Aitor Landa izendatu dute Ertzaintzako zuzendari, eta Alfonso Garaikoetxea buru

Victoria Landaren eta Josu Bujandaren postuak ordezkatuko dituzte. Zupiriak adierazi du «konfiantza osoa» duela biengan.

Aitor Landa Ertzaintzako zuzendari berria. EAJ
Aitor Landa Ertzaintzako zuzendari berria. EAJ
Iratxe Muxika
2026ko uztailaren 28a
13:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Victoria Landak eta Josu Bujandak badituzte ordezkoak: Aitor Landak hartuko du Ertzaintzako zuzendaritza postua, eta Alfonso Garaikoetxeak buruzagitza kargua —buruzagitzaren gainetik dago zuzendaritza—. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eman du aldaketen berri, gaur egindako prentsaurrekoan. «Belaunaldi aldaketa egin dugu, eta Ertzaintza modernizatuko dugu», adierazi du. Zehazkiago, Landaren jardunak «esparru politikoa» izango du ardatz, eta Garaikoetxearenak, berriz, esparru «operatiboa».

Erran duenez, nekazaritzako «goi mailako teknikaria» da Landa, eta «37 urteko esperientzia» dauka larrialdi eta segurtasun lanetan, «suteetan barne». EAJren Bizkai Buru Batzarreko kide izan zen, eta 2024an utzi zuen kargua. Zupiriak esplikatu du ongi ezagutzen dituela Landaren profil profesionala eta politikoa, eta zuzendaritza kargurako «pertsona egokia» dela. Orain arte Victoria Landarena zen postua hartuko du, baina Zupiriak erran du ez dela guztiz erretiratuko, Ertzaintzaren barruan jarraituko duela «karguren bat izaten».

Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoaren familiakoa da, berriz, Alfonso Garaikoetxea. Bujandaren hurbilekoa da, eta 2019az geroztik Herritarren Babeserako Alorreko burua zen Ertzaintzaren barnean. 1985etik da ertzain, eta bere izena hainbatetan agertu da komunikabideetan. 1999an, erraterako, El Pais egunkariak argitaratu zuen istripu bat izan ondotik alkohol proba egiteari uko egin ziola. Orduko hartan Donostiako ertzain etxeko burua zen Garaikoetxea, eta Irurtzun (Nafarroa) inguruan izan zuen istripua, laneko autoarekin. Proba egiteari uko egin zionez, auzibide bat ireki zioten.

Urte batzuk beranduago, 2024an, berriro aditu ziren hari buruzko kontuak, Polonian oporretan zegoen bitartean bideo bat zabaldu zelako. Eduki sortzaile batzuk zeuden kalean, eta haietako baten laguna atxilo hartzen ari zen Polizia. Eduki sortzailea hori grabatzen ari zela, Garaikoetxea hura iraintzen hasi zen. Bideoan horixe bera ageri zen: Garaikoetxea atxiloketa grabatzen ari zenari irainka. Eta kontu horri buruz galdetu diote gaur, hain justu, Zupiriari. Beharrezko azalpen denak eman zizkiola kontatu du, eta Garaikoetxearengan «konfiantza osoa» duela berretsi.

Ertzaintzaren hiru helburuak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak hiru helburu jarri zizkion Ertzaintzari, guztiak barne mailan egitekoak. Oraindik ez dituzte denak bete, eta sailburuak erran du betebehar berak izango dituztela aurrerantzean ere, harik eta «den-denak betetzea» lortu arte. Lehena: lan baldintzen gaineko akordio bat ixtea. «Bide luzea izan zen», oroitu du Zupiriak, «sindikatuekin negoziazio asko egin behar izan genituen». Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Ertzaintzako sindikatu korporatiboek 2025eko martxoan adostu zuten lan baldintzen inguruko itun hori.

Bigarrena: 2030erako 8.000 agentera iristea. Lan baldintzen gaineko ituna sinatu zutenean ezarri zuten, hain justu, helburu hori. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak 2005ean adostutakoaren arabera, Ertzaintzak 8.000 agente izan ditzake gehienez, eta muga horretara ahalik eta gehien gerturatu nahi du Jaurlaritzak. 2024ko datuen arabera, 7.278 ertzain zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; alegia, bortz urteko epean 800 agente inguru kontratatzea zen plana. Eta horretan ari dira oraindik.

Hirugarrena: Ertzaintza «modernizatzea». Horixe izanen da, Zupiriaren erranetan, datozen bi urteetako helburu nagusia. Ertzaintzaren antolakuntzari eta baliabide material zein teknologikoei buruzkoak dira modernizazio horiek. «Aldaketa guztiak herritarren segurtasuna indartzeko izango dira», esplikatu du sailburuak.

Hitz gutxitan laburbildu ditu Zupiriak nola gaur azaldutako kargu aldaketak hala hemendik aitzinerako lanak: belaunaldi aldaketa eta modernizazioa. «Ez da aurreneko aldia horrelako izendapen aldaketa bat egiten duguna. Datozen urteei begira ondo etorriko zaigu arlo politikoa eta operatiboa indartzea», erran du prentsaurrekoan.

Baina izendapen berriak ez dituzte soilik Segurtasun Sailean egin; aitzitik, bertze bi sailetan ere egin dituzte aldaketak. Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernu Sailean, erraterako, hiru aldaketa: Sabino San Vicente izanen da Administrazio Digitaleko eta Baliabide Orokorretako sailburuorde, Iratxe Nuñez Herritarrak Artatzeko eta Administrazioa Berritzeko zuzendari, eta Alfredo Olea Lan Harremanetako zuzendari. Justizia eta Giza Eskubideen Sailean, berriz, aldaketa bakarra: Ion Gambra izanen da Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariordea.

Erne sindikatua, «triste»

Garaikoetxea Ertzaintzako buru izendatu eta berehala hasi dira erreakzioak iristen. Erne sindikatuak erran du «arduratuta eta triste» dagoela izendapen berriarekin, argudiatuta Garaikoetxearen jardunak «emaitza penagarriak» eman dituela aitzinetik izan dituen karguetan. «Ertzaintza osoa barregarri uzteraino». Ernekoen ustez, gainera, Garaikoetxea bera izan da Ertzaintzak «azken hamarkadetan izan duen atzerapenaren» erantzule nagusia.

Landari buruz ere aurkitu dute zer errana, eta Eusko Jaurlaritzari aurpegiratu dio «irizpide politikoak» jartzea profesionalen gainetik. «Polizia eremutik kanpo dagoen pertsona bat izendatu dute zuzendari, eta hori kaltegarria izan daiteke Ertzaintzaren etorkizunerako, postu horrek eskatzen baitu funtzionamendua eta beharrak zeintzuk diren jakitea». Sindikatuak ez du ulertzen Jaurlaritzak nola utzi duen «galtzen» Ertzaintzaren «barreneko talentua», eta zergatik ekarri behar izan duen inor kanpotik. «Ertzaintzan jende prestatu asko zegoen postu horretarako».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA