Algortako Mugimendu Feministak salatu du gutxienez hiru sexu eraso gertatu zirela Portu Zaharreko jaietan

Elkarlanerako deia egin diete puntu moreari, jai batzordeei eta tokiko eragileei, indarkeria matxistari aurre egiteko xedez; erakundeei, berriz, «legeak aldatzea eta baliabideak jartzea» galdegin diete.

Bilboko mugimendu feministak sexu eraso bat salatzeko egindako elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bilboko mugimendu feministak sexu eraso bat salatzeko egindako elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko abuztuaren 18a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Getxoko Algorta auzoko mugimendu feministak jakinarazi duenez, gutxienez hiru izan dira Portu Zaharreko jaietan salatutako sexu erasoak. Aurretik, beste emakume bati ere eraso egin zioten Algortako jaietan.

Taldeak sare sozialetan argitaratutako mezuan irakur daitekeenez, «gizon zis heterosexualek gerra eremu» bilakatu asmo dituzte festaguneak, «begirada lizunen, ukituen, kolpeen eta bortxaketen bidez». Indarkeria matxistaren adibide horiek guztiak errotik nola erauzi, horra mugimendu feministaren kezka: «Feministok, urtez urte eta urte osoan zehar, egiturazko indarkeria matxista zelan erauzi lantzen dugu, indarkeria oro salatzen, espazioak borrokatzen, ahalduntzen... Urratsez urrats desagerraraziko baitugu patriarkatua».

Lan horri eusteko asmoa agertu dute Algortako feministek. Hala ere, uste dute ezinbestekoa izanen dela elkarlana, borroka horrek fruiturik emanen badu: «Ez dagokigu guri bakarrik bide hau jorratzea. Bidea eraginkorra izango da bakoitzak bere tokitik eta elkarlanean jarduten baldin badugu. Eta elkarlanak hitz politak bakarrik ez, ezinbestean behar du elkarrekiko aitortza». Izan ere, auzoko mugimendu feministak uste du «konfiantza eta legitimitatea ukatu» zaiela behin baino gehiagotan, eta elkarrizketarako bideak eten dizkietela: «Sarri gertatu zaigu hedabide batzuen bidez izatea erasoen berri».

Horiek horrela, elkarlanerako deia egin diete auzoko gainerako eragileei: «Puntu morearekin, jai batzordeekin eta tokiko eragileekin batera egin nahi diogu aurre indarkeria matxistari».

Erakundeei ere dei egin diete, beren esku dagoen guztia egin dezaten; hala nola «legeak aldatzea eta baliabideak jartzea». Azkenik, Algortako mugimendu feministak iragarri du lanean segituko duela «indarkeriarik gabeko jaiak» lortu arte: «Jaigune seguruak nahi ditugu, plazera eta borroka uztartuko dituztenak, denontzako egitarauak, gozamena eta lana egoki banatzea, eta aske sentitzea ere lortu nahi dugu».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA