Aldebiko harremanak blindatzea: aurrekari bat eta behar bat

Kontzertu Ekonomikoarekin egin moduan, eskumenen transferentziak auzitegi arruntetan geraraztea galarazi nahi du Eusko Jaurlaritzak. Lege bat onartu nahi du horretarako, auzi horietaz ebazteko ardura Auzitegi Konstituzionalari dagokiola arautzeko.

Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politiketako ministroa eta Maria Ubarretxena Gobernantza eta Autogobernuko sailburua eta gobernuko bozeramailea, gaurko bileran. IREKIA
Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politiketako ministroa eta Maria Ubarretxena Gobernantza eta Autogobernuko sailburua eta gobernuko bozeramailea. IREKIA
aitor biain
2025eko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du atzerritarren ikasketa tituluak homologatzeko eskumenaren transferentzia, eta horrek iraganeko mamuak berpiztu ditu Eusko Jaurlaritzan. Ez baita oso atzera egin behar gogora ekartzeko zer-nolako erasoak egiten zituzten etengabe Espainiako erakundeek Euskal Herriko zerga sistemaren aurka auzitegien bidez. Gernikako Estatutua osatzear den honetan, Madrilen eta Gasteizen arteko aldebiko harremana «blindatzea» da erronka. Izan ere, badago kezka alderdien artean, eta horren erakusgarri da Eusko Legebiltzarraren gehiengoak eskaria egin duela neurriak hartzeko eta halakorik berriz ez gertatzeko.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuak egin zuen eskaria, joan den martxoan: «Lege organiko bat onartu nahi da argi eta garbi arautzeko Transferentzien Batzorde Mistoan hartutako erabakiak Auzitegi Konstituzionalari dagozkiola». Alegia, Jaurlaritzak idatziz jaso nahi du bi gobernuek adostutako eskualdatzeak auzitegi arruntetan ez geraraztea.

Hala egin zuten, hain justu ere, Kontzertu Ekonomikoarekin ere. Espainiako Gorteek lege moldaketa bat onartu zuten 2010ean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerga sistemarekin lotura duten arauak babesteko. Horri esker, Batzar Nagusietan onartutako arau fiskalen aurka egitea zailagoa da orain, soilik Auzitegi Konstituzionalean jar daitekeelako horien aurkako helegitea.

Izan ere, Iñaki Lasagabaster legelari eta Administrazio Zuzenbideko katedradun emerituak azaldu duenez, hiru lurraldeetako arau fiskalek ez dute lege izaerarik, eta, beraz, auzitegi arrunten menpe zeuden. «Administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea nahikoa zen erabakiaren aurka egiteko; eta horrek epaileari ematen zion botere guztia». Errioxako eta Gaztela eta Leongo erkidegoek, esaterako, behin baino gehiagotan egin zuten zerga arauen aurka, iritzita Kontzertu Ekonomikoa «pribilegio» bat dela.

Ziurgabetasun juridiko horri amaiera eman zion 2010eko lege aldaketak. Konstituzionalak ziurtatu baitzuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako zerga arauek babes berezia dutela Kontzertu Ekonomikoarekin lotuta daudelako, eta, beraz, Espainiako Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak bermatzen dituelako. «Horiek hala, gaur-gaurkoz hiru foru erakundeetako zerga sistemak babestuta daude, eta soilik Konstituzionalak ebatz dezake horien inguruan».

Lege berri bat

Jaurlaritzak gauza bera egin nahi du orain Gernikako Estatutuan jasotako eskumenen transferentziarekin. Herenegun, Maribel Vaquero EAJk kongresuan duen bozeramaileak iragarri zuen jeltzaleek lege proiektu bat aurkeztuko dutela, Auzitegi Konstituzionala izan dadin eskumenen auziaz ebatz dezakeen organo bakarra.

Lasagabasterrek azaldu duenez, «ezin dira bi kasuak alderatu»; izan ere, Auzitegi Konstituzionalaren jarduera arautzen duen legea moldatu zen orduan, eta orain lege berri bat onartu nahi da. Helburua bera da, dena den: lege babesa izatea, haien aurka egitea are zailagoa izan dadin. Izan ere, Transferentzien Batzorde Mistoan hartutako erabakiak dekretu bidez arautzen dira —gobernuak onartutako arau baten bidez—, eta, beraz, arau horiek auzitegi arruntetan ebatz daitezke.

Lasagabaser: «Orain lege bat nahikoa da esateko hori Auzitegi Konstituzionalak ebatzi behar duela; ez da beharrezkoa lege aldaketa bat». Horixe egitea proposatu du EAJk, hain zuzen ere. «Beharrezkoa da auzi instantzia bat gaitzea, Auzitegi Konstituzionalari aukera emango diona Estatuaren edo autonomia erkidegoen eskumenen interpretazioa berrikusteko». Izan ere, jeltzaleek argudiatu dutenez, Espainiako Konstituzioaren arabera, Konstituzionalak du Estatuaren eta erkidegoen arteko eskumen gatazkak ebazteko ardura.

Vaquerok babesa eskatu zion Sanchezi, legea onartu ahal izateko. Baina ikusteko dago kongresuan zer bide egingo duen eta zer jarrera hartuko duten Espainiako Gobernuaren gainerako bazkideek.

ALDEBIKOTASUNA, ESTATUS BERRIRAKO GILTZA

Gernikako Estatutua ordezkatuko duen testu berria onartzeko elkarrizketak abian diren honetan, euskal nazioak Espainiako Estatuarekin izan beharko lukeen harremana da gakoetako bat, nazio aitortzarekin eta erabakitzeko eskubidearekin batera. Jeltzaleen aspaldiko eskaera da aldebiko harreman osoa bermatzea eta horri lotuta eskumen gatazken inguruan ebatziko duen «arbitraje batzorde bat» eratzea. «Atzerapausoak ekiditeko eta indargabetzeko berme sistema» izan du hizpide EH Bilduk ere, «herri gisa estatuekin izan beharreko aldebiko harremana» aipatzean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.