ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Alegazio tekniko bat egin dute Ikatz Gane zentral eolikoaren kontra

Urumea Bizirik-ek herri alegazio bat ondu du, jendeak sinatu ahal izateko, baina beste herritar talde batek 100 orrialdeko txosten tekniko bat egin du. 22 kexa jaso dituzte alegazio teknikoan.

Parke eoliko bat, Oñatin (Gipuzkoa). JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Parke eoliko bat, Oñatin (Gipuzkoa). JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
inaut matauko rada
2026ko apirilaren 23a
15:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hernani (Gipuzkoa) eta Arano (Nafarroa) arteko mendilerroan bost aerosorgailuz osatutako zentral eoliko bat egin nahi du Enigma Green Power enpresak, eta jendaurrean da proiektuaren txostena, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Urumea Bizirik taldeak herri alegazio bat egin du, eta jendearen esku jarri du sinatu ahal izateko, baina oraingoan herritar batek ia 100 orrialdeko txosten tekniko bat egin du, 22 puntuz osatua.

Proiektuak dituen ustezko akatsak dira, hainbat aferatakoak. Kexa batzuk administratiboak dira; alegazioaren arabera, enpresak ez du Aranoko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin hitz egin tokiko administrazioen kontsulta fasean. Bestalde, proiektua «lurraldearen antolamenduarekin bateraezina» dela uste du alegazioa ondu duen herritarrak.

Ingurumen alorreko alegazio ugari ditu txostenak. Esaterako, salatu du proiektuak «izugarrizko eragina» izango duela landaredian, eta babestutako hainbat espezieri eragingo diela. Tartean daude heletxilla, baladrea eta Soldanella villosa, besteak beste. Bestalde, azaldu dute proiektua basoen birnaturalizaziorako egitasmoen kontrakoa dela.

Animalia basatiengan ere inpaktua izango duela zehaztu dute txostenean, batez ere espezie hegalariengan. Zarata eta habitaten galera izango lirateke lurreko animaliengan izango lituzkeen kalte nagusiak. Eta espezie hegalariei dagokienez, 90 hegazti espezie eta hamabost saguzar espezie zenbatu dituzte inguru horretan; hegazti espezie horietako 24 babestuta daudela gogorarazi dute. Haize erroten eta ebakuazio lineen eremuan hegaldien neurketak egin dituzte, eta ondorioztatu dute heriotza arrisku handia dutela, besteak beste.

Gainazaleko urei kalte egiteko arriskua ere aipatu dute, giza ondarea ere kaltetua izango dela uste dute, paisaian «inpaktu handiak» izango direla aurreikusi dute, eta azaldu dute proiektuak ez duela beste «benetako alternatibarik» aztertzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA