Osasun Publikoaren Aldeko (OPA) Herri Plataformek Osakidetzaren prozesua eteteko eta Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren dimisioa eskatu dute gaur goizean Bilbon eta Gasteizen eginiko manifestazioetan —Donostiakoa arratsaldez izango da—. Salatu dute Osasun Mahaia osatu eta zortzi hilabetera Osakidetzaren egoerak okerrera egin duela, eta oraindik ez dela «benetako konponbiderik» planteatu.
Jendetza bildu da bi manifestazioetan. Osasun publikoa gaixorik, konponbidea orain zioten pankarten atzean egin dute martxa. 60 kolektibotik gora atxiki zaizkie herri plataformei, hala nola pentsiodunen mugimendua, herri askotako plataformak, sindikatuak eta Osakidetzako langile ugari. «Publikoa defendatu!» oihua egin dute gehien.
Aldarri horren zergatia azaldu dute Mireia Saizek eta Jose Ignacio Martinezek, Bilboko manifestazioan hitza hartu duten OPA Herri Plataformetako kideek. Osasun sistema publikoa «arriskuan» dagoela ohartarazi dute, eta arrisku horren muina eredua dela: «Azpiegitura publikoak nahita ahultzen dituen eredu bat da, sistema pribatuari mesede egiteko».
«Azkenean, 21 txertorekin egon ziren arazoak, eta ia ESI guztiak zipriztindu zituen. Horrek argi uzten du Osasun sailburua arazoa gutxiesten saiatu dela»
OPA HERRI PLATAFORMAK
Murrizketak amaitu behar direla adierazi dute, eta multzo horretan sartu dituzte «kontingentzia planak» direlakoak. Deitzaileen ustez, plan horiek urtean bost hilabetez egiten diren «murrizketa mozorrotuak» dira. Izan ere, plan horien ondorioz, osasun zentroetan ordutegi murrizketak egiten dituzte, langile gutxiago egoten dira, eta gaixo batzuk behar bezala trebaturik ez dauden langileen esku gelditzen dira.
Alberto Martinezen dimisio eskaerak ere oihartzun handia izan du mobilizazioetan. Batetik, egotzi diote osasun itunak ez duela mamirik, eta, nahiz eta esan «%85 betea» dela, betetze maila horrek ez duela islarik. Halaber, leporatu diote txerto iraungien auzian gardentasunik ez dela egon. «Azkenean, 21 txertorekin egon ziren arazoak, eta ia ESI guztiak zipriztindu zituen. Horrek argi uzten du Osasun sailburua arazoa gutxiesten saiatu dela, eta horregatik eskatzen dugu haren dimisioa», argitu dute.
Aparteko orduak ez dira konponbidea
Bozeramaileek medikuen greba hartu dute hizpide, eta ordu estrarik ez egiteko erabakiari buruzko iritzia eman dute: «Ordu horiek behin-behineko konponbideak dira, ez estrukturalak». Zehaztu dute medikuek 1990eko hamarkadaz geroztik egiten dituztela ordu gehigarri horiek, eta ez dutela arazoa konpondu.
Gaian sakonduz, zehaztu dute arazoa langile kopuru urria dela, eta konponbide bakarra lantaldea indartzea dela. Alde horretatik, sailburuari eskatu diote negoziazio kolektiboari bide eman diezaiola, «langile eta sindikatu guztiekin» bilduta, egungo lan hitzarmenak hamabost urte iraungita baitaramatza.