«Beste epaiketa batean gaudela dirudi». Zestoako sei bizilagunen kontrako epaiketako fiskalak egin ditu hitzok gaurko auzi saioan. Izan ere, epaiketaren bigarren egunean defentsaren lekukoek deklaratu dute, eta salatzaileak jasan zuela dioen «hertsatzearen» arrastorik ez da agertu han. Alderantziz, «txiki-txiki eginda», «deuseztatuta» eta batez ere «beldurtuta» zegoen lagun bati laguntzeko egin zituzten ekintzen kontakizunak hartu du Donostiako Zigor Epaitegiko aretoa. Eta ez hori bakarrik: Arartekoaren letraduak deklaratu du, Zestoako Udaleko gizarte zerbitzuek modu partzialean jokatu zutela, akusatzailearen alde —udaleko langilea zen orduan eta da oraindik—, eta haren bikotekide emakumezkoaren deklarazioaren «zati oso garrantzitsuak» txostenean jaso gabe utzi zituztela; hain zuzen ere, «indarkeriari» buruzko zatiak.
Izan ere, gizon baten integritate moralaren kontrako delitua egitea egotzita, espetxe zigor eskaera zenbaiti ari dira aurre egiten gizon horren bikotekide ohia eta bost lagun. «Tratu txarren gaia airean dago une oro», esan du epaileak gaurko saioan. «Ez dakit noizbait lehertuko den gaia, baina epaile honek ez du auzi horren inguruko epairik emango»; nolanahi ere, kontakizun guztiak entzun ditu, eta baita oharrak hartu ere. Akusazioak bost urteko espetxe zigorra eskatzen du bikotekide ohiarentzat eta Zestoako alkate Mikel Arregirentzat (EH Bildu), eta lau urtekoa gainerakoentzat.
Epaileak erdi iragarri moduan, tratu txarren gaia lehertu dela esan daiteke, edo gutxienez entzun dira arrasto batzuk. Epaiketaren bigarren zatian salatzailearen bikotekide ohiaren lagunek deklaratu dute. Haurra bikotekidearengana eraman eta jasotzeko orduan laguna bakarrik ez uztea erabaki zuten, «ez zegoelako ondo». Eta umea jaso eta uzteko une horietan jazotako hainbat gertaera kontatu dituzte. Adibidez, «begirada desafiatzaileak», «garrasiak»... Beti zeudela zain, zer gerta. Beti gertatzen zelako zerbait. «Guk ere beldurra genuen, nola ez zuen edukiko berak?», galdetu du batek.
Emakumezkoa erabat beldurtuta zegoen garai hartan; «jota», «indarrik gabe». Lekuko guztiek esan dute hori. Lekuko batek zehaztu du egoera horretan ez zela gai «tratu txar» hitzak ahoskatzeko ere, nahiz eta kontatzen zuen apurretik hori ondoriozta zitekeen. Eta egoera horretan «beti umearen ongizatea» zuela helburu gaineratu du beste batek.

Kontatu dutenez, harremana hautsi aurretik zetorren hori guztia. Emakumezkoa lagunengana joaten zenean gehienetan haurrarekin bakarrik joaten zela kontatu du lekuko batek, baina garai hartan bikotekide zuenak etengabe deitzen ziola non zegoen eta noiz etxeratu behar zuen galdezka. Beste lekuko batek kontatu du elkarrekin asko ibiltzen zirela bi bikote, eta laurak bakarrik zeudenean oso gaizki hitz egiten ziola askotan.
Epaiketako unerik gogorrenetakoa izan da gertaera horiekin akordatzea. Batzuetan kontatzen ari zenari, besteetan entzuten ari zenen bati malkoak atera zaizkio behin baino gehiagotan. Hala ere, ondo eutsi diete kontakizunari eta defentsaren galderei, eta baita akusazioko abokatuak eta fiskalak egindakoei ere.
Azken bi horiek ez dituzte galdera askorik egin gaurko saioan, eta egindako galderetan ez dute lortu salatzailearen kontrako balizko ekintzen arrastorik ateratzerik. Bihar akusatuak beraiek dira deklaratzekoak, eta ikusteko dago zer jarrera hartuko duten. Espetxe zigorrak ere eskatu dira auzian, eta hori dena martxan jarri duen gizona gaur ez da auzitegian izan. Sala, ordea, jendez bete da, epaituak babestera joandakoak.
Gizarte zerbitzuak, partzial
Salatzaileak dio Zestoako gizarte zerbitzuek auziaren inguruan hasieran egindako txostena manipulatzeko ahaleginean aritu zirela akusatuetako batzuk. Baina salaketa hori kontra jarri zaio gaurko saioan. Maria Luisa Agirretxe Arartekoko letraduak epaiketan kontatu duenez, haurraren amak Arartekora jo zuen Zestoako gizarte zerbitzuen lanari buruzko kexu bat aurkeztera, eta, beraz, ikerketa egin zutela. Genero Indarkeria Sailean lan egiten du Agirretxek, baina adierazi du Ararteko erakundearen izenean hitz egiteko eskumena duela. Eta ondorioa argia da: gizarte zerbitzuek ez zuten inpartzialki jokatu.
Akusatuen aulkian eserita dagoen emakumezkoari hartu zioten aurreneko deklarazioarekin txosten bat egin zuten gizarte zerbitzuetan. Baina, Arartekoaren arabera, han jaso gabe geratu ziren «datu oso esanguratsu batzuk». Zehazki «indarkeria matxistari buruzkoak» falta ziren. Adierazi du tratu txarren salaketa formalik ez dagoenez ez zituztela jaso emakumezkoak esandakoak, baina nabarmendu du ezin dela horrela jokatu. Nazioarteko araudiaren arabera, kontatzen duena entzun egin behar da, jaso egin behar da, eta egoeraren araberako arreta eta zaintza berezia eman behar zaio emakumezkoari. Ezin dute jokatu testigantzarik ez balego bezala.
Eta hori bakarrik ez, gaineratu du zenbait jardun desegoki ere izan zirela: esaterako, gizonezkoak umearen zaintzari buruzko auzian eduki zuen abokatuak Arartekoak berak baino lehenago jaso zuen Arartekoak berak eskatutako txosten bat. Eta hori onartu duela EAEko datuen babeserako agentziak ere. Beraz, bere garaian egin zuen txostenean ebatzitakoa azaldu du epaiketan: gizarte zerbitzuak ez zirela inpartzialtasunez aritu. Beraz, esan du auzia beste leku batera bideratu behar zela.
Arartekoa ikerketa hori egiten ari zen bitartean, Zestoako Udalak ere tramite batzuk egin zituen txosten hori onbideratzeko. Hala azaldu zuen orduan EAJko zinegotzia zenak.
Arartekoak ere eman du salatuaren orduko egoeraren berri: «Erabat izututa zegoen», «atera ezin zuen zulo batean zegoen». Azaldu duenez, «esan zidan senarraren aldetik indarkeria psikologikoa jasan izan zutela berak eta bere semeak. Lur jota zegoen, eta ez zuen salaketarik jarri nahi, beldurrarengatik eta, batez ere, semearengatik». Eta gogorarazi du bere egitekoa ez dela tratu txarrak epaitzea, eta ez duela halakorik egingo. Baina argi utzi du datuek adierazten dutela biktimek halako beldurra duten kasuetan tratu txar horiek salatu gabe geratzen direla askotan.
Ikusi gehiago
Gaur bigarren eguna izan du epaiketak. Atzo, salaketa jarri zuen gizona bera izan zen deklaratzen. Fiskalaren, akusazioaren eta defentsaren abokatuen galderei erantzun zien, eta zera kontatu zuen: bikote harremana bukatu berritan bikotekide ohiak semearen zaintzari uko egiteko eskatu ziola, eta ezezkoa eman zionean «bere bizitza hondatzea beste helbururik izan ez duen kanpaina bati» ekin ziotela bikotekide ohiak eta haren bost lagunek. «Sekula frogatu ez diren» berari buruzko «akusazio faltsuak zabalduz» bizitza soziala egiteko aukerarik gabe utzi dutela adierazi du, ohikoak zituen lekuetatik kanporatu dutela, eta berari bakarrik ez, bere familiari eta lagunei ere kalte egin dietela.