Alba Garcia izendatu dute Sumar Mugimenduko idazkari nagusi

Sumarrek gaur amaitu du I. Batzar Nazionala, eta Garcia buru duen hautagaitzak militanteen %85en babesa lortu du.

Edurne Garcia, Alba Garcia eta Lander Martinez, gaur goizeko ekitaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Edurne Garcia, Alba Garcia eta Lander Martinez, gaur goizeko ekitaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko azaroaren 30a
15:45
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Sumar Mugimenduak gaur amaitu du I. Batzar Nazionala, Bilboko Arrupe Etxean ekitaldi bat eginda. Mugimendua zuzentzeko hautagaitza bakarra aurkeztu zen, Alba Garciak, Lander Martinezek eta Edurne Garciak zuzendutakoa, eta militanteen %85en babesa bildu du hark. Hala, Alba Garcia izango da idazkari nagusia aurrerantzean.

Sumarrek jorratu nahi dituen ildoei erreparatu die Garciak ekitaldian. Azaldu duenez, eskubide sozialak eta laboralak areagotzea, klima larrialdiari aurre egitea eta demokrazia feminista bat eraikitzea ditu xede nagusiak, eta lan hori «lurraldean errotuta» egin nahi dute. «Berresten dugu eskubideak zabalduko dituen eta herri bidezkoago eta iraunkorrago bat eraikiko duen indarra izateko konpromisoa dugula», zehaztu du. Hala, «Euskadi eraldatzeko» indar gisa definitu du alderdia, EAJren eta PSE-EEren «desgobernuarekin» konparatuz.

Alderdiaren lehentasun izan behar duten beste elementu batzuk ere aipatu ditu Garciak: besteak beste, etxebizitza, zerbitzu publikoak eta trantsizio ekologikoa. «Ezin dugu gehiago itxaron etxebizitza duinak izatea bermatzeko, Osakidetza indartzeko eta hezkuntza inklusiboa eta kalitatezkoa ziurtatzeko».

Bada, hain zuzen ere, Lander Martinezek eta Edurne Garciak azaldu dute zer bide hartu behar den hori lortzeko. Martinezen esanetan, Sumarrek ez du «inertzien» arabera funtzionatu behar, «ideiak» oinarri hartuta baizik, eta gehitu du horretarako kontuan hartu beharko dutela herritarren lehentasunak «eboluzionatzen» ari direla. Garciak, berriz, azaldu du mugimendu «inklusiboa» eraiki behar dutela, «herritarrekin konprometitua»: «Entzuten duen espazio bat, auzoetatik lan egiten duena, eta lan eskubideen, justizia klimatikoaren eta berdintasunaren defentsan erreferente izan nahi duena».

Sumar Mugimenduak esparru politiko bereko beste zenbait alderdiren babesa izan du gaur. Han izan dira, besteak beste, Ezker Anitza-IUko Iñigo Martinez eta Equoko Carmen Muñoz. Hain zuzen, bi alderdi horiekin batera aurkeztu zen Sumar Eusko Legebiltzarreko azken hauteskundeetara. Bestalde, CCOO eta UGT sindikatuetako, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako eta Euskal LGBTIAQ+ Behatokiko ordezkariak ere izan dira.

Horiei erreferentzia eginez, Sumarreko kideek «esparru politiko plural» hori indartzeko tresna gisa definitu dute mugimendua: «Euskadiren aldaketa politikoaren buru izateko eta euskal ezker eraldatzailearen etxe gisa sendotzeko erabakia hartuta».

Garai Berria

Garai Berria hautagaitzako buruak dira Alba Garcia, Lander Martinez eta Edurne Garcia. Alba Garcia Sumar koalizioaren lehendakarigaia izan zen Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan, baina ez zuen eserlekurik eskuratu. Halere, haren lanaren parte handi bat parlamentu hartan egiten du, Jon Hernandez koalizioko legebiltzarkidearen aholkularia baita. Lander Martinez Espainiako Kongresuko diputatua da, eta Espainiako Sumarren zuzendaritzako kidea. Edurne Garcia, berriz, Sumarren eledunetako bat izan da azken hilabeteetan.

Horiekin batera, zuzendaritzan lekua izango dute batzar prozesuan eledun aritu diren bik, hau da, Azahara Botellak eta Sergitz Morenok, Ahal Dugu-ko Antolakuntza idazkari ohi Yahcov Ruizek, eta Espainiako Eskubide Sozialen estatu idazkari Rosa Martinezek. Era berean, Gazte Aldia+ gazte antolakundeko bi kide eta Euskadi Eraiki alderdiko lau ere izango dira han. Azken alderdi hori aste honetan desegin da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.