Akusatuek oinarrizko eskubideak baliatu zituztela argudiatu du defentsak

Azken hitza hartu du Mikel Arregi epaituak eta Zestoako alkateak: «Elkartasuna beti absolbitu behar da, errespetuzkoa baldin bada».

Akusatuak epaitegira iristen, atzo. GORKA RUBIO / FOKU
Epaituak Donostiako Zigor Epaitegira iristen, atzo. GORKA RUBIO / FOKU
Oihana Elduaien Uranga.
2025eko abenduaren 19a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Defentsak argi esan du: Zestoako sei lagunen kontrako epaiketak iraun duen lau egunetan ez da frogatu salaketa jarri zuen gizonaren kontrako «hertsatze» ekintza bat bera ere. Ez hori bakarrik, epaiketan haien kontra egiteko agertu diren ekintza guztiak egitean, beraien oinarrizko eskubideak baliatzen ari ziren. Eta eskubide horiek baliatzen ari dena ezin da zigortu. Iñigo Iruin abokatuak xehe-xehe aletu ditu ekintza horiek denak gaur, Donostiako Zigor Auzitegian, azken ondorioak aurkezterakoan. Izan ere, gaur amaitu da Zestoako sei lagunen kontrako epaiketa, aldeen ondorioak entzunda.

Iruinek adierazi duenez, norbaiten integritate moralaren kontrako eraso delituak aztertzen direnean, ezinbestekoa da balizko gertaera horiek testuinguruan kokatzea, eta nabarmendu du auzia ezin dela atera indarkeria matxistaren testuingurutik. Abokatuak horrexegatik uste du epaileak ere bide eman diola salatzailearen bikotekide ohiari, tratu txar horiek kontatzeko. Testuinguru horretan, argudiatu du biktimarekiko elkartasuna ezin dela delitua izan, eta epaitu dituzten bost lagunek egin dutena horixe izan dela: tratu txarrak jaso dituenari laguntzea. Gero elkartasun sarea osatzeko «ernamuina» direla lagunak. Espainiako Auzitegi Gorenaren epai bat ekarri du; epai horrek, hain zuzen ere, zera dio: indarkeria matxista pairatzen duten emakume asko bakarrik egoten direla «bere ingurune propioan», eta gaineratu «zorionez» kasu honetan ez dela hori gertatu. Gainera, salaketa formalik ez egotearen harira, gogora ekarri du Istanbulgo protokoloaren arabera halakorik ez dagoenetan ere biktimari arta berezia eman behar zaiola, eta EAEko Auzitegi Nagusiko lehendakari Iñaki Subijanak berak iazko abenduan dei egin zuela salaketa jarri ez duten biktimei laguntzera.

Auzia hor kokatuta, ondorioak bi arlotan bereizi ditu Iruinek: ikuspuntu konstituzionalari begiratu dio batetik, eta zigor arloko ikuspegi juridikoari, bestetik. Aurrenari dagokionez, adierazi du Espainiako Konstituzioan jasota dauden oinarrizko hiru eskubide ari zirela baliatzen salatzailearen bikotekide ohia eta haren lagunak, epaiketan agertu diren ekintzak aurrera eramatean. Horietako aurrena adierazpen askatasuna da. Azaldu duenez, eskubide horren barnean kokatzen da Zestoako Udaleko gizarte gaietako batzordean parte hartzea, eta baita osoko bilkuran indarkeria matxistaren kontrako testua irakurtzea ere. Akusatuek baliatu duten bigarren oinarrizko eskubidea biltzeko eskubidea da. Auzian aipatu dituzten bi elkarretaratzeetan parte hartzea hor kokatu du. Eta hirugarrena, gai publikoetan parte hartzeko eskubidea. Horiek zuzenean edo zeharka egin daitezkeela argitu du Iruinek, eta horren barruan sartu ditu zigortuek udaleko hainbat egituratan egindako tramiteak. Parte hartze hori herritar moduan egin zuten auzipetuetako bostek, eta, garai hartan zinegotzia zenez, zegozkion batzordeetan egin zuen orain alkate den Mikel Arregik, Iruinek azpimarratu duenez, «EAJko zinegotziek egin zuten bezalaxe». 

Horren guztiaren arabera, oinarrizko eskubideak baliatzen ari zirenez, eta kontuan hartuta akusatuek ekimen horietan guztietan «ahalegin berezia» egin zutela inoren izenik ez ipintzeko, sei akusatuetako inor ezin dela zigortu azpimarratu du Iruinek. 

Gizarte zerbitzuetako langileak 

Zigor arlotik begiratuta ere, defentsak ez du auzipetuak zigortzeko frogarik ikusten. «Hertsatze» ekintza jakin bat bera ere ez dela frogatu nabarmendu du. Adibidez, epaiketan maiz aipatu dira Zestoako Udaleko gizarte zerbitzuetako langile batzuk. Izan ere, akusazioak dio tratu txarren biktimaren lagunek presioa egin ziela haiei hasieran egin zuten txostena aldatzeko. Horren harira, gauza bat baino gehiago esan ditu Iruinek: batetik, presioa izatekotan, langileei egingo zitzaiela eta ez salatzaileari. Baina, abokatuak uste du ez ziotela inori presiorik egin. Egin zuten gauza bakarra zera izan zen, udalak ematen dituen aukerak baliatuz gaizki egindako txosten bat onbideratzen saiatzea. Gainera, gogora ekarri duenez, egiten ari ziren horretan «arrazoi osoa» zutela ebazten da Arartekoak asteazkeneko saioan aurkeztu zuen txostenean.

Arregiren kontrako akusazioaren beste zati batean dio hark eta beste bi lagunek bilera bat egin zutela udaletxean salatzailearekin, eta aurrenak esan ziola haurraren zaintza amari ematen ez bazion zokoratu egingo zutela. Bada, hori frogatzat jotzeko akusazioek daukaten bakarra salatzailearen testigantza dela nabarmendu du Iruinek, baten hitza beste hiru lagunen hitzaren kontra. Izan ere, Arregik berak ukatu egin du esaldi hori esan zionik. Arregik bakarrik ez: epaiketan lekuko gisa deklaratu zuten bilera hartan egondako beste bi lagunek, eta biek ukatu zuten Arregik hori esan zuela.

Nolanahi ere, akusazioak horri ere eusten dio espetxe zigorra eskatzerako orduan. Akusatuak ez ezik, epaiketa entzuten ari ziren zenbait ere amorrarazi ditu akusazioaren abokatuak behin baino gehiagotan.. Izan ere, atzoko auzi saioan salatzailearen bikotekide ohiak egindako tratu txarren kontakizuna adituta ere, ez du aldatu bere ildoa. Besteak beste, esan du akusatuek eskubidea dutela egia ez esateko, eta, salatzaileari erreferentzia eginez, adierazi du «pertsona bat suntsitu» dutela. Hasierako zigor eskaerei eutsi die: bost urteko espetxe zigorra bikotekide ohiarentzat eta Zestoako alkate Mikel Arregirentzat (EH Bildu), eta lau urtekoa gainerako lau akusatuentzat.

Atzo, fiskalak kendu egin zituen espetxe zigorren eskaerak, baina zortzi hilabetez egunero seina euroko isuna ordaintzeko eskaera egin du salaketa jarri duenaren bikotekide ohia ez beste guztien kontra. Hori argudiatzeko, salatzailearen deklarazioa baliatu du batetik, eta udaleko idatziak-eta salatzailearen kontrakoak direla ulertu daitekeela ere nabarmendu du. Ez du zalantzan jarri salatzailearen bikotekide ohiak atzo emandako testigantza «lazgarria». «Genero indarkeria kasu bat» dela esan du, eta horregatik arindu dituela zigor eskaerak. 

Elkartasuna, «errespetuz»

Epaiketa amaitzeko, azken hitza hartzeko aukera izaten dute epaituek. Arregik bakarrik baliatu du eskubide hori. «Ni emozionalki nahiko egonkorra naiz», esan du, baina salatzailearen bikotekide ohiak atzo egin zuen testigantza entzun zuenean «txikituta» gelditu zela. Gizonezkoa den aldetik zer pentsatua eman ziola adierazi du, salatzailea laguna zuela gainera, eta «porrot pertsonal» gisakoa izan dela berarentzat. Eta indarkeria matxistaren auzia epaitegian ez ezik Zestoan ere lehertu dela azaldu du.

Nolanahi ere, azpimarratu du egun hauetan auzitegian argi geratu dela auziaren muinean zer izan den: «elkartasuna». Azaldu du biktimak lagun onak dituela, baina halakoetan alboan inor ez duen jende asko egongo dela. Elkartasun hori ezin dela zigortu nabarmendu du: «Elkartasuna beti absolbitu behar da, errespetuzkoa baldin bada».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.