Aitor Landa izendatu dute Ertzaintzako zuzendari, eta Alfonso Garaikoetxea buru

Victoria Landaren eta Josu Bujandaren postuak ordezkatuko dituzte. Zupiriak adierazi du «konfiantza osoa» duela bi ertzainengan.

Aitor Landa Ertzaintzako zuzendari berria. EAJk utzitakoa.
Aitor Landa Ertzaintzako zuzendari berria. EAJk utzitakoa.
Iratxe Muxika
2026ko uztailaren 28a
13:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Victoria Landak eta Josu Bujandak badituzte ordezkoak: Aitor Landak hartuko du zuzendaritza postua, eta Alfonso Garaikoetxeak buruzagitza kargua —buruzagitzaren gainetik dago zuzendaritza—. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eman du aldaketen berri, gaur egindako prentsaurrekoan. «Belaunaldi aldaketa egin dugu, eta Ertzaintza modernizatuko dugu», adierazi du. Zehazkiago, Landaren jardunak «esparru politikoa» izango du ardatz, eta Garaikoetxearenak, berriz, esparru «operatiboa».

Erran duenez, nekazaritzako «goi mailako teknikaria» da Landa, eta «37 urteko esperientzia» dauka larrialdi eta segurtasun lanetan, «suteetan barne». EAJko buru izan zen Bizkaian, harik eta 2024an Bizkai Buru Batzarretik atera zen arte. Zupiriak esplikatu du ongi ezagutzen dituela Landaren profil profesionala eta politikoa, eta zuzendaritza kargurako «pertsona egokia» dela. Orain arte Victoria Landarena zen postua hartuko du, baina Zupiriak erran du ez dela guztiz erretiratuko, Ertzaintzaren barruan «jarraituko duela karguren bat izaten».

Karlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoaren familiakoa da, berriz, Alfonso Garaikoetxea. Bujandaren hurbilekoa da, eta 2019az geroztik Herritarren Segurtasun saileko burua zen Ertzaintzaren barnean. 1985etik da ertzain, eta 2024an aditu ziren, bereziki, hari buruzko kontuak, Polonian oporretan zegoen bitartean haren bideo batzuk zabaldu zirenean. Eduki sortzaile batzuk zeuden kalean, eta haietako baten laguna atxilo hartzen ari zen polizia. Eduki sortzailea hura grabatzen hasi zen, eta Garaikoetxea hari irainak botatzen hasi zen. Bideoan horixe bera ageri zen: Garaikoetxea irainka. Eta kontu horri buruz galdetu diote, hain justu, Zupiriari. Beharrezko azalpen denak eman zizkiola kontatu du, eta Garaikoetxearengan «konfiantza osoa» duela berretsi.

Ertzaintzaren hiru helburuak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak hiru helburu jarri zizkion Ertzaintzari, guztiak barne mailan egitekoak. Oraindik ez dituzte denak bete, eta sailburuak erran du betebehar berak izango dituztela aurrerantzean ere, harik eta «den-denak betetzea» lortu arte. Lehena: lan baldintzen gaineko akordio bat ixtea. «Bide luzea izan zen», oroitu du Zupiriak, «sindikatuekin negoziazio asko egin behar izan genituen». Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Ertzaintzako sindikatu korporatiboek 2025eko martxoan adostu zuten lan baldintzen inguruko itun hori.

Bigarrena: 2030erako 8.000 agentera iristea. Lan baldintzen gaineko ituna sinatu zutenean ezarri zuten, hain justu, helburu hori. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak 2005ean adostutakoaren arabera, Ertzaintzak 8.000 agente izan ditzake gehienez, eta muga horretara ahalik eta gehien gerturatu nahi du Jaurlaritzak. 2024ko datuen arabera, 7.278 ertzain zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; alegia, bortz urteko epean 800 agente inguru kontratatzea zen plana. Eta horretan ari dira oraindik.

Hirugarrena: Ertzaintza «modernizatzea». Horixe izanen da, Zupiriaren erranetan, datozen bi urteetako helburu nagusia. Ertzaintzaren antolakuntzari eta baliabide material zein teknologikoei buruzkoak dira modernizazio horiek. «Aldaketa guztiak herritarren segurtasuna indartzeko izango dira», esplikatu du sailburuak.

Hitz gutxitan laburbildu ditu Zupiriak nola gaur azaldutako kargu aldaketak hala hemendik aitzinerako lanak: belaunaldi aldaketa eta modernizazioa. «Ez da aurreneko aldia horrelako izendapen aldaketa bat egiten duguna. Datozen urteei begira ondo etorriko zaigu arlo politikoa eta operatiboa indartzea», erran du prentsaurrekoan.

Gainerako karguak

Baina izendapen berriak ez dituzte soilik Segurtasun Sailean egin; aitzitik, bertze bi sailetan ere egin dituzte aldaketak. Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernu Sailean, erraterako, hiru aldaketa: Sabino San Vicente izanen da Administrazio Digitaleko eta Baliabide Orokorretako sailburuorde, Iratxe Nuñez Herritarrak Artatzeko eta Administrazioa Berritzeko zuzendari, eta Alfredo Olea Lan Harremanetako zuzendari. Justizia eta Giza Eskubideen Sailean, berriz, aldaketa bakarra: Ion Gambra izanen da Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariordea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA