Urtarrilean Sustrai Erakuntza fundazioak iragarri zuen herri alegazio bat ondu zuela Iruñea eta Altsasu (Nafarroa) arteko abiadura handiko trenaren proiektuaren kontra, eta esan zuen txosten teknikoago eta landuagoak prestatzen ere ari zela. Bada, fundazioko kideek gaur jakinarazi dute jada aurkeztu dituztela txosten horiek; adierazi dute albiste ona dela azken hilabetean proiektuaren kontra dagoen aurkakotasuna, eta horretan sakontzeko beharra azpimarratu dute.
Izan ere, garbi utzi dute haien aurkakotasuna ez dela proiektuaren zati jakin batzuen kontrakoa, baizik eta trenbidearen funtsaren kontrakoa: «Ingurumen, gizarte eta ekonomia iruzur erraldoia den obra baten aurrean gaude. Lurraldearen eta bertan bizi direnen aurkako eraso sakona da. Ondorioz, alegazioen oinarria AHTaren justifikazioa, beharrezkotasuna eta bideragarritasuna zalantzan jartzea da, eta hura geldiarazteko eskatzea».
Sei puntutan laburtu dute proiektuaren kontrako fundazioaren posizioa. Lehenik eta behin, uste dute ingurumen ebaluazioari buruzko legedia urratu dutela, egun dagoen trenbidearen hobekuntza eta zero alternatiba delakoa ez baitira aztertuak izan. Bestalde, proiektuaren zatiketa «artifizialki eta modu interesatuan» egin dutela uste dute. Izan ere, lehen Iruñetik iparralderako zatia bakarra zen, euskal Y-arekin lotu arte, baina orain hori bitan zatitu dutela nabarmendu dute.
Metatze efektua
Horrez gain, trenbide berriak metatze efektua sortuko duela argudiatu dute, Sakanan batez ere: «Gaur egun, Sakanan azpiegitura linealak daude bost kilometroko zabalera baino ez duen korridore batean, eta 35 kilometroko luzera du: autobidea, errepideak, ohiko trenbidea, gaur egungo bi linea elektrikoak, gasbideak... eta horri AHTaren proiektua gehitu behar zaio». Azpiegitura horiek paraleloki eraikitzen direnez, hesi efektua sortzen dutela azaldu dute, Sakanaren iparraldean Aralar baitago, eta hegoaldean Urbasa.
Horrekin lotuta, azaldu dutenez, naturagune batzuetan kalteak sortuko ditu azpiegiturak, babestuta dauden eta galtzeko arriskuan dauden espezie batzuei, adibidez. Azkenik, Lurralde Antolamendurako Plana urratzen duela ere esan dute, eta proiektuak ekonomikoki eta sozialki errentagarritasunik ez duela.
Azken hilabeteetako egoeraz ere hausnartu dute. Uste dute AHTa bultzatzen ari direnak —Espainiako eta Nafarroako gobernuak eta AHTaren aldeko plataforma— aktiboki lanean ari direla azkenaldian: «Indartsu sentitzen dira, eta Espainiako aurrekontu orokorren babesa dute. Aurrekontu horiek urtero ematen dituzte horretarako diru sailak. Inoiz ez da azken hamalau urteetan bezainbeste diru jarri AHTaren alde».
Hala ere, horiei aurre egiteko herri mailako egitasmoak ere gehiago direla ikusi dute, eta pozik jaso dute albiste hori. Hain zuzen, AHTa gelditu ahal izateko bidea hori dela uste dute, bai baitakite alegazioek ez dutela «AHTa geldituko».