Nefrologo erretiratua

Ales Elosegi: «Rosa Zarraren kasuko isiltasun erabatekoaren aurrean, norbaitek eman behar zuen pauso bat»

Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela aitortuta, Ales Elosegi medikuari ere aitortu zaio egia berak esan zuela; bertsio ofiziala asmatu egin zuten. Igandean beteko dira 30 urte, eta tarte horretan ez du batere babesik izan.

Ales Elosegi nefrologo erretiratua, etxean. JON URBE / FOKU
Ales Elosegi nefrologo erretiratua, etxean. JON URBE / FOKU
jon ordonez garmendia
2025eko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Ez, ni ez nintzen Rosa Zarraren medikua». Duela hamar urte hartu zuen erretiroa Ales Elosegik (Donostia, 1951). Nefrologoa zen, eta Donostia ospitalean egin zuen lan 32 urtez. Etxean kontsulta pasatu ez izanagatik, badu haren etxeak kontsulta itxura: ordenagailua sarreran dauka, eta karpetaz eta orriz betea du egongelako mahaigaina; horien gainean, binilozko eskularruak, eta Larousse entziklopedia hori-urdin bat apaletan. «Baina inork ez zuen ezer esaten, eta Rosa Zarraren kasuko isiltasun erabateko horren aurrean, norbaitek eman behar zuen pauso bat aurrera. Medikua naiz, eta behartuta nago gauzak argi esatera».

Igandean beteko dira 30 urte Ertzaintzaren pilota batek Rosa Zarra jo zuela. Eragindako zaurien ondorioz, ekainaren 30ean hil zen. Urte hauetan guztietan berezko heriotzaren bertsioari eutsi diote erakundeek, baina ospitaleko solairuko mediku batek hasiera-hasieratik egin zuen horren kontra. Martxoan Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak Zarra Poliziaren biktima izan zela aitortu zuen, eta egia eta bidegabekeria aitortu zaio Elosegiri, zeharka bada ere: «Nik asko sufritu dut. Ikaragarri».

«Ez Poliziak, ez Jaurlaritzak, ezta Osakidetzak ere, inork ez zuen ezer esan. Nire kabuz jokatzea erabaki nuen»

ALES ELOSEGINefrologo erretiratua

Euskara ikasteko eskola partikularrak hartzen ditu etxean, eta aditzak ikasi eta errepasatzeko apunteen aurrean, euskaraz kontatu du 30 urte horietan bizi izandakoa. «Garai hartan, ospitalean giro berezia zegoen. Beti izan da, esan nahi dut, jendea oso koldarra, eta halako gauzak gertatzen zirenean isiltasuna erabatekoa zen. Hala gertatu zen Rosa Zarrarekin. Ez Poliziak, ez Jaurlaritzak, ezta Osakidetzak ere, inork ez zuen ezer esan. Nire kabuz jokatzea erabaki nuen». 1995eko ekainaren 22an jo zuen ertzain batek gomazko pilota batekin Zarra, sabelean. Giltzurruna transplantatua zuen 11 urte lehenago. Heriotzaren biharamunean, uztailaren 1ean, Gipuzkoako Instrukzio Epaitegiko bi forentsek autopsiaren txostenean idatzi zuten balbula mitralaren zahartzeak eta kaltzifikatzeak eragin zutela heriotza, eta baztertu egin zuten zortzi egun lehenago hartutako pilotakadarekin zerikusia zuela. Iñigo Iruin familiaren abokatuak izendatuta, German Salaberria EHUko Medikuntza doktoreak peritu txosten bat egin zuen, eta azaldu zuen traumatismo bat zegoela heriotzaren jatorrian. Juan Mari Atutxa Eusko Jaurlaritzako Barne (Segurtasun) sailburuak berez hil zela esatea erabaki zuen.

Elosegi ez zen Zarraren medikua. Giltzurrun arazoekin solairuan ingresatzen zituzten pazienteekin aritzen zen. Ez zen hori haren kasua: «Pertsona osasuntsua zen, eta bizitza normala egiten zuen. Dialisia egin behar izaten zuen ospitalean, baina ez zuen ingresatu beharrik». Ezagutzen zuen, ordea. Amara auzoan bizi ziren biak. Eta pilotakadaren ostean, gerta zitekeenaren gainean ohartarazi zuen familia: «Kontuz». Eta itxarotea erabaki zuen. Epaitegiko forentseen txostena irakurri zuenean erabaki zuen urrats bat egitea. «Ezin zen onartu». Hilabete hartan bertan, uztailaren 27an, gutun ireki bat argitaratu zuen prentsan: «Logikoa da pentsatzea pilotakadak eragin diola heriotza. Ezin da hipotesi hori baztertu eta esan heriotza naturala dela».

Auzi medikuen txostena «nazkagarria» izan zen, Elosegiren esanetan: asmakizun bat. Balorazio Batzordeak bere txostenean azaldu du «literatura mediko guztian» artikulu bakar batean ere ez direla lotzen balbula mitralaren kaltzifikazioa eta Zarraren heriotza eragin zuen kolonaren zulaketak. «Asmakizun bat izan zen hori. Nik Sintrom hartzen dut; forentseek esan zutenaren parekoa esatea litzateke zortzigarren pisu batetik neure burua bota eta seko hiltzen banaiz antikoagulatzaile bat hartzen ari naizelako dela».

(ID_15046365) ALES ELOSEGI, ROSA ZARRA
Ales Elosegi. JON URBE / FOKU

Hiru hilabeteren buruan artxibatu zuten Zarraren heriotzagatik familiak jarri zuen salaketa, 1995eko irailaren 19an. Epaileak auzitegi medikuen autopsiaren txostenari eman zion balioa, familiak aurkeztutakoaren gainetik, eta ahazteko bidean jarri zituen hala Zarraren heriotzan Ertzaintzak izan zuen erantzukizuna nola Elosegiren gutun irekia. Gutunak, baina, arrastoa utzi zion Elosegiri. Lehendik ere ospitalean haize kontra ibiltzen ziren horietakoa zela dio. Garai hartan dialisi batzuk Poliklinikara pasatzen hasiak ziren, eta horren kontra agertzen zen mediku bakarra zen; besteak beste, haren esanetan, horren arduradunak interesak zituelako Poliklinikan. Eta LABekoa zen: «Ezker abertzalekoa nintzenez, "hemen dago hau orain ere" esango zuten. Behin baino gehiagotan pentsatu dut gustatuko zitzaidala garai hartan EAJkoa edo PSOEkoa izatea, ze pilotakadaz gauza bera esango nuen».

Ospitalean lehendik ere giroa «oso ona ez» bazen ere, prentsara gutuna bidali ostean, areagotu egin zen giro txarra, eta Elosegik laneko jazarpena jasan zuen ospitalean. Lan harremanak «okertu» egin ziren: «Medikuen saioetan ez zidaten kasurik egiten. Arduradunek ez ninduten inoiz hartzen. Nire gainetik pasatzen saiatzen ziren, eta guardiak, kentzen. Eta okerrena zen niri kontra egiteko nire pazienteak erabiltzen zituztela: arazoren batengatik ospitalera joaten baziren, eta ezer egin gabe aguantatzeko moduan bazeuden, ni goizean sartu arte ez zieten egiten ezer, eta iristen nintzenean nik egin behar izaten nien dialisia. Halako gauzak egin ziren». Harago ere joan ziren, haren esanetan: une batean, haren eta beste guztien arteko harremanak eten egin ziren, eta, handik hilabete batzuetara, erizain batek kontatuta jakin zuen Poliklinikara gaixoak bidaltzeagatik medikuetako bati mehatxuak egin zizkiotela, egilea aurkitzeko zerrenda bat egin zutela, eta bera zegoela zerrendan lehena. Ikerketa horren atzean Ertzaintza zegoelako susmoa du. «Nik izan ezik beste guztiek zekiten horren berri. Arduradunarengana jo nuen, baina hark ez ninduen hartu».

«Erantzukizunak eskatzea merezi duela uste dut. Galdetu Atutxari, ospitaleko nefrologoei, ospitaleko kontakatiluei. Eta EAJri eta PSOEri. Isilik geratu zirenak, zer?»

ALES ELOSEGINefrologo erretiratua

30 urte hauetan ez du jaso inolako babesik. Behin, zirujau madrildar batek, modu pribatuan, aitortu zion arrazoia zuela Zarraren kasuan, eta hunkitu egin zen. Elkarrizketaren une batean ere, eten egin behar izan du kontakizuna. Balorazio Batzordearen txostenaren ondorengo hiru hilabeteetan, Osakidetzako inork ez dio deitu babesa edo eskerrak emateko. Jendeak, bai; Whatsapp bidez zorion mezu asko jaso ditu.

Familiak une oro azpimarratzen du Elosegiren laguntza gabe ezin izango zutela lortu Zarraren aitortza. Halakorik ez duela merezi dio berak. Ausarta izan zela, baina egin behar zuena egin zuela. Eta kontsulta itxura duen etxeko egongelako aulkietako batean eserita, erretiroa hartuta, zeniezazkidaketen moduko aditzen aurrean, ausart jarraitzen du: «Nire zerbitzuaren kontua aipatzea berdin zait. Erantzukizunak eskatzea merezi duela uste dut. Galdetu Atutxari, ospitaleko nefrologoei, ospitaleko kontakatiluei. Eta EAJri eta PSOEri. Isilik geratu zirenak, zer? Horientzat ez dago kritikarik Balorazio Batzordearen txostenean. Ez dago ezer». Orain erantzukizunak eskatzeko garaia dela uste du.

Ekainaren 29an egingo dute Rosa zarra oroitzeko ekitaldia

Igandean beteko dira 30 urte ertzain batek bota zuen pilotakadak Rosa Zarra sabelean jo zuela. Ekainaren 30ean hil zen, eta gertaera hura gogoratzeko, aurten, bezperan egingo dute ekitaldia, Donostian, Zarraren familiak eta Egiari Zor fundazioak, hilaren 29an. Donostiako Amara auzoko Olaeta plazan izango da, 12:00etan. Iaz, Balorazio Batzordearen txostenaren zain zeudela, kasua gogora ekartzeko antolatu zuen familiak. Aurten polizia indarkeriaren biktima izan zelako aitortza eskuetan egingo dute, eta Donostiako Udaleko ordezkariak eta udalbatzan dauden alderdien ordezkariak parte hartzera gonbidatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.