Philippe Courroye fiskalaren arabera, ukaezina da Federico Arambururen hilketan premeditazioa eta erailtzeko nahia izan zirela. Eta gaur, Miarritzeko errugbilari ohiaren hilketaren inguruko epaiketa amaitzear dela, horren araberako zigor eskaera egin du: Loik Le Priol akusatu nagusiaren kontra, 27 urteko kartzela zigorra eskatu du, Aramburu erailtzea leporatuta; Romain Bouvierren kontra, berriz, hogei urtekoa, Aramburu erailtzen saiatzeagatik. Biak arta jasotzera behartzeko ere eskatu du, eta armak erabiltzeko debekua izan dezatela.Â
Lyson Rochemir ere epaitu dute asteotan, Bouvierren konplize aritu zelakoan hura Aramburu hiltzen saiatu zenean, baina fiskalak kalifikazio hori atzera bota du, eta galdetu du horregatik ez dezatela kondenatu. Haatik, bi akusatu nagusiak ihesean laguntzeagatik eta krimen baten frogak gorde eta eraldatzeagatik kondenatzeko eskatu du: hiru urteko kartzela zigorra. Anthony Sorrentino azken akusatuaren kontra ere hiru urteko kartzela zigorra eskatu du, Bouvierren arma desagerrarazteagatik eta ihesean laguntzeagatik.Â
2022ko martxoan hil zuten tiroz Aramburu, Parisko erdigunean, Welcome hotelaren aitzinean, aurrez borroka bat izan eta gero. Ostiralean bukatuko da epaiketa, eta ia hiru astez lekukoak eta adituak entzun ondoren, ondorioak eta zigor eskaerak aurkeztu ditu gaur Courroyek: «Elementu guziak norabide bererantz doaz: Federico Martin Arambururen eta Shaun Hegarty haren lagunaren gibeletik joan ziren Romain Bouvier eta Loik Le Priol, lehena hiltzeko asmoz, eta hori aldez aurretik pentsatzeko aukera izan zuten».
«Elementu guziak norabide bererantz doaz: Arambururen eta Hegartyren gibeletik joan ziren Bouvier eta Le Priol, lehena hiltzeko asmoz, eta hori aldez aurretik pentsatzeko aukera izan zuten»
PHILIPPEÂ COURROYEÂ Aramburu auziko fiskala
Gaineratu du bi arrazoirengatik erran daitekeela hori: «Lehenik, momentuan bertan izan zuten jarreragatik. Biktimak lasaiki urrundu baziren ere Mabillon ostatuko liskarraren ondotik, lekukotasun anitzek bat egiten dute deskribatzeko bi akusatuak nolako furian zeuden, eta nolako asmoa zuten bi errugbilariak xede oldarkorrarekin aurkitzeko». Bigarrenik, fiskalak erran du erailketa aldez aurretik pentsatzeak ez dakarrela baitezpada «bi orduko bilkura bat» egitea. «Ados ematea besterik ez da. Ados eman ahal izan dute Mabilloneko borrokaren bukaeran. Ez dut baieztatuko hala egin zutenik, baina baieztatzen dut ados jarri ahal izan zirela», segurtatu du.Â
Aramburu auzia «mekanika hiltzaile baten kateamendua» dela erran du, «ondorio konponezinak» dituena. Eta mekanika horretan, GUD eskuin muturreko taldea hiru akusaturen arteko «izendatzaile komuna» izan zela erran du: «GUDen bidez ezagutu dute elkar Le Priolek, Bouvierrek eta Sorrentinok. Gertakarien zergatiak ez du ezer politikorik edo xenofoborik, baina GUDen barnean duten laguntasunak badu zerikusia, horretan datza hiru gizon hauen oinarrizko izaera: maskulinitate toxikoa, indarrarekiko lilura eta armekiko lilura».Â
Defentsa deseraikitzen
Defentsa akusazioa apaltzen entseatu da hasieratik, baina fiskalak egotzi dio «dosier paralelo bat muntatu izana, aditu pribatuei dei eginez eta justiziaren pribatizazio bat gauzatuz». Izan ere, defentsa legitimoa aplikatzea eskatu dute Le Priolen abokatuek, eta kontuan hartzea Le Priolek trauma osteko estresa zuela armadan bizitako gertakariengatik. Fiskalak zera erran du: «Trauma osteko estresaren ideia komeni zaionean ateratzen du, sintomak handitzen ditu dosier juridikoetan, baina ez du segipenik, ez du artarik, ezta EMDR saiorik ere».
Hala, fiskalak epaileei galdetu die defentsa legitimoaren ideia hori bazter dezatela. «Espero izan dut akusatuek defentsa legitimoa baztertuko zutela, baina ez nau harritzen hala egin ez izanak: biktimak haiek direla esan dute behin eta berriz». Juridikoki zalantzagarria dela berretsi du: defentsa legitimoak erasoaren eta erantzunaren arteko proportzioa eskatzen du, baina fiskalak argi utzi du hori ez zela hala izan Arambururen hilketan. «Aramburuk ez zeukan armarik; zuek bai», erran die akusatuei. Bestalde, oroitarazi du biek kondenak izan dituztela dagoeneko indarkeria aferengatik: 2015ean GUDeko agintari bat torturatzeagatik, erraterako. Izan ere, Aramburu hil zuten gauean, kontrol judizialpean zeuden, eta debekatua zuten elkarrekin egotea eta armatuak egotea.Â
Biktimen abokatua
«Gorririk ikus dezagun egia, argiz beterik burua». Hitz horiek entzutea ez zaio ohikoa izango Parisko Krimen Auzitegiko gorteari. Marie Tortos abokatu miarriztarrak ekarri ditu auzi saiora Martxa baten lehen notak kantuko hitzak, goiz honetan. Federico Martin Arambururen haurren abokatua da, eta goiz honetan «egiaren alde» mintzatu da. Parte zibilen abokatuek defentsa mintzaldia egin dute goiz honetan, eta, aurretik, Le Priol eskuin muturrarekin eta armekin lotzen duten zenbait bideo hedatu dituzte.Â
«Cecilia Aramburuk badaki Argentinako diktaduran eskuin muturreko talde paramilitarrek zer inpunitate ukan zuten. Uste dut argi dagoela Le Priol eta Bouvier ere inpunitate osoz aritu zirela»
SOPHIEÂ THONONÂ Arambururen amaren abokatua
Bata bestearen gibeletik aritu dira parte zibilen abokatuak, eta mintzaldi hunkigarriak egin dituzte. Cecilia Aramburu biktimaren amaren abokatu Sophie Thononek Argentinako historia politikoa aipatu du —hangoa da sortzez familia—: «Cecilia Aramburuk badaki inpunitatea zer den, badaki Argentinako diktadura garaian eskuin muturreko talde paramilitarrek zer inpunitate ukan zuten. Paraleloa zango puntetan egitera menturatzen naiz, baina uste dut argi dagoela GUDeko militante diren Le Priol eta Bouvier ere inpunitate osoz aritu zirela». Gehitu du Cecilia Arambururentzat argi dagoela semea «eskuin muturraren balek jota» hil zela.
Shaun Hegartyren abokatu Veronique Massik akusatuei leporatu die etengabe biktimak balira bezala hitz egin izana. Epaimahaiari galdetu dio justizia egin dezala: «Hartara, beharbada, Shaun Hegartyk lehen aldiko arnasten ahalko du lau urte luzeren ondoren». Yann Le Bras, Federico Arambururen alargun Maria Arambururen abokatua, berriz, honela mintzatu da: «Justiziak ez du sendatzen, ospitaleak sendatzen du. Baina familiari lasaitasun pixka bat emateko balio beza zuen erabakiak».