Fiskalak berak ikusi du. Zestoako auzian akusatuen aulkian eserarazi dituztenak indarkeria matxistaren biktima bat eta hari eutsi dion lagun taldea dira. «Haurrari zerbait gertatuko zitzaion beldur gaindiezinez» aritu den emakume bat eta «lagun bat babesteko pasioak» mugitzen dituen bost lagun. Horregatik, epaiketaren hirugarren egunean, eta epaituen deklarazio gogorrak entzun ostean, kendu egin du haien guztien kontrako espetxe zigorren eskaera. Salaketa jarri zuen gizonaren bikotekide ohia absolbitzeko eskatu du, eta gainerakoei, espetxe zigorra kendu arren, zortzi hilabetez eguneko seina euroko isuna jartzeko eskaera egin du. Izan ere, gizon horren integritate moralaren kontrako erasorik ez dela egon ondorioztatu du fiskalak, epaiketan entzun eta ikusitakoaren ondoren, baina, «hertsatze» delitua egon badagoela uste duenez, isuna jartzeko eskatu dio epaileari.
Fiskalak bihar esplikatuko du non ikusten duen «hertsatze» delitu hori, orduan esplikatuko baitituzte aldeek azken ondorioak. Eta tratu txarren biktimaren bikotekide ohiaren abokatuak ere bihar esplikatu beharko du, epaiketa iragan eta gero, non ikusten duen gizon horren integritate moralaren aurkako erasoa. Izan ere, akusatzaileak ez ditu zigor eskaerak erretiratu, eta, epaiketan entzundakoak entzunda, bere horretan eutsi die: bost urteko espetxe zigorra bikotekide ohiarentzat eta Zestoako alkate Mikel Arregirentzat (EH Bildu), eta lau urtekoa gainerakoentzat. Defentsak eskatu du guztiak aske uzteko. Bihar, aldeek argudioak emanda, azken hitza hartzeko aukera izango dute epaitu guztiek, eta epailearen erabakiaren zain geldituko da auzia.
«Laguntza eman didate, benetako maitasunez»
Horren aurretik, akusatu guztiek deklaratu dute gaur epaitegian, eta tratu txarren testigantza gogorra eman du salatzailearen bikotekide ohiak. Elkarbizitza «beldurgarria» zela azaldu du; egin gabeko gauzengatik barkamena eskatu izan ziola, gehiago haserretu ez zedin; «zikina», «puta» eta antzekoak etengabe esaten zizkiola, jendaurrean bere gorputzeko atalak ukitzen zizkiola, etxeko lan denak berak egiten zituela. Gauean ostikoak eman izan dizkiola ere kontatu du, eta lo zegoenez konturatu gabe egiten zuela esaten ziola. Hitzezko indarkeria handia jasanarazten ziola, eta kontrolatu egiten zuela. Lagunekin gelditzen zenean ere kontrolatzen zuela, eta lagun gizonezkoekin gelditzeari utzi ziola. Telefono bidez ere kontrolatzen zuela, eta baita telefonoa bera ere.
Kontuak horrela, biak bizi ziren etxetik behin baino gehiagotan alde egin zuela azaldu du. Baina gizonezkoak itzultzeko konbentzitzen zuela. Aldatuko zela, alboan behar zuela eta antzekoak esanda. Sinetsi egiten zion, baina itzuli eta denbora gutxira berriz gertatzen ziren antzeko egoerak.
Gainera, kontatu duenez, jauzi kualitatiboak izan ziren indarkeria horretan. Haurdun geratu zenean «okertu» egin zen egoera, eta aurpegiratu zion ez zela «emakume indartsua», behin baino gehiagotan, eta zenbait modutan. Gainera, kontatu duenez, berarentzat ez ezik, emakume guztientzat zituen irainak. Haurra jaio zenean, beste jauzi bat izan zen. Gizonezkoak ez zituen bere bizitza ohiturak aldatu, eta asteburua iristeko beldurrez egoten zen emakumea, ordu txikietan etxera etortzen zenean izango zuen jarrerarengatik. Berriz alde egin zuen, eta berriz itzuli zen. Behin betiko alde egitea erabaki zuen arte.
Erabakia hartu eta gero ere kostatu zitzaion joatea. Eta gogoan du anaia eta beste auzipetu bat joan zirela bizi ziren etxepera, haren bila. Amaren etxera eraman zuten, eta han, anaiak esan zion: «Ez zara etxe horretara itzuliko. Ez zara bakarrik egongo. Nire arreba itzultzea nahi dut». Behin eta berriz esan zioten ez zela bakarrik egongo, eta halaxe izan dela azpimarratu du: «Laguntza eman didate, benetako maitasunez». Lagunak eta familiak eutsi diotela azpimarratu zuen, «lagundu, eutsi, altxa».
Haiek lagunduta hasi zen psikologoarekin, haiek bultzatuta joan zen gizarte zerbitzuetara... epaiketan behin baino gehiagotan agertu den bidea hasi zen orduan. Eta toki guztietan aholkatzen zioten salaketa jartzeko. Baina ez zuen halakorik egiten, umeari zer gertatuko zitzaion beldurrez. Hori baitzuen lehentasun erabatekoa.
Eta umea jasotzeko eta uzteko uneak baliatu zituen gizonezkoak handik aurrera andreari min egiteko. Eta ez hari bakarrik, baita laguntzen ari zitzaizkionei ere. Zestoako gizarte zerbitzuetan izandako gorabeherak kontatu ditu, eta umea hartu eta jasotzerakoan bizitakoak.
Denbora horretan guztian gertatutakoa berretsi dute gainerako auzipetuek. Denen artean osatu dute puzzlea. Batek kontatu du nola erabiltzen zuen gizonezkoak bien haurra min egiteko. Adibidez, liburu bat oparitu ostean opari gehiago ez zuela nahi esanaraziz. Gizonezkoa nola saiatu zen jendea bere onetik ateratzen. Eta nola eusten zioten egoerari, geldirik eta isilik.
Hori guztia egiten ari zirenean bere kontrako kanpaina egiten ari zirela dio salaketa jarri zuen gizonezkoak. Bere integritate moralari eraso diotela. Akusazio horretarako eramandako arrazoiak ere banan-banan deseraiki dituzte auzipetuek epaiketan. Ez zutela inoiz gizonezkoaren izena idatzi ez pankarta, ez kartel, ez testuetan; ez zutela inoiz ezer prentsara bidali; harekin egin izan diren bilerak gizonezkoak berak antolatuak izan direla.
Zestoako Udaleko gizarte zerbitzuek egindako aurreneko txosten hura aldatzeko tramiteak egin bazituzten, hain justu, txostenak emakumearen testigantza osorik jaso ez zuelako egin zituztela. Hain zuzen, atzoko auzi saioan Arartekoak ere esan zuen gizarte zerbitzuak ez zirela inpartzial aritu, eta ez zutela jaso tratu txarren testigantza hori.
Hala, beldurra denek pasatu zutela kontatu dute, baina oraindik orain laguntzen diotela emakumezkoari umea jaso eta hartzen, eta iragarri zuten aurrerantzean ere segituko dutela laguna babesten. Hala esan du salatzailearen bikotekide ohiak: «Babes emozionala eman didate, elkarrekin sufritu dugu, eta eutsi egin didate».
Elkarri euste hori agerikoa izan da epaiketako egunetan ere: fisikoki, malko eta irribarre, asko eutsi diote elkarri. Eta ez epaituak bakarrik: egunero egin dituzte elkarretaratzeak auzitegiaren atarian, eta aretoan bertan izan dira familiako kideak eta lagunak.
Asteartean hasi zen epaiketa, eta salaketa jarri zuen gizonezkoak eta hark deitutako lekukoek deklaratu zuten. Atzo, berriz, defentsak deitutako lekukoen txanda izan zen, eta, horien artean, Zestoako Udaleko gizarte zerbitzuak akusatzailearen alde aritu zirela deklaratu zuen Maria Luisa Agirretxek, Arartekoko letraduak.