Alokairuen batez besteko prezioek behera egin dute Nafarroan. Horra Begoña Alfaro lehendakariordeak emaniko lehen lerroburua. Iazko maiatzaren 18an, tentsio handiko eremu izendatu zituzten Nafarroako 21 udalerri, eta, zerrenda horri lotuta, uztailaren 30ean indarrean sartu zen alokairuen prezioei jarritako muga. Ordutik eta urtea amaitu arte, batez besteko prezioak %8,6 egin zuen behera: 849,3 euro zen urteko hirugarren hiruhilekoan, eta 775,9, berriz, laugarrenean.
Beste lerroburu batzuk ere eman ditu Alfarok. Horra bigarrena: prezioen jaitsiera ez da izan eskaintza murriztu izanaren ondorio. Izan ere, 2025. urtean sinatutako alokairu kontratu berrien kopurua aurreko urtekoen maila bertsuan dago: 4.202, aurreko urtean baino 26 gehiago. Oraintxe, 23.000 kontratu daude Nafarroako Gobernuan erregistratuta. «Datu horrek balio du eskuinak askotan darabilen mantra bat gezurtatzeko: prezioak mugatzeak eskaintza murriztea dakarrela dioen hori, alegia».
Kontratu berri gehienak (%88) tentsio handiko eremuetako etxebizitzei dagozkie, eta prezio jaitsiera nabarmenenak Iruñean eta Iruñerrian sumatu dituzte, lehendakariordearen esanetan. «Aintzat hartu behar dugu, gainera, datu hauek ez ditugula atera inkesta batetik edo higiezinen enpresa baten webgunetik; Nafarroan dugun erregistro ofizialarenak dira», nabarmendu du.
Bitartekaritza zerbitzua
Datuek islatzen duten errealitatea ez da guztiz positiboa. Bada puntu beltzik ere. Alfarok kezkaz erreparatu dio aldi baterako alokairuen ugaritzeari. Izan ere, Etxebizitzaren Legeak ez ditu halakoak arautzen, eta etxejabe ugarik zirrikitu hori erabiltzen dute, lehendakariordearen esanetan, «legeari izkin egiteko». Urtebetean bikoiztu egin dira aldi baterako kontratuak Nafarroan: %5 inguru ziren 2024an, eta %11raino ugaritu ziren 2025ean. Horra hirugarren lerroburua.
Halakoei aurre eginen dietela iragarri du Alfarok: «Heldu den astean, abian jarriko da alokairuen bitartekaritza zerbitzua. Maizterrek ikusten badute beren alokairua, bat-batean, aldi baterakoa bihurtu dela, jakin behar dute hori ez dela legezkoa, eta aukera izanen dute praktika horiek salatzeko». Lehendakariordeak gogorarazi du Nafarroako Gobernuak sustatu eginen duela etxebizitzak alokairuan jartzea, «baina ez espekulazioa», eta alokatzaile eta etxejabeei ohartarazpen guztiak eginda, aurten hasiko dela legez kanpoko praktikak zigortzen.