Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizatzeko deia egin du astebururako. Ortziralean hasita larunbatera arte, kaleek aldarri bakar bat hartu dezaten nahi dute: emakume palestinarren aldekoa. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Mugimendu Feministak jakinarazi du harremanetan direla emakume palestinarrekin, eta gaur-gaurkoz Euskal Herrian lau ardura dauzkatela: «Emakume palestinarrak jasaten ari diren genozidioa salatzea, Palestinaren aldeko ekinaldi eta mobilizazio feministak antolatzea, erakundeei eta gobernuei presioa egitea Israelera armak bidaltzeari uzteko, eta, azkenik, Israelen aldeko enpresa eta erakunde guztiei boikota egitea».
Hortaz, taldeak erran du kalera ateratzea eta genozidioa salatzea dagokiola mugimenduari, eta horretarako baliatuko dutela heldu den asteburua. Hain justu, Palestinaren aldeko aldarri feministak egitera deitu dituzte herritarrak, urriaren 10ean eta 11n etengabe egon dadin emakume palestinarren aldeko agerraldiren bat. Herrietako elkarretaratzeak tokiko taldeen esku utzi dituzten arren, dagoeneko Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu dituzte ekinaldiak, ortziralerako denak: Gasteizen, 18:30ean Alaba Jeneralaren kalean, Carrefourren aitzinean; Iruñean, 19:00etan Merkaderesen; Donostian, 19:00etan Bulebarren, eta, Bilbon, 17:30ean Arriaga plazan.
«Begira mendebaldeko herrialdeek nola babesten duten Israel, armak bidaltzen, entrenamendu militarrak egiten, proiektuak finantzatzen, bozketetan babesa ematen... eta, noski, feminismoa eta LGTBI+ komunitatearen eskubideak Israelen aldeko gezurrak zabaltzeko erabiltzen dituzte»
EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA
Mugimendu Feministako kideek esplikatu dutenez, emakume palestinarrek «bortizkeria eta indarkeria lazgarria» jasaten dute egunero, eta hori «sistema kapitalista zisheteropatriarkal arrazista eta kolonialistaren adierazpen gorena» da. Horren aurka, lerratzeko beharra nabarmendu dute. Zeren alde? Bada, «Palestinaren alde, Israelen kontra, askatasunaren alde eta sistema arrazista eta kolonialistaren kontra».
Haurrei buruz ere egin dituzten zenbait gogoeta, eta salatu dute ez dagoela genozidioa ez den bertze hitzik haiekin egiten ari direna deskribatzeko. «Gutxienez 20.000 haur erail dituzte azken hilabeteetan, eta gure borroka ere bada haien alde altxatzea».
Kolonialismoaren «isla»
Emakumeengan eta haurrengan jarri dute arreta, baina badauzkate bertze aztergai batzuk ere: harreman kolonialak, erraterako. Mugimendu Feministaren irudiko, genozidioa kolonialismoaren «isla argia» da, eta mendebaldea jartzen du adibide gisa: «Begira mendebaldeko herrialdeek nola babesten duten Israel, armak bidaltzen, entrenamendu militarrak egiten, proiektuak finantzatzen, bozketetan babesa ematen... eta, noski, feminismoa eta LGTBI+ komunitatearen eskubideak Israelen aldeko gezurrak zabaltzeko erabiltzen dituzte».
«Israelgo estatu genozida zuriketa arrosa egiten ari da. LGTBI+ eskubideen aldeko estatu bat dela diote, Palestina ez bezala»
EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA
Ez da mugimenduak azken ideia horri tira egiten dion lehen aldia; aitzitik, Euskal Herriko LGTBI komunitateko hainbat kidek sarritan plazaratu dute. Eta azken oharrean ere azaldu dute: «Israelgo estatu genozida zuriketa arrosa egiten ari da. LGTBI+ eskubideen aldeko estatu bat dela diote, Palestina ez bezala». Mugimendu Feministako kideek erran dutenez, haiek ezin dute halakorik onartu.
Horren guztiaren aurkako «posizio argia» du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta hori erakustera aterako dira auzoetara, kontatu dutenez. «Europako zuri moduan erantzukizun bat daukagu, eta hori salatu egin behar da, baita Israelen konplizeak salatu ere». Hala, Euskal Herriko enpresei, erakundeei eta instituzioei eskatu diete apur ditzatela Israelekin dituzten harremanak, eta har ditzatela, «behingoz», genozidioa amaitzeko neurriak eta erabakiak.
«Guk ez dugu agintarien neurrira proposaturiko bakerik nahi», erran dute, «guk ez dugu haien bakerik nahi. Guk Palestina aske izateko neurriak besterik ez dugu behar». Babesa eta elkartasuna adierazi diete «Palestinako emakumeei eta gorputz disidente orori», eta jakinarazi diete Euskal Herriko Mugimendu Feministak haien eskubideen alde jarraituko duela borrokatzen: «Orain eta beti».