Alderdi guztiak dantzan azaroaren 29ra begira

Hilabete falta da azaroaren 29ko hauteskundeetarako, eta alderdietan buru-belarri ari dira jada bozetarako prestatzen. Azken urteotan egindakoaren emaitza dira talde bakoitzaren egungo kokagunea eta bozetan izan ditzaketen aukerak.

Maria Txibite eta Pedro Sanchez, 2023ko hauteskunde kanpainan. IÑIGO URIZ / FOKU
Maria Txibite eta Pedro Sanchez, 2023ko hauteskunde kanpainan. IÑIGO URIZ / FOKU
Xabier Martin - Joxerra Senar
2026ko urriaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaitu da espekulazioen garaia. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak botoia sakatu, eta alderdi guztiak dantzan jarri dira azaroaren 29ra begira. Orain gutxira arte, inkestetan zailtzat jotzen zen sozialistek lehiarako aukerarik izatea, baina orain badirudi badutela, eta baliatu egin nahi dute. UPNk eta PPk, berriz, lau urte eman dituzte zain. EAJk, EH Bilduk eta Geroa Baik, bestalde, ihes egin nahiko diote Espainiatik nagusituko den diskurtsoari, eta Espainiako ezker konfederala bereizita aurkeztuko da Hego Euskal Herrian ere; are, baliteke zatiketa horrek dena baldintzatzea.

Hegoaldeko panorama politikoa aztertu dute Ion Ansa politologoak eta Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko kazetariak BERRIArentzat, bozetarako hilabete falta den honetan. Sanchezek jokaleku politikoa astindu du, eta, Lakastaren esanetan, politikoki trebea izan da garaia aukeratzeko orduan. «Ez dakit lortuko duen, baina duela bi hilabete esango genukeen ezetz; orain, berriz, zalantzak dauzkagu».

PSE-EE / PSN

Historikoki, Espainiatik etorritako olatuak bultzatuta PSOEk botoak bildu ditu Hego Euskal Herrian, baina, Lakastaren ustez, PSNk «oso zail» izango du lehen postua eskuratu eta 2023ko emaitzak berdintzea Nafarroan. «Emaitza onak lortuko ditu. Espainiako haizeak garrantzia izan ohi du haren emaitzetan, eta botoak bereganatuko ditu ezker konfederalaren eremutik eta Geroa Baitik». Are uste, du balitekeela sozialistek aurrekoetan EH Bilduri botoa eman diotenen babesa izatea ere. Lakastaren irudiko, PSNk Cerdan auziaren higadura arindu du hauteskunde hauei begira. «Kinka honetan, ez dago eskandalurik bide ematen duenik pentsatzeko Nafarroako Gobernuarenak edo Maria Txibiterenak egin duela. Hori salbatu dute oraingoz».

EAEn, berriz, PSE-EEren eta EH Bilduren artean ia 16.000 botoren aldea egon zen 2023an, Ion Ansak gogoratu duenez. PSE-EEk irabazi zituen bozak, eta baliteke orain ere nagusitzea, «esparru konfederalaren aldagai hori tartean dela». Hegoalde osoan irabazteko aukera du. «Duela lau urte, 50.000 botoren aldearekin izan zen lehen indarra Hegoaldean; ez du ematen PSOEk diputaturen bat galduko duenik orain».

Nafarroan, UPNren eta PPren arteko batura eta PSN ez daude hain urrun; «bat eta bat askotan ez dira bi izaten, eta Vox ere hor dago —akordiorik egiten ez badute hautagaitza ken dezan—», dio Ansak. Eta Sumarren 44.000 botoak ere hor daudela azpimarratu du politologoak: nola banatuko diren ikusi behar. «Geroa Baik, berriz, 10.000 atera zituen, eta boto banaketa ikusi beharra dago jakiteko PSN lehen indar izango ote den Nafarroan».

EH Bildu

EH Bilduk goranzko joera sendoa dauka, eta ez da erraza izaten kanpaina batean halakoak aldatzea, Ansaren arabera. Hala ere, azken astea iritsi arte zaila izaten da zenbait gauza aurreikustea. «Espekulazioak egin daitezke, bai, baina orain arteko inkestek ez dute askorik balio. Esaterako, EH Bilduri eman dizkioten zenbait emaitza ez dira arrazoizkoak. Joerak eta benetako emaitzak ez dira gauza bera».

Espainiara egin du salto eginda, «Sanchez efektua» hartu du hizpide Ansak. «Han eskuina mobilizatua dago, eta 11 milioi boto inguru ateratzeko aukera du, azken hauteskundeetan bezala. Ezkerrak mobilizatu egin behar du, eta emozio pilo bat ereiten ari dira. Pedro Sanchezek kanpaina erabat populista bati ekin dio, Hugo Chavezen eta Barack Obamaren arteko molde batekin. Dena emanda ari da, eta azken astera arte ez dugu ikusiko horrek guztiak nola eragingo duen Hego Euskal Herrian». Eta, hala ere, Ansak ez du uste Sanchezen aldeko mobilizazio handia izateak EH Bilduren goranzko joera etengo lukeenik.

Gipuzkoan, koalizio abertzaleak «benetako aukerak» dauzka beste diputatu bat lortzeko. «Ez da erraza, baina gerta daiteke», Ansaren esanetan. Nafarroan bi eserleku lortuko dituela pentsatzea, ordea, «irrazionaltzat» dauka, koalizioa «hirugarren indarra izango baita». Hala ere, Sanchezen aldagaiak ez ezik, Fronte Zabalaren eta Sumarren esparruak ezarriko du, azkenerako, EH Bilduren «hazkundea zenbatekoa izango den». Hegoaldean, Sumarrek 172.000 boto lortu zituen 2023an. «Espazio hori husten bada, boto asko PSE-PSNra eta EH Bildura joango dira. Hori funtsezkoa izango da Hegoaldeko azken emaitzetan». Kontua da boto emaileek ez dutela, oro har, hain ikuspegi estrategikoa, eta ez dutela pentsatzen 10.000-20.000 botok zenbat alda dezaketen taula.

Juan Kruz Lakastak, berriz, gogoratu du eskuinaren zatiketak mesede egin ziola EH Bilduri 2023an, eta bigarren geratu zela Nafarroan. Oraingo honetan hori ia ezinezkoa izango bada ere, Lakastak iritzi dio «oso emaitza onak» lortuko dituela. «EH Bildukoek aurretik jartzen dute PP eta Vox gobernura ez iristea. Horrela bermatzen dute zalantzan daudenen botoek ihes ez egitea. Ez dira asko izanen, baina, egungo kinkan, asmatu dute». Era berean, Nafarroan «eroso» ikusten ditu, protagonismoa baitaukate baina gobernuaren loturarik izan gabe.

(ID_16549774) ESPAÑA ELECCIONES EH BILDU
EH Bilduren hautagaitzen aurkezpena, Donostian. JUAN HERRERO / EFE
EAJ

2023ko bozetan, alde txikiarekin izan bazen ere, EAJ bigarren indar izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiru lurraldeak multzo bakar gisa hartuta. «Baina EAJk beheranzko joera izan du hauteskunde ziklo osoan», argitu du Ion Ansak. Haren arabera, EAJk «boto oinarri sendoa» dauka: 277.000 boto atera zituen, eta ikusteko dago hortik zerbait galtzeko arriskua benetakoa den ala ez: «Baliteke batzuk galtzea, baina hondoratzea ez».

Kontua da eserleku batzuk «jokoan» dituztela jeltzaleek. «Bizkaian, lehen indarra izan zen EAJ; orain, baliteke bigarrena izatea, baina horko bi eserlekuak bermatuta dauzka. Araban, berriz, laugarren indarra izan zen, eta posible da berriz ere posizio horretan geratzea. PSEk eskuratutako botoak EAJrenak halako bi badira, jeltzaleek eserleku hori galduko dute». Gerta daiteke hori? Bai, «baldin eta esparru konfederalaren hondamendia baldin badator», Ansak azaldu duenez. «Baliteke milaka boto PSEra joatea. 21.000 boto lortu zituen esker konfederalak 2023an; bada, PSEk 3.000 boto gehiago lortzen baditu eta EAJk 3.000 galdu, jeltzaleek eserleku hori galduko dute».

Gipuzkoan ere antzeko agertokia du EAJk. Haren bigarren eserlekua «ez dago bermatua». «Lehenengo indarrak eskuratutako botoen bi heren beharko ditu bigarren eserlekua ez galtzeko». Teorian, Araban baino «erosoago» eutsi ahal izango dio bigarren eserlekuari, baina ez da «erokeria» pentsatzea ez dela iritsiko EH Bilduren emaitzaren bi herenera. «posible baita EH Bilduk Ahal Dugu-ren eta Sumarren boto asko jasotzea», gogoratu du Ansak.

Nafarroan, Geroa Bairen barruan da EAJ. Koalizio horrentzat oso ataka zaila da azaroaren 29koa, Lakastaren ustez. «Erronka nagusia da emaitzek ondoriorik ez izatea maiatzeko hauteskundeetan, eta asmatu egin beharko dute diskurtsoan, norabidean», azaldu du. Haren irudiko, EH Bilduk ia ezinezkoa duenez bigarren diputatua lortzea, baliteke haren boto emaileak erakartzeko mezua erabiltzea Geroa Baik. Iazko otsailean, EH Bilduk elkarlanerako deia egin zuen Kongresuan, eta, mezu hori baliaturik, Geroa Baik eskua luzatu dio azken orduan, lankidetzarako proposamena eginda, Lakastak gogoratu duenez. «Ez dakit zer gertatu den. Joko taulak Euskal Herri osoa hartzen du, eta hala EAJn nola EH Bildun bestelako interesak nagusitu dira. Nire irudipena da Nafarroan posible izan zitekeela».

(ID_16544421) (Aritz Loiola/@FOKU) 2026-10-17, Bilbo. Hauteskundeak, EAJren kongresu eta senaturako hautagaien aurkezpena
Espainiako Gorteetarako EAJren hautagai nagusiak. ARITZ LOIOLA / FOKU
UPN-PP

Haien arteko diferentziak gaindituta, elkarrekin aurkeztuko dira berriro UPN eta PP. «Koalizio iragarritako baten kronika da, bai eta ia ezinezkoa den koalizio baten kronika ere, aldi berean», Lakastak azaldu duenez. Nafarroako eskuinean «pragmatismoa» nagusitu da, eta «eraginkorrena den formula» baliatu dute berriz ere. «Eskuinak ez du batere arazorik hala komeni den lekuetan auzolanean jarduteko, eta komeni ez denetan ez», azpimarratu du kazetariak. Gaineratu du «abantaila» emango diela ordezkari gehiago lortze aldera.

Izan ere, 2022ko lan erreformaren bozketak sortutako arrakala gainditu behar izan dute. UPNk Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero alderditik bota, eta biek PPrekin bat egin zuten. Are, Sayas PPren Nafarroako buruzagia da orain, eta Adanero, berriz, ordezkari nagusietakoa. «Transfuga batzuk daude tartean, eta ez dakit badagoen gainditzeko hori baino zailagoa den arazorik. Lezio bat eman dute», onartu du Lakastak.

Duela hiru urte, bereizita aurkeztu zirenean, hirugarren geratu zen UPN, eta laugarren PP, baina Lakastak argi du oraingoan lehen indarra izango direla, baita «gutxienez bi diputatu» lortuko dituztela ere. Bestea da oraingo apustu horrek nola eragingo dion UPNri maiatzeko bozei begira. «2015ean Nafarroako jauregia galdu zutenetik, zalantzan egon dira, balantzaka». Baina ez dute zentrorantz jo: «Nahiago izan dute inork eskuinetik ez higatzea, eta PPren eta Voxen blokearekin lerratu dira». Horrez gain, olatuaren aparretan dabil Vox, baina ez dago batere argi Nafarroan zer emaitza lortuko dituen. Senatuan hautagai bakarra aurkezteak mesede egingo die PPri eta UPNri.

Beste lurraldeei dagokienez, Gipuzkoan PPk eserleku bat ateratzeko aukera duen ustea zabaldu da, baina «izugarrizko ezustea» litzateke, «oso-oso urrun baitago aukera hori», Ansa politologoaren arabera. «Bizkaian eserleku bat ziurtatua du, eta Araban ere bai ia; halakorik izan ez dadin, Voxek ezuste handia eman beharko du Araban. EAEn, PPk beheranzko joera du dena den, nahiz eta azken bozetan boto igoera txiki bat izan. Ez du ematen PPk gora egingo duenik orain. «Are, PSEk modua egiten badu PPren boto kopurua halako bi lortzeko Araban, PPk galdu egingo du eserleku hori».

(ID_15713903) ESPAÑA NAVARRA PARTIDOS UPN
Cristina Ibarrola UPNko burua alderdi horren ekitaldi batean. JESUS DIGES / EFE
Espainiako ezker konfederala

Espainiako ezker konfederaleko jendearen artean «dezepzio handia» zabaldu da buruzagien jarrera dela eta, Ansak azpimarratu duenez. «Akordiorik lortu ez izanak eta emandako itxurak ez dute laguntzen botoei eusteko orduan, eta benetako beldurra dago PPk eta Voxek gobernua osatuko ote duten». Gainera, Sanchez ezker konfederalari begira egiten ari da kanpaina osoa, Ansaren ustez. Bada, bozkatzaile multzo horretako zenbatek babestuko dute berriz ezker konfederala, zenbatek joko dute abstentziora, eta zenbatek erabakiko dute EH Bildu, PSE-EE eta PSN babestea? Hori da boz hauetako «gakorik garrantzitsuenekoa», Ansaren hitzetan.

2023an, Sumarrek Bizkaian atera zuen Hegoaldeko diputatu bakarra. Galtzeko arriskurik badu oraingoan? «10.000 boto PSEra joatea nahikoa litzateke sozialistek Bizkaiko hirugarrena atera eta Fronte Zabala diputaturik gabe geratzeko», erantzun du. Sumarrekoei ez zaie erraza izango diputatu horri eustea, Ansaren ustez. Ahal Dugu-ren aukerak, berriz, «are urriagoak» dira.

Nafarroan, Zurekin Nafarroa koalizioa osatzeko gai izan ziren duela lau urteko foru hauteskundeetan, baina, oraingo honetan, eremu horretako zatiketaren uhinak gogor jo du. Nafarroan ere bereizita aurkeztuko dira Fronte Zabala eta Podemos. «Madrildik ezarri diete erritmoa eta pausoa. Bistan denez, desastre handia izan da azkenean. Pena da, Nafarroan espazio garrantzitsua baita», azaldu du Lakastak. 2023an, Sumarrek ez zuen diputaturik lortu Nafarroan, baina 43.000 boto bildu zituen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA