«Gurea alderdi garbia eta zintzoa da». PSNko idazkariorde nagusi Ramon Alzorrizek indarra eta sendotasuna adierazi nahi izan du, kazetarien aurrean egin duen agerraldian. Haren aurpegiak, baina, oso bestelako irudia proiektatzen zuen: etsita eta lur jota azaldu da sozialisten buruzagia, Santos Cerdanen aurkako ustelkeria akusazioek alderdia astindu ostean. Nekez eutsi die malkoei zenbaitetan. Ordea, oharra ere helarazi dio eskuinari: «Uste badu gertakari honek ateak zabalduko dizkiola Nafarroako Gobernua eskuratzeko, oker dabil. Ez dezatela inongo esperantzarik izan, ez baita halakorik gertatuko»
«Gaurko zuzendaritza batzordea inoizko konplikatuena da; eta agerraldi hau, nire bizitza osoan egin dudan zailena», aitortu du. Adierazi du ez duela «adorerik» izan Guardia Zibilaren txostena irakurtzeko ere: «Kontu hau oso gogorra da guretzat, Santos Cerdan gure antolakuntza idazkaria izateaz gain gure laguna ere badelako». Hala ere, gaineratu du alderdi barruan ez dutela inoiz ustelkeria zantzurik edo bidegabeko jokabiderik ikusi. «Cerdan beti izan da pertsona fidela eta leiala. Alderdi sozialistaren zerbitzura aritu da lanean beti».
Guardia Zibilak grabatutako elkarrizketak «onartezinak eta justifikaezinak» direla uste du Alzorrizek, eta uste du Cerdanek orain «justiziaren aurrean kontu eman» beharko duela, alderdi sozialista «norbanakoen gainetik» dagoelako: «Orain aukera izanen du bere burua defendatzeko. Alderdi sozialistak kode etiko bat du, eta hori betetzen ez duenak kontuak eman beharko dizkie epaileei eta herritarrei».
Nafarroako Gobernuaren «zintzotasuna», «gardentasuna» eta «sendotasuna» ere nabarmendu ditu parlamentariak: «Gardentasun osoz jokatu dugu une oro. Txibite lehendakariak atzo adierazi zuen bezala, Belateko tunelen proiektuak eta Nafarroan egin diren beste guztiek ikuskaritza zorrotza gainditu dute hala etxe barruan nola kanpoan, besteak beste Kontuen Ganberan eta Ustelkeriaren Aurkako Nafarroako Bulegoan». Prest azaldu da, gainera, «justiziari laguntzen» jarraitzeko: «Auzian aipatu diren bi enpresa horiekin egin ditugun lizitazio guztiak justiziaren esku jarri ditugu jada, eta orain arte egin diren ikuskaritza guztiek zurian beltz ebatzi dute jardunbide guztiak legearen araberakoak izan direla».
Madrilgo lokatza
«Madrilgo lokatza Nafarroara ekarri nahi izatea», horixe leporatu die Alzorrizek UPNri eta PPri, azken orduetan egin dituzten adierazpenen harira. Hala ere, ohartarazi die Cerdanen auziak ez duela PSNren bide orria aldaraziko: «Alderdi sozialistak abiatutakoa itzulerarik gabeko bidea da. Erasoak eraso eta irainak irain, PSNk ez du atzera eginen. Gobernu progresisten buru izan nahi dugu, eta tinko eutsiko diogu helburu horri».
Nafarroako Gobernu barruko giroaz galdetuta, azaldu du Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa koalizioekin hitz egin dutela jada: «Atsekabetuta daude, eskuina eta zenbait hedabide gobernua higatu nahian dabiltzalako, baina, era berean, lasai ikusi ditut. Jakin badakite gardentasunez eta zintzotasunez lan egiten dugula, eta gobernua sendo dagoela».
Etorkizunari begira, Alzorrizek ziurtatu du PSNk Nafarroako Gobernuari eutsiko diola kosta ahala kosta. «PSNren xedea da eskuinaren politikak baztertzea».
Geroa Bai-k ere ohar bidez jakinarazi du ez dutela onartuko Nafarroa eta bertako gobernuaren kontrako «usteetan oinarritutako higatze kanpainarik, ezta erabilera politikorik ere, Nafarroako oposizioa egiten ari den moduan». Hori esanda, jakinarazi du babestu egingo duela Nafarroako Parlamentuan ikerketa batzorde bat irekitzea.
Ildo beretik egin du PSNren beste gobernu bazkideak ere. Zurekin-ek indar aurrerakoei eskatu die denen artean ikerketa batzorde bat bultzatzea egiten diren kontratazio publikoak ikertzeko.
Garcia: «PSNren proiektua kolapsatu egin da»
Oposizioak, dena den, ez dio arnasarik emango gobernuari. Atzo UPNk esan zuen Santos Cerdanen auziak ataka estuan utziko zuela Maria Txibite Nafarroako gobernuburua, eta gaur harago joan da Javier Garcia Nafarroako PPko presidentea. «Ardurak hartzeko» eta hauteskundeetara deitzeko eskatu dio. PSNren gobernua sostengatzen duten alderdiei esan die ea «zer gehiago gertatu behar ote den PSN babesteari uzteko».
Garciak esan du PSNren proiektuak «kolapsatu» egin duela: «Irtenbide duin bakarra geratzen da: foru erkidegoko hauteskundeak egitea». Eta PSNren gobernuari eusten dioten alderdiei egin die erreferentzia: «PSNrekin daude, edo nafarrekin».
Nafarroako PPk ikerketa batzorde bat eskatu du parlamentuan, eta Geroa Bairi, EH Bilduri eta Zurekin-i galdetu die ea babestuko duten eskaera hori.
Garciak esan du Nafarroa «larri» geratuko dela «PSN nahasten duen ustelkeria sare hori ezagutu ostean». Gogora ekarri duenez, Guardia Zibilaren txostenaren arabera «Nafarroako herri lanen adjudikazioetan ustez bitartekaritza sariak kobratzeko sare bat zegoen, eta sare hori Nafarroan jaio bide zen, guztiek ezagutzen ditugun enpresa, kargu eta izenekin». Garciak gehitu duenez, «hemen hasi zen dena, eta hemen hasi behar du eraberritze politikoak».
Gainera, Garciak zuzenean lotu du Txibite Cerdanekin. «Cerdanez ari gara, PSOEko hirugarrenaz, Espainiako gobernuburuaren eskuin eskuaz, eta urte askoan PSNko antolakuntza idazkari izandakoaz; Txibiteren konfiantza osoko gizona da, eta lehendakari postua hein handi batean Cerdani berari zor dio Txibitek».
Garciaren arabera, ez dira pertsona bakanez ari: Guardia Zibilaren txostenak «egiteko modu bat zehazten du, eta Alderdi Sozialistaren egituretan ardaztuta dago». Ez zaio sinesgarri egin Txibitek horren berririk ez izatea: «Baldin bazekien, oso larria da, eta ez bazekien ere bai».
Pradales eta Otxandiano, gardentasun eske
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak kezkatuta hitz egin du auziaren inguruan. Uste du «ardura, zintzotasuna, azkartasuna eta gardentasuna» behar direla orain. Azpimarragarria iruditu zaio Sanchezek sinesgarritzat jo izana Guardia Zibilaren txostenak, eta uste du Espainiako Gorteen legealdia «beste fase batean» sartu dela oraingo gertaeren ondotik: «Nora doa fase hau? Ez dakit, baina uste dut gertatu denak aldatu egin duela pantaila».
Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eledunak ere gardentasuna eta zintzotasuna eskatu ditu. «Sanchezek erabat zorrotza izan beharko luke ustelkeria zantzu horien harira».
cerdanek oraindik ez du utzi diputatu akta
Leopoldo Puente Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak probidentzia bidez helarazi dio Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohiari jada jaso duela Cerdanek ekainaren 25ean deklaratzeko borondatea duelako jakinarazpena. Pauso hori eman ostean, Cerdanek aukera izango du Guardia Zibilak epaileen onespenarekin auzia irekitzeko erabilitako materiala ikuskatzeko.
Bestalde, Cerdanek jendaurrean adierazi du uko egingo diola diputatu aktari eta, horrenbestez, baita forudun izateari ere. Erabaki hori berretsi nahi ote duen galdetu dio epaileak, eta eskatu dio hala nahi izatekotan adierazi dezala ekainaren 25a baino lehen, dagokion forma eta epeak errespetatuz. Hori ez badu egiten, epaileak ulertuko du ez diola uko egin forudun izateari.