Amaya Zabarteren auzia Eusko Legebiltzarrera eraman nahi du haren defentsak

Realaren eta PSGren arteko partidaren atarian larri zauritutako emakumearen bikotekideak eta abokatuak adierazi dute «babesgabe» sentitzen direla Poliziaren eta epaitegiaren urrats falta dela eta.

Novoa, Zabarte eta Sarriegi, epaitegietara bidean, apirilean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Novoa, Zabarte eta Sarriegi, epaitegietara bidean, apirilean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko irailaren 16a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realaren eta PSGren arteko partidaren atarian emakume bat larri zauritu zen Ertzaintzaren oldarraldi batean, eta haren ordezkariek Eusko Legebiltzarrera eraman nahi dute auzia. Amaya Zabarte Donostia ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatean ospitaleratu zuten, buruan eragin zizkioten lesioen ondorioz. Epaitegietara jo zuten gertatutakoa argitzeko asmoz, baina «babesgabetasun sentsazioa» nagusitu da eurengan. Hala, Aitor Sarriegi abokatuak eta Joseba Novoa bikotekideak legebiltzarrean hartu nahi dute hitza, Poliziak eta epaileek egin ez duten lana «herritarrek aukeratutako ordezkariek» egin dezaten.

Iazko martxoaren 5ean, Txapeldunen Ligako partida hasi aurretik, Ertzaintza inguruan zeuden zaleei oldartu zitzaien, eta, besteak beste, foam jaurtigaiak erabili zituen haien kontra. Zabarteren defentsaren esanetan, horietako batek buruan jo zuen 44 urteko emakumea, eta hala iradoki zuen auzitegi mediku batek ere epailearen aurrean, esanez guztiz posible dela halako arma batek halako lesioa eragitea.

Horrez gain, gertakari hartako bideo bat ere zabaldu zen. Hartan, ikusten da zerbaitek buruan jo zuela Zabarte, eta kolpearen eraginez erori zela. Jarraian, Ertzaintzako agente bat ikusten da Zabarteri buruan ostiko bat ematen. «Ostiko bat eman zion lurrean babesgabe eta zaurituta zegoela, hiltzeko arriskuan, medikuen arabera», salatu dute Sarriegik eta Novoak, EFEk jasotako oharrean; kaskezurra bi lekutan hautsi zitzaion. Hala, bideo berari erreferentzia eginda, salatu dute «justifikaezina» izan zela agenteen jarduna: «Ez zegoen istilurik, atestatuak kontrakoa adierazi bazuen ere».

Eguna bera, baina, «gurutze bidearen» hasiera izan zen. Epaitegietan, Ana Isabel Perez Asenjo epaileak auzia artxibatu zuen, esanez ez zutela argitu nork egin zuen. Azaroan, baina, Sarriegik jarritako helegitea tarteko, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak auzia berriz zabaltzeko agindu zion epaile berari. Hain zuzen, aipatutako bideoa oinarri hartuta.

Urtebete geroago, apirilaren 7an, deklaratu zuten Zabartek eta auzitegi medikuak. Epaileak deklaratzera deitu zuen Zabarteri ostikoa eman zion ertzaina ere; ukatu egin zuen, esanez estropezu egin zuela. Epaileak, ordea, ez du operatiboan parte hartu zuten gainerako agenteen adierazpenik hartu. Hala, Sarriegik eta Novoak salatu dute «babesgabetasun sentsazioa» dutela, urrats faltagatik.

Azaldu dute justizia egitea dela euren nahia, «gertatutakoa berriz ez gertatzea», eta horretarako jo dute Eusko Legebiltzarrera: «Justizia eskatzen eta exijitzen dugu, ezin dugulako onartu zer gertatu den eta zer gaizki tratatu gaituzten; biktimak izan ordez errudunak bagina bezala».

Aurrez ere jorratu da Zabarteren kasua legebiltzarrean. EH Bilduk eta Sumarrek azalpenak eskatu zizkioten Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari, eta hark erantzun zuen Zabarte «biktima bat» dela. Halere, ez zuen argitu hark buruan hartu zuen kolpea Ertzaintzak jaurtitako foam jaurtigai batek eragindakoa izan ote zen: «Argi geratu da nahi ez zuen egoera baten biktima bat izan zela. Berdin zait hartu zuen kolpea pilotakada baten ondoriozkoa izan zen edo beste pertsona batek jaurtitako beste zerbaiten ondoriozkoa. Baina egia da zerbaitek jo zuela eta horrek kaltea eragin ziola».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.