Akordiorik ez Geroa Bairen eta Ezkerraren artean senatariaren aukeraketa desblokeatzeko

Ezkerrak espero du Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k "hitzartutakoa betetzea", baina Geroa Baik uste du apirileko hauteskundeetarako eginiko ituna ez dagoela indarrean.

Aldaketa zerrendaren ekitaldia, apirilaren 25ean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon olano
2019ko abuztuaren 27a
07:39
Entzun

Joan den legealdiko gobernua babesten zuten lau taldeek —Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak— bilera bat egin dute gaur, Nafarroako Parlamentuari aukeratzea dagokion senatariari buruz hitz egiteko. Izan ere, Ezkerrak dio hari dagokiola hautagaia proposatzea, lau indarrek apirilaren 28ko hauteskundeei begira eginiko hitzarmenean hala jaso zutelako. Geroa Baik, berriz, uste du itun hori posible egin zuten baldintzak aldatu egin direla, eta hautagai propioa aurkezteko asmoa du, PSNrekin ados jarrita.

Gaurko bileran, desadostasun horiek berriro agertu dira, eta nork bereari eutsi dio. Marisa de Simon Ezkerrako bozeramaileak nabarmendu du espero duela gainerako indarrek "hitzartutakoa betetzea".

Bestelakoa da Geroa Bairen argudioa. Haren iritziz, martxoan taxututako akordio hori ez dago indarrean, Aldaketa zerrendak ez zituelako eskuratu hiru senatariak. Espainiako Senaturako bozei begira, lau taldeek hitzartu zuten Aldaketa zerrendan Ahal Dugu-k, EH Bilduk eta Geroa Baik postu bana izatea eta, parlamentuak hautatzen duen senatariaren kasuan, Ezkerraren hautagaitza babestea. Hauteskundeetan, ordea, Navarra Sumak eta PSNk bina senatari eskuratu zituzten, eta bat Ahal Dugu-k.

"Espero dugu Ezkerrak, aldaketarekiko leial jokatu duen bazkideak, zilegi den desadostasun bat ez eramatea soilik gobernuaren aurkakoei mesede egingo liekeen konfrontazio batera", azaldu du Geroa Baik ohar batean. Uxue Barkosen taldeak esan du ez duela "konfrontazioan jausi" nahi Ezkerrarekin, baina ez duela bat egiten Ezkerrak akordioaz egiten duen interpretazioarekin: "Akordioa apirilaren 28an bertan erori zen, Aldaketako hautagaiek senatuan ordezkaritzarik lortu ez zutenean".

Senataria aukeratzeko, hautagaiek Nafarroako Parlamentuaren gehiengo soila behar dute. EH Bilduk eta Ahal Dugu-k esana dute Ezkerrako hautagaia babestuko dutela, eta, beraz, hamar parlamentariren botoak izango lituzke. Geroa Baik, berriz, PSNrekin ados jarrita, hogei izango lituzke, Navarra Sumak bezainbeste, eskuineko koalizioak ere asmoa baitu hautagai bat aurkezteko. Kasu horretan, Navarra Sumarentzat litzateke senataria, berdinketa izanik boto gehien jaso zituen zerrendako hautagaia aukeratu behar delako.

Hori horrela, erabakigarria litzateke EH Bilduk edo Ahal Dugu-k posizioa aldatzea. Gaurko bileran, indar subiranista Ezkerraren hautagaia babestearen alde agertu da berriro, baina Ahal Dugu-k lehentasun gisa jo du Navarra Sumak senataria ez lortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.