Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Lucio Urtubiaren irudiak zaintzen du Orbeko Etxerako sarrera, ondoko hormatik, Laudion (Araba). «Zure ereduak argitzen du bidea» esaldia dauka ondoan, horman margoturik. Sendoa da harrizko etxea, eta beheko partean, kontzertuak egiteko aretoa dago, etxearen atalik ezagunena; baina Orbeko Etxea kontzertuak egiteko aretoa baino askoz gehiago da. Lehenengo solairuan sukaldea, bilerak egiteko aretoa, liburutegia eta beste gela batzuk daude, eta, eskailerak igota, boulder edo bloke eskalada egiteko atonduriko txokoa dago. Itogin batzuk agertu dira goiko solairuan; uda ostean horiek konpontzea da etxearen erabiltzaileen asmoa.
Ekitaldiak egiteko aretoko sarreran kartel bat dago, jokabide sexistak, arrazistak, homofoboak eta antzekoak galarazita daudela ohartarazteko: «Hau eremu politiko bat da. Pertsona guztiak dira ongi etorriak: jarrera guztiak ez». Izan ere, Orbeko Etxeko batzarra osatzen duten kideek oso argi dute proiektuaren izaera politikoa. «Gorabeherak izan ditugu; garai batzuetan hemen kontzertu asko antolatzen ziren, eta eman zezakeen hori zela etxearen jarduera bakarra, baina guk argi dugu: hemen musika emanaldiak baino askoz gauza gehiago antolatzen dira, eta, gainera, gune irekia da, beste talde eta elkarteek euren egitasmoak azal ditzaten».

2001eko uztailean okupatu zuten Orbeko Etxea, eta, eraikina garbitu eta konpontzeko lehenengo lanak amaituta, bideari ekin zioten; datorren urtean 25. urteurrena ospatuko dute. Gaur egun, hogei bat lagunek osatzen dute batzarra. Raul eta Inma azken urteotan aritu dira buru-belarri etxearen eguneroko jardunean: «Hilean behin, hileko lehen igandean, herri bazkaria antolatu ohi dugu; asmoa izaten da egun osoko egitaraua prestatzea, eta saiatzen gara musika emanaldiekin batera hitzaldiak, liburu aurkezpenak eta antzekoak egiten. Horretaz aparte, jardunaldiak antolatu ditugu, ikastaroak, umeentzako jarduerak eta abar. Urteurren jaialdian, adibidez, dantza eta irrintzi erakustaldi bat egin genuen, eta oso polita izan zen. Egun hartan, herriko jende asko etorri zen; haietako batzuk estreinako aldiz ikusi genituen hemen».
Garai batean, makina bat kontzertu antolatzen zituzten Orbeko Etxean, bertako taldeekin eta atzerritik etorritakoekin, eta etxeko kideek argi ikusi zuten musika emanaldiak eraikinaren jarduera bakar bilakatzeko arriskua zekarrela horrek. Raul: «Asteburu guztiak hartuta zeuden, eta horrek zaildu egiten zigun beste gauza batzuk egin ahal izatea». Azken bi urteotan, baina, horri muga jartzen ahalegindu dira, eta orain irizpide batzuk hartzen dituzte kontuan emanaldi bat egin aurretik: antolatzailea elkarte edo kolektibo bat izatea, taldekideen artean emakumeak egotea, kanpoko taldearekin batera bertako talde bat aritzea eta abar.
Gune autogestionatua
Orbeko Etxea ez da gaztetxe bat, gune autogestionatua baizik. Ñabardura horrek badu garrantzia eta tradizioa Laudion: 1980etako urteetan, gaztetxeak Euskal Herri osoan loratzen ari zirenean, Laudion bazegoen eraikin okupatu bat, Pinturen Etxea izenekoa, eta hango okupatzaileek ez zioten guneari gaztetxe deitzen, eskuat baizik; izan ere, herrian bazegoen beste eraikin bat, gazte asanbladak kudeatua, eta hark Laudioko gaztetxea izendapena erabiltzen zuen.
Gaztetxean ezker abertzalearen inguruko gazteak ibiltzen ziren, eta eskuatean, berriz, joera autonomo eta anarkistetakoak. Bi multzoen arteko harremana ez zen samurra, eta sarritan etsaitzat hartzen zuten elkar: «Ni bi giroetan ibiltzen nintzen, baina haien artean bazegoen horma ikusezin bat, banaketa absurdo bat», azaldu du Inmak. «Orduan, zerbait oso bitxia gertatu zen: eraikin biak hustu zituzten [gaztetxea 1991n, eta eskuata 1994an], eta garai hartako gazteoi tabernak baino ez zitzaizkigun geratu. Eta denak, gaztetxekoak zein eskuatekoak, hasi ginen tabernetan elkartzen, hobeto elkar ezagutzen, eta horma ikusezin hori erori egin zen».
2001ean berreskuratu zuten Laudion bi gune okupatu izatearen tradizio hori, baina hamabost urte lehenagoko ezinikusiak gaindituta: «Ni garai hartan ez nengoen, baina, esan didatenez, Laudioko gaztetxe berria ere 2001eko uztailean okupatu zuten, Orbeko Etxea okupatu zuten garai bertsuan, eta koordinazioa eta elkarlana egon zen bi okupazioen artean», azaldu du Raulek.
Etorkizunari begira, ohiko kezkak dituzte Orbeko Etxekoek, eta horietako bat da nola bermatu gunean garatzen diren harremanak horizontalak izatea, genero estereotipoetatik eta botere dinamiketatik urrun. Kontzertuetan emakumezko musikarien parte hartzea lehenesteaz gain, bestelako neurriak ere landu dituzte aspaldi honetan: erasoen kontrako protokoloak egitea, talde transfeministak gonbidatzea etxean hitzaldiak eman ditzaten, Punka eta feminismoa jardunaldiak antolatzea eta abar.
Eta beste kezka bat da gazte belaunaldiei sarbidea erraztea. Aspaldi honetan, gazte batzuk hasi dira etxea erabiltzen, eta lehen solairuko gela bat hartu dute euren jardueretarako. «Guk horixe nahi dugu, odol berria eta ideia berriak», azaldu du Inmak. Bat etorri da Raul: «Gune autonomoetan zailagoa da erreleboa ziurtatzea. Asmatu behar dugu hori nola egin».
Gernikan, gaztetxea
Hamahiru urte itxita pasatu ostean, aurtengo apirilaren 12an, Egurre gazte asanbladak Gernika-Lumoko (Bizkaia) gaztetxea berreskuratu zuen. Sei hilabeteotan hainbat ekintza egin dituzte asanbladakoek: formakuntza saioak, kontzertuak, jokoak... eta herrian aspalditik eskatu den liburutegia ere eraiki dute. Udalak oraindik ez die bertan geratzeko bermerik eman, baina asanbladak argi dauka. «Gure interesak gure kabuz antolatuta baino ezin ditugu defendatu; ezin gara instituzioen zain egon», nabarmendu du Ihart Basabe bozeramaileak.
Kide askok «nostalgiaz» gogoratzen dute gaztetxe zaharra, hura martxan zen artean gehienak haurrak baziren ere. Horrek eraman zituen tokia hautatzera, baina okupazioaren zergatia harago doa. «Herriko egoera orokorraren ondorioa da; turistifikaziora kondenatu nahi gaituzte, bizi baldintzak okerrera doaz, gazteok ezin dugu gure herrian etxerik bilatu eta abar», azaldu du Basabek.
Arazo horien aurka antolatzeko orduan «muga asko» ekartzen zizkien borrokarako tokirik ez izateak. Basabe: «Gaztetxea ez da helburua, bertara heltzeko tresna baino; beharrezko tresna bat, hori bai». Badakite gaztetxeek, historikoki, potentzial politiko eta sozial «handia» izan dutela, eta Gernika-Lumon ere horrelako zerbait behar zuten.

«Gazte langileok jasaten ditugun zapalkuntzei aurre egin, eta herriko hutsuneak beteko dituen esparru politikoa ari gara eraikitzen», azaldu du Basabek. Inguruko jarrera erreakzionarioen gorakada eragina izaten ari dela nabaritu dute asanbladakoek; horregatik, gaztetxea faxismoaren aurkako balioak sozializatzeko esparru seguru bilakatu nahi dute, baita «logika kapitalistatik kanpoko» aisialdirako eremu ere.
Egonkortze prozesuan, «lan handia» egin behar izan dute obretan eta sozializazioan. Hasieratik izan dute herriko askoren babesa, eta «oso eskertuta» daude. «Inoiz bertaratu gabeko jendea» joan da bere alea jartzera: asanbladetan parte hartu, materiala lortu, jakintzen berri eman eta abar. Hala ere, taldea handitzea dute helburu, Basaberen arabera: «Asko gara proiektu hau gure egiten dugun gazteak, baina gehiago izango gara. Lan asko daukagu egiteko oraindik».
Belaunaldi berria
Okupazio prozesuan, eta ostean ere, Defentsa Komunitatearen babesa izan du Egurre Gazte Asanbladak. Gaztetxeen aurkako oldarraldi betean, beharrezkotzat jotzen dute «defentsa mekanismo eraginkorrak kolektiboki antolatzea». Basaberen hitzetan, gaztetxeak ez dituzte «tokiko zentzu batekin ulertzen», eta, beraz, «defentsa ezin daiteke herri bakoitzera mugatu. Norabide berean joan behar dugu, eta ez eremuak babestu soilik».
«Gaztetxea ez da helburua, bertara heltzeko tresna baino; beharrezko tresna bat, hori bai»
IHART BASABE Egurre gazte asanblada
Sare hori indartzeko asmoz antolatu zituzten maiatzean Bizkaiko Gaztetxeen Topaketak, Gernika-Lumon. Gaztetxeen «aro berri» bat hasiko zela iragarri zuten orduan, eta asanbladako bozeramaileak ere hala uste du: «Gaztetxeen aldeko borrokan dena emango duen gazte belaunaldia da gurea; langileon kontrolpeko eremuen alde borrokatuko dena, zapalkuntzen aurrean geldi geratuko ez dena, erasoei erantzungo diena... eta dena kolektiboki».
ZENBAT GUNE, HAINBAT EREDU
Gaztetxe eta gune autogestionatu bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta ereduak eta funtzionatzeko moldeak ere askotarikoak dira. Historikoki, arrakastarik handiena izan duen eredua da gazte asanblada batek okupatu eta kudeatutako gaztetxearena, baina mota askotako esperientziak daude Euskal Herrian: frankismoaren garaitik belaunaldiz belaunaldi igaro diren proiektuak, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxea esaterako; gazte izaerari muzin egin eta adin guztietako jendea hartzen duten gune autogestionatuak; eta jatorria okupazioan izan baina autogestioaren oinarriei uko egin gabe komunitateari kultur eskaintza eta zerbitzua ematea lehenetsi duten tokiak, hala nola Tolosako Bonberenea, Gernika-Lumoko Astra eta Zorrotzako gaztetxea (Bilbo). Aniztasun hori areagotu egin da azken urteotan. Badaude autogestioa esparru zabalagoetara eraman nahi duten esperientziak; horren adibide dira Gasteizko Errekaleor auzo okupatua, Astika herria (Erandio, Bizkaia) eta Otxandategi soro komunala (Berango, Bizkaia), 2024ko maiatzean hustua. Bilboko Santutxu auzoan Karmela egitasmoa dago; hutsik zegoen ikastetxe bat zen, eta auzoko eragileek 2015ean okupatu zuten. Geroztik, herritarren ekinbide sozial eta kulturalak gauzatzeko gune komunitarioa izan da Karmela, auzokideek berek kudeatua.