Tentsio handiko eremuen izendapena neurriaren «funtsezko helburua» betetzen ari da Nafarroan: prezioak merkatzen ari dira. Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eman ditu datuak: 21 udalerritan tentsio handiko eremuen araudia indarrean jarri zutenetik —iazko uztailetik—, alokairuen prezioak %7 murriztu dira haietan, eta aurtengo lehen hiruhilekoan sinatu diren kontratu berrien prezioa 778,3 eurorena da batez beste, iaz aldi berean baino %1,8 merkeagoa.
Prezioen beherakada arin hori ikusita, neurriaren balorazioa «positiboa soilik» izan daitekeela adierazi du Alfarok. Kontatu du 951 alokairu kontratu berri sinatu direla urteko lehen hiru hilabeteetan, horietatik 843 (%88) tentsio handiko izendatutako udalerrietan. %91,4 ohiko etxebizitzarako kontratuak izan dira, eta, gainontzekoak, aldi baterako kontratuak.
Lehendakariordea aldi baterako kontratuen areagotzearen jakitun da —legeei izkin egiteko erabiltzen dituzte etxe jabeek—; horietako asko ez direla erregistratzen aipatu du, eta ziurtatu «laster» arautuko dituztela, baita logelen alokairuak ere.
«Datuek erakusten dute higiezinen patronalaren aurreikuspen katastrofistetatik urrun gaudela»
BEGOÑA ALFARO Nafarroako Gobernuko lehendakariordea
Iaz, urteko lehen hiru hilabeteetan 1.135 kontratu sinatu ziren, aurten baino dezente gehiago, baina Alfarok azaldu du horrek ez duela zertan txarra izan: «Tentsio handiko eremuen izendapenak egonkortasuna ematen dio alokairuen merkatuari, prezioen mugek kontratuak luzatzea eta berri gutxiago sinatzea eragiten baitute. Horrek egonkortasuna bermatzen die maizterrei, baita segurtasun juridiko gehiago eman ere».
Tentsio handiko eremuetatik kanpo, zertxobait gora egiten ari dira prezioak: alokairuen batez besteko prezioa 600,3 eurorena da, iaz aldi berean baino %3,2 garestiagoa. Nafarroan, oro har, aurtengo lehen hiruhilekoan sinatu diren alokairuen prezioa 758 eurorena da batez beste, urtebete lehenago baino %2,3 apalagoa.
Alfarok gogorarazi du gobernuak ematen dituen datuak Nafarroako erregistro ofizialean jasotakoak direla, eta pozik agertu da «higiezinen patronalaren aurreikuspen katastrofistetatik urrun» daudela erakusten dutelako.
%30, jabe handienak
Nafarroan, denera, ia 22.000 alokairu kontratu daude indarrean, eta horiei gehitu behar zaizkie alokairu sozialeko beste 5.669. «Denera, 27.500 alokairu baino gehiago», azpimarratu du Alfarok, eta beste datu esanguratsu bat gehitu du jarraian: alokatutako etxebizitzen %30 jabe handienak dira, eta %20, erakunde publikoenak. Legearen arabera, etxe jabe handiak dira tentsio handiko eremuetan bost etxebizitza edo gehiago dituztenak, edo, denera, hamar etxe baino gehiago dituztenak.
Gaur egun, Nafarroako biztanleen ia %70 bizi dira tentsio handiko eremuetan, izendapen hori duten 21 udalerrien artean baitaude, besteak beste, Iruñea, Tutera, Eguesibar, Burlata eta Barañain.
Lehendakariordeak esan du oraingoz ez dutela zerrenda horretan udalerri gehiago sartzeko asmorik, eta aitortu du tentsio handiko eremuen neurria ez dela panazea, ez dutela horrekin bakarrik etxebizitzaren arazoa konponduko, eta horregatik ari direla beste neurri batzuk ere hartzen.