Alerta gorena eta neurri bereziak ezarriko dituzte bihar Nafarroan, bero handiak dakarren sute arriskuagatik

Bero handiagatik etxegabeei arreta berezia emateko protokoloa lehen aldiz aktibatu dute Iruñean. Nafarroako Gobernuak, berriz, laborantzako aktibitatea murrizteko agindu du: EHNEk horren aurkako elkarretaratzea egin du goizean.

Suhiltzaileak, asteartean, Nafarroako Izarbeibarren piztutako sutea itzaltzen. IÑIGO URIZ / FOKU
Suhiltzaileak, asteartean, Nafarroako Izarbeibarren piztutako sutea itzaltzen. IÑIGO URIZ / FOKU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko abuztuaren 7a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bero handia denetara hedatzen ari delarik, zenbait sute piztu dira Nafarroan. Tenperaturak ez baitira segidan jaitsiko, Nafarroako Gobernuak alerta gorena jarriko du bihar, eta neurri bereziak ezarriko ditu suteak saiheste aldera. Iruñeko Udalak, berriz, jakinarazi du lehen aldiz aktibatuko duela bero handiagatik etxegabeei arreta berezia emateko protokoloa; orain arte, neguko hotzagatik baizik ez da aktibatua izan.

AEMET Espainiako Meteorologia Agentziak tenperatura maximoen alertak aktibatu ditu ia Nafarroa osoan, eta asteburu guztian iraungo dute. Gaur 13:00etan hasita eta 20:59ra arte, Erdialdea, Erribera eta Pirinioak alerta horian egonen dira, 37 graduko gehienezko tenperaturak aurreikusi baitituzte. Ostiralean,  alerta laranjara igoko dute Pirinioetan, eta beste bi eskualde horietan alerta horiari eutsiko diote. Larunbaterako, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan alerta horia ezarrita dago.

Laborariak, neurriez haserre

Astearte arratsean Nafarroako Gobernuak arau bat onartu zuen, eta hainbat jarduera debekatu zituen, suteak izateko arriskua handia baita egunotan. Agindu horren arabera, urbanizagarriak ez diren lurretan, sua erabiltzen duten edo txinpartak pitz ditzaketen makinak ezin dira erabili nekazaritzan, basogintzan eta beste edozein jardueratan. Kontua da asteartean bertan sute bat piztu zela Nafarroako Izarbeibarren, eta paketatze makina batek eragin zuela lehen txinparta. Zehazki, Eneritz, Muruzabal, Añorbe eta Obanos herrietako lurrak erre dira, tartean jada bildutako zerealen lur batzuk eta pinudi bat. Suhiltzaileek astearte gauean lortu zuten sutea kontrolatzea; ez da inor zauritu, eta egoera bere onera itzuli da. 

Neurri horiek direla eta, tirabirak sortu dira Nafarroako Gobernuaren eta lehen sektoreko sindikatuen artean: UAGN eta EHNE sindikatuek gaitzetsi egin dute araua, erraterako. Horiek hola, Nafarroako Gobernuak atzo adierazi zuen arau hori malgutzeko lanetan ari zirela, egoerak hobera egin zuelako; baina atzo arratsean bertan beste sute bat piztu zen Artaxoa eta Añorbe artean; ez zuen zerikusirik bezperakoarekin, hura itzalia baitzuten.

EHNEk elkarretaratzea egin du gaur ,hartutako neurrien kontra beti kexu. Fermin Gorraiz sindikatuaren Nafarroako adarreko lehendakariak gobernuari galdegin dio «nekazariekin gehiago kontatzea». Haren ustez, hartu dituzten neurriek «lehen sektoreko lan guztiak paralizatzen» dituzte, eta ezin dira «hain drastikoak izan». Astearte gauean neurriaren malgutzea negoziatzen aritu ziren, baina, haren ustez, erdietsitakoa ez da nahikoa: «Oraino ere anitz lan badira ezin ditugunak egin: adibidez, uztak biltzea».

(ID_15207312) ESPAÑA INCENDIOS FORESTALES
EHNEren elkarretaratzea, Iruñean. JESUS DIGES / EFE

Etxegabeentzako plana

Baserrialdeetatik harago eragiten baitu azken egunetako bero handiak, Iruñean ere neurriak hartu behar izan dituzte, etxegabeei babesa ekartzeko: lehen aldiz aktibatuko dute bero handiagatik arreta berezia emateko protokoloa, orain arte hotz larriagatik baizik ez zutena aktibatzen, neguan. Funtsean, hotzak eta beroak, muturrera doazelarik, segurtasun eta bizikidetza zibiko zerbitzuei eta gizarte ekintzako zerbitzuei eragiten die.

Orduan, zerbitzu horietaz gain, udalak agindu du Etxerik Gabekoen Arreta Zentroaren edukiera aldi baterako handitzea, 50 lagun hartu beharrean 58 harturik eta ordutegia aldatuz. Horrela, 12:00etatik 19:00etara, egun beroenetan, gutxienez beste egunetan baino zortzi pertsona gehiagok ahal izanen dute atseden hartu, dutxatu eta jan. Lehentasuna emanen diete egoerarik ahulenetan direnei: adingabeei, eriei, 65 urtetik gorakoei eta bakarrik diren emazteei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.