Alokairuko etxebizitza babestuak esleitzeko irizpideak malgutuko ditu Eusko Jaurlaritzak

20.000 eta 46.000 euro arteko diru sarrerak dituzten bizikidetza unitateentzat alokairuko etxebizitza babestuen %30 gordetzea proposatu du. Jabetzan etxebizitza bat duten bizikidetza unitateek ere etxebizitza babestua eskuratu ahal izango dute.

Etxebizitza berriak, atzean garabiak dituztela, Donostiako Txomiñenea auzoan. JON URBE / FOKU
Etxebizitza berriak, atzean garabiak dituztela, Donostiako Txomiñenea auzoan. JON URBE / FOKU
edurne begiristain
2026ko uztailaren 9a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak prozesu bat abiatu du Etxebideren araudia eta alokairuko etxebizitza babestuak esleitzeko irizpideak goitik behera aldatzeko. Proposatutako berrikuntza nagusietako bat da alokairuko etxebizitza babestuen %30 urtean 20.000 eta 46.000 euro arteko diru sarrerak dituzten bizikidetza unitateentzat gordeko direla.

Gaur bertan abiatu dute araua idatzi aurreko kontsulta publikoa. Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburuak azaldu duenez, aldaketaren helburua da etxebizitza publikoaren sistema gaur egungo errealitate sozialera egokitzea. Haren esanetan, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak ez dituzte soilik egoera zaurgarrienean daudenek; merkatu librean etxebizitza eskuratu ezin duten «errenta ertainek», «familia langileek» eta gazteek ere gero eta oztopo handiagoak dituzte.

Itxasok nabarmendu du neurriak ez duela zalantzan jartzen diru sarrera txikienak dituztenen lehentasuna, baizik eta sistemaren erantzuteko gaitasuna handitu nahi duela. «Kalteberatasun handieneko egoeran daudenak babesten jarraituko dugu, baina bidea zabaldu behar diegu zentzu hertsian kalteberak izan gabe merkatu librera jo ezin dutenei eta bizi proiektu autonomo bat eratu ezin dutenei».

Jaurlaritzaren datuen arabera, gaur egun Etxebiden izena emanda dauden ia 110.000 eskatzaileetatik 34.148k dituzte urtean 20.000 eta 46.000 euro arteko diru sarrerak. Horrek esan nahi du erregistratutako eskatzaileen ia herenak profil horren barnean sartzen direla. Horietatik 18.268k alokairuko etxebizitza babestu bat eskatzen dute, eta 15.879k erosteko aukera lehenetsi dute.

Dekretuak beste hainbat berrikuntza ere jasotzen ditu. Horietako bat da jabetzan etxebizitza bat duten bizikidetza unitateek ere etxebizitza babestua eskuratzeko aukera izatea, baldin eta daukaten etxebizitza familiaren premietara egokitzen ez bada. Kasu horietan, ordea, aurreko etxebizitza entregatu, saldu edo administrazioaren esku utzi beharko dute.

Antzinatasuna eta gazteak

Etxebideko erregistroaren funtzionamendua aldatzea aurreikusten du Jaurlaritzak. Izen ematearen antzinatasunak pisu handiagoa izango du baremazioan, eta alokairuaren eta erosketaren arteko lehentasuna aldatzen dutenek ez dituzte automatikoki galduko urteetan metatutako puntuak, baldin eta hautatutako modalitatea gutxienez hiru urtez mantentzen badute.

Gazteen emantzipazioa eta zahartze autonomoa uztartzeko, belaunaldien arteko apartamentu zerbitzudunen eredua ere arautuko du dekretuak. Eredu horretan, 36 urtetik beherako gazteak eta 65 urtetik gorako pertsona autonomoak elkarrekin biziko lirateke. Gazteek lanbide arteko gutxieneko soldataren pareko diru sarrerak izan beharko lituzkete gutxienez, eta gehienez 46.000 eurokoak urtean. Adinekoen kasuan, gutxieneko adina 70 urtetik 65era jaistea proposatu dute, eta etxebizitza jabetzan dutenek hura Bizigune programaren bidez alokairu babestura bideratzeko aukera izango lukete.

Etxebizitza Sailaren arabera, araudi berriak Etxebideren eraginkortasuna eta ekitatea indartu nahi ditu, etxebizitza publikoaren esleipen sistema egungo etxebizitza krisiaren ezaugarrietara hobeto egokitzeko. Horretarako, izena emateko, baremazioa egiteko eta etxebizitzak adjudikatzeko irizpideak eguneratuko dira, bizikidetza unitateen premia errealak, errotzea eta bizi proiektuak gehiago aintzat hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA