«Defendatzea dudatzea da». Honela esplikatu du Xavier Nogueras Loik Le Priolen abokatuak bere ariketa. Auzia ideologikoki «kutsatua» izan dela argudiatu du, eta horrek akusatuei kalte egin diela. Horrenbestez, epaimahaiari galdetu dio «arrazoizko erabaki bat» har dezala, «manipulazio mediatikoetatik libratuz».
Federico Martin Arambururen hilketaren harira, hiru astez epaitu dituzte Loik Le Priol erailketagatik, Romain Bouvier erailketa saiakeragatik, Lyson Rochemir erailketa saiakeran konplize izateagatik, eta Antony Sorrentino frogak gordetzeagatik eta Bouvier ihesean laguntzeagatik. Errugbilari ohiari tiro egin zioten lehen biek 2022ko martxoaren 19an.
Atzo, fiskalak zigor eskaera egin zuen, eta biktimen abokatuek mintzaldia egin zuten: Le Priolentzat 27 urteko kartzela zigorra eskatu zuen, eta Bouvierrentzat, 20 urtekoa. Defentsako abokatuek akusazioak birkalifikatzea galdegin dute; erran dute hilketa ez zela aldez aurretik prestatua izan, eta ez zutela hiltzeko nahirik izan. Le Priolen abokatuek erran dute akusatuak bere burua defendatzeko egin zuela tiro, eta trauma osteko estresaren ondorioz zentzurik gabe jokatu zuela. Bouvierren abokatuek ere ukatu dute premeditazioa eta erailtzeko nahia izan zirela.Â
Noguerasek behin eta berriz errepikatu du hedabideek Le Priolen irudia «zikindu» dutela. «Ezin da sanoki epaitu krimen bati ideologia txertatzen bazaio», erran du. Gehitu du Le Priol ez dela «gezurtia», baina hedabideen manipulazioen «biktima» dela. Kamerek «egia argi erakusten dute», haren esanetan: «Ez zuten aldez aurretik formalizatu hilketa egiteko xederik».
Bestalde, segurtatu du Le Priolek «bere burua defendatzeko» egin zuela tiro. «Defentsa aipatzea ez da Arambururen memoriari kalte egitea. Baina Le Prioli salto egin zion; gero, Shaun Hegartyren kolpe bat jaso zuen buru gibelean, eta, beldurturik, arma atera eta tiro egin zuen kolpeak gelditu arte». Le Priolek etengabe baiezko keinua egiten zuen buruarekin abokatuak hitz egiten zuen bitartean.
Pierre-Henri Baert Le Priolen bigarren abokatuak argi utzi nahi izan du trauma osteko estresa duela, eta horregatik ezin izan zuela ardura osoz tiro egin: «Nehori ez diot opa Loikek armadan bizi izan zuena bizitzea». Galdetu du hori kontuan hartzeko eta kondena araberan egokitzeko.Â
Sophie Rey-Gascon Bouvierren abokatuetariko batek bi akusatu nagusien arteko harremana izan du hizpide: «Agerikoa da Bouvier ez zela errugbilarien atzetik joan, bere lagun minaren bila baizik. Bazekien arazoak gerta zitezkeela eta zaindu nahi izan zuen», erran du.
Salatu du akusatua eskuin muturreko munstro baten gisan aurkeztu izana: «Eskuin muturreko ideiak izan zituen, bai, baina Bouvier ez da hori bakarrik. Pertsona konplexua da. Eta errealitatea konplexua da: ez dira alde batean zintzoak eta beste aldean gaiztoak. Errealitatea kontakizuna baino konplexuagoa da». Hugues Vigier Bouvierren bigarren abokatuak galdetu du erailketa saiakeragatik hobengabetzeko, baina arma batekin egindako indarkeriagatik kondenatzeko: bost urteko kartzela zigorra izan lezake. Baina onartu du kondena apala litzatekeela, eta, horrenbestez, eskatu du aurrekariak kontuan har ditzaten, 2015ean GUDeko kide ohi bati egindako torturengatik kondenatu baitzuten Bouvier.Â
Rochemir eta Sorrentino
«Hobengabetu ezazue, arren». Hitz horiekin hasi du bere defentsa mintzaldia Florian Lastelle, Lyson Rochemirren abokatuak. Bouvierren konplize aritu zelakoan epaitu dute. Baina fiskalak atzo eskatu zuen konplize izateagatik hobengabetu dezatela; hainbat froga kukutzeagatik hiru urteko kartzela zigorrera galdetu du, urtebeteko gibelapenarekin. Lastellek, ordea, horregatik ere hobengabetzeko galdetu du.
Rochemirri leporatzen diote jeepa lurpeko aparkaleku batean gorde izana, eta Le Priolen telefonoa eta telefonoko txartela ezkutatu izana. Haren abokatuek segurtatu dute azken kargua baizik ez dela kontuan hartzen, telefonoko txartela gorde izana alegia: «Baina gogoan izan ezazue berak aitortu ziela hori poliziei atxilotu zuten lehen egunean. Lehen unetik egiaren aldeko jarrera eta prestasuna erakutsi ditu».  Â
Fiskalak hiru urteko kartzela zigorra galdetu du Antony Sorrentinoren kontra, bi urteko gibelapenarekin, Bouvierren arma desagerrarazteagatik eta ihesean laguntzeagatik. Mathieu Chirez bere abokatuari iruditzen zaio eskaera «neurriz kanpokoa» dela: «Yvan Colonna ihesean lau urtez lagundu zuten bi gizonek urte bateko eta bi urteko kondenak jaso zituzten». Zehaztu du Sorrentino Bouvier laguntzera joan zenean ez zekiela Arambururi tiro egin zionik, eta uste zuela bere buruaz beste egitekotan zela. Solesmeko abadiara lagundu izanari buruz, abokatuak erran du biziki sinestuna dela Sorrentino, eta Bouvierri konfesatzera joateko aholkatu ziola.Â
Nolanahi ere, bihar bukatuko da hiru asteko auzia. Goizean, akusatuek azken aldikoz hitz egiteko parada izanen dute; ondotik, epaimahaiak erabakia hartzeko denbora hartuko du, eta epaia bihar gauerako espero dute.Â