Rafael Casanova Bartzelonako kontseilari nagusi izan zenari urtero egin ohi zaion lore eskaintzan izan dira EAJko eta EH Bilduko ordezkari gorenak, gaur, Bartzelonan. Diada egunez, alderdi abertzaleek Kataluniaren eta Euskal Herriaren «nazio izaera» aldarrikatu dute, eta ziurtatu Espainiako Estatuak duen «nazio aniztasunaren aitortza egitea» ezinbestekoa dela aurrera egiteko.
Ordezkari jeltzaleek Junts per Catalunyarekin batera parte hartu dute ekitaldian. EBBko presidente Aitor Esteban eta EBBko idazkari eta eusko legebiltzarkide Maitane Ipiñazar izan dira Bartzelonan. Estebanek hedabideei esan die «erratu» egingo duela Euskal Herria «beste autonomia erkidego bat balitz bezala» hartzen duenak; «hori baino askoz gehiago gara: martxan dagoen herria gara, Europarekiko bokazio argia duena», esan du EAJko buruak. Haren arabera, aitortza hori, «naziotzat hartzea», izango da «arazoak eta elkarrizketa bideratzeko» modurik zuzenena.
Horrez gain, Estebanek Amnistia Legea izan du hizpide. Iritzi dio argia dela Europako auzitegiek Amnistia Legearen inguruan eman duten epaia: «Ezinbestean aplikatu behar dira Espainiako Kongresuan gehiengo zabal batez adierazitako borondatea, onartutako legea eta Europako auzitegiek emandako epaia. Premiazkoa da hori albait arinen egitea, eta, hortik aurrera, gauza gehiago eraiki ahal izango dira, eta jakingo dugu Kataluniako gizartearen eta herriaren benetako borondatea zein den».
Kataluniako zenbait eragile politiko oraindik euren aberrira joan ezinik daude, tartean Generalitateko presidente ohi Carles Puigdemont, Espainiako justizia Amnistia Legearen aplikazioa oztopatzen ari baita. «Ez da onargarria», esan du jeltzaleen buruak, eta galdegin du «pieza guztiak lerraturik» jartzea, «denak joko taula berean aritzeko»; hala egiten ez bada, ez da lortuko «gizartearen borondatearen argazki finkorik».

EH Bildu eta olatu erreakzionarioa
EH Bilduko ordezkariek ere egin dute lore eskaintza, Bartzelonan. Diadan izan dira Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko eleduna, Laura Aznal Nafarroako Parlamentukoa, Idurre Bideguren Senatuko eledunordea eta Eba Blanco EAko idazkari nagusia. «Estatuaren errealitate plurinazionala aitortzea eta bermatzea da bide onena olatu erreakzionarioari aurre egiteko», esan du Aizpuruak; «gure herriek beren etorkizuna libreki erabakitzeko gaitasuna defendatzen dugu», gehitu du.
EH Bildu aldebiko bilerak egiten ari da egunotan beste indar subiranista batzuekin, baita Espainiako ezker konfederalarekin ere, eta Aizpuruak berretsi du «elkarlanean» jarraitu nahi dutela, «indarrak batzen». Hala, helarazi duenez, eskubideak «birzentralizatu, uniformizatu eta murriztu» nahi dituztenei aurre egiteko, EH Bilduk «demokrazian, eskubide sozialetan eta burujabetzan sakonduz» erantzungo du, Euskal Herriak eta Kataluniak «beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutelako».