AHT

Iruñea eta Altsasu arteko AHTaren proiektuaren kontrako herri alegazio bat ondu du Sustrai Erakuntzak

Herritarren esku utzi du fundazioak alegazioa, uste baitu gizarteari eta ingurumenari kalte egingo diola proiektuak. Martxoaren 6a izango da alegazioa aurkezteko azken eguna.

AHTa eraikitzeko lanak, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
AHTa eraikitzeko lanak, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
inaut matauko rada
2026ko urtarrilaren 14a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sustrai Erakuntza Fundazioa ez dago ados Iruñerria eta Altsasu lotuko dituen AHTaren proiektuarekin. Uste du azpiegitura horrek izango dituen inpaktuak «oso kezkagarriak» direla, eta horregatik herri alegazio bat prestatu du, eta publiko egin, herritarrek aurkeztu dezaten. «Alegazioaren eredua erraza» dela zehaztu dute, eta AHTaren proiektuarekin «sentsibilizatuta» dagoen orori dei egin diote alegazioa aurkezteko, izan norbanako, eragile edo elkarte. Fundazioaren webgunean eskuragarri dago alegazioaren dokumentua.

Fundazioaren arabera, proiektuak lur gehiago bihurtuko ditu artifizial, «milioika metro koadro» hartuko baitituzte trenbidea egiteko eraiki behar diren azpiegiturek, eta «produktibitate handiko laboreak, belardiak, larreak, hostozabalak eta baratzeak» desagerraraziko dituzte. Gainera, Itzako eta Sakanako herriak «zatituta» geratuko direla iragarri dute, baita lursail partikularrak eta herri lurrak desjabetuko dituztela ere.

Naturari dagokionez, Natura 2000 Sareko eremuetako biodibertsitatearen aurkako mehatxua «kontuan hartu gabe» ondu da proiektua, fundazioaren esanetan. Hori dela eta, uste dute «oso garrantzitsua» dela proiektuari «ahalik eta arbuio eta aurkakotasun handiena adieraztea». Alegazioa «xumea» dela nabarmendu dute, baina «edozein pertsonak edo erakundek» sinatu dezake eta Espainiako Gobernuan aurkeztu. Gainera, fundazioak beste alegazio propio landuago bat aurkeztuko du.

Espainiako Gobernuak 2025eko abenduaren 18an jarri zuen jendaurrean trenbide horren proiektuaren txostena, oraindik Nafarroako AHTa eta euskal Y-a nondik lotuko duten zehaztu ez badute ere. Urte hasieran adierazi zuen Sustrai Erakuntzak proiektuaren aurka zegoela, eta gaur eskaini die herritarrei alegazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.