Ertzaintzak jakinarazi du: igande goizaldean sexu eraso bat egiten ari zela leporatuta atxilotu zuten gizona espetxeratu dute. Getxon (Bizkaia) gertatu zen, eta emakume bati eraso egiten ari zela atxiki zuen Poliziak. Bada, fiskaltzaren eta emakumearen defentsaren eskariari jarraituz, epaileak behin-behineko neurri gisa kartzelan sarrarazi du, epaiketa egin arte.
Erasoa Getxoko Algorta auzoko jaietan izan zen. Gizona atxilotu ahal izan zuten gazte talde batek emakumea negarrez eta gizona jarrera oldarkorrarekin ikusi zituztelako. Horiek horrela, inguruan zeuden poliziengana jo zuten ikusitakoaren inguruan ohartaraztera. Ertzaintzak azaldu duenez, hantxe bertan harrapatu zuten 20 urteko gaztea, emakumeari eraso nahian, eta gizonak oldarkor erantzun zien. Gerora, 19 urteko biktima Gurutzetako ospitalera eraman zuten.Â
Getxoko Udalak igandean bertan gaitzetsi zuen erasoa. «Getxotar guztiei, gizon zein emakume, dei egiten diegu emakumeen kontrako eraso guztien aurka egin dezaten, eta emakumeak iraintzen dituzten eta eraso sexistak bultzatzen dituzten jarrerak onar ez ditzaten», adierazi zuten kaleratutako oharrean. «Elkartasun osoa» helarazi zioten biktimari, eta emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurka jarduteko eta koordinatzeko Udal Protokoloa ireki zutela jakinarazi zuten.
Ez da azken egunetan Euskal Herrian izan den eraso bakarra. Aezkoan (Nafarroa) sexu eraso bat gertatu zela salatu zuten larunbatean;Â eta egun berean gizon bat espetxeratu zuten Angelun (Lapurdi), 10 urteko alaba bortxatzea egotzita.

