Alokairu libreen prezioak %2,1 egin du behera Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko sailburuorde Miguel de los Toyosen arabera, 2026ko lehen hiruhilekoko beherakada alokairu librearen merkatuan «joera aldatzen» ari den adierazle da. Donostian izan da jaitsierarik nabarmenena: %7,8.

Etxebizitza eskubidearen alde egindako mobilizazio bat, Bilbon, duela bi aste. ARITZ LOIOLA / FOKU
Etxebizitza eskubidearen alde egindako mobilizazio bat, Bilbon, duela bi aste. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko urriaren 27a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alokairu libreko merkatuaren joera «aldatzen» ari da, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko sailburuorde Miguel de los Toyosen arabera. Hala esan du gaur, 2026ko lehen hiruhilekoko datuen berri eman ondoren; hots, epe horretan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %2,1 egin du behera alokairu libreko kontratu berrien errentak.

Hiru lurralde horietan alokairuan bizi diren herritarrek mila eurotik behera ordaintzen dute; batez beste, 867,4 euro hilean. 2025eko azken hiruhilekoan ere behera egin zuten alokairu libreko prezioek (%2,5). Bi kopuru horiek «joera aldatzen ari dela iradokitzen duten arren, «zuhurtziaz» jokatzeko deia egin du De los Toyosek; behintzat, horiek «finkatu» arte.

Hiru lurraldeetako kopuruei dagokienez, %2,8 jaitsi dira Araban; %2,4 Gipuzkoan; eta, azkenik, %1 Bizkaian. Halere, hiru hiriburuen artean, Donostian izan da beherakadarik handiena: %7,8koa. Alderaketa bat eginez gero, horrek esan nahi du 2025eko bigarren hiruhilekoan 1.189,4 euro ordaintzen zirela hilean batez beste; 2026ko lehen hiruhilekoan, berriz, 1.096,7 euro.

De los Toyosek zehaztu duenez, «ez da ohikoa» hiru hiruhilekoz jarraian errentek behera egitea. Eta horren adibide litzateke, hain justu, Bizkaiko hiriburua. Izan ere, iazko lehen hiruhilekoan bildutako datuekin alderatuta, Bilbon gora egin dute prezioek: %7,1. Gasteizen, bestalde, %4,3 jaitsi da. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA