beldurren ondorioa dela.

Ahalduntzeari begira, orain dela 25 urte baino ahaldunduago daude herritarrak hizkuntza eskubideen inguruan?

Nekagarria da kexak sartzen ibili behar izatea, pairatu duzun egoera hori plazaratzea... Nahiz kexa jartzen dutenen izen-abizenak ez agertu kexetan, askotan senti dezakete kasuak identifikatzeko modukoak direla. Ulertzen dugu ez dela erraza, baina, hala ere, uste dugu herritarren presioak izan behar duela aldaketak eragiteko bideetako bat. 

«Ulertzen dugu ez dela erraza, baina, hala ere, uste dugu herritarren presioak izan behar duela aldaketak eragiteko bideetako bat»

Euskalgintzaren Kontseiluaren helburuetako bat da, hain justu, euskaltzaleak antolatzea, piztea, eta hizkuntza eskubideen gainean ere ahalduntzea. 

Azaleratu dezagun isildu dugun hori guztia. Espazio askotan, adibidez, zuzenean frantsesa edo espainiera erabiltzen ditugu, baina zergatik? Egoera horiek ere azaleratu ditzagun. 

Nola aldatu lege babesa 25 urte barru beste egoera batean egoteko? Euskal Herri osora begira, egoera administratiboa askotarikoa da. Baina egun aurreratua dagoen eremuari begira, adibidez, Eusko Legebiltzarrean euskararen beste lege bat onartzea litzateke lehen oinarria?

Argi eta garbi. Eta gero lege hori garatuko duten legeak eta dekretuak behar dira. Ikusi besterik ez dago egunero Espainiako Estatuak, adibidez, zenbat dekretu eta araudi ateratzen dituen, eta horietan guztietan nola inposatzen duen gaztelania erabili behar izatea. Edozein dokumentu, edozein helegite aurkezteko gaztelania erabili behar duzu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA