Amurrioko parke eolikoaren proiektua aldatu dute, eta zazpitik laura murriztu dute haize erroten kopurua

Energia sortzeko ahalmenari eutsiko dio Mendi proiektu berriak, haize errota bakoitzak potentzia handiagoa izango baitu. Oraingo egitasmoan, potentzia 31,2 megawattekoa izango da, jatorrizko proiektuan bezalaxe.

Parke eoliko baten irudia. BERRIA
Parke eoliko baten irudia. BERRIA
kristina martin
2025eko azaroaren 11
12:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Green Devko Energy 5 enpresak aldatu egin du Amurrion (Araba) eraikitzekoa zuen parke eolikoaren proiektua, eta zazpi haize errota egin beharrean lau egingo ditu. Nolanahi ere, ez da murriztuko azpiegituraren gaitasuna energia sortzeko, aerosorgailu bakoitzak potentzia handiagoa izango baitu.

EAEko aldizkari ofizialak apirilean argitaratu zituen parke eoliko horren aurreproiektuaren ezaugarriak. Mendi izeneko parkean zazpi haize errota jartzea aurreikusten zen; aerosorgailuek 113 metroko altuera izan behar zuten, eta 4 eta 4,5 megawatt bitarteko potentzia. Hortaz, parke eolikoak 30 megawatt sortzeko ahalmena izango zuela aurreikusten zen. Aurrekontua 32,5 milioikoa zen.

Hala ere, informazioa jendaurrean eman eta kontsulten izapidearen ostean, proiektua egokitzea erabaki du enpresa sustatzaileak. Orain lau haize errota eraiki nahi dituzte —bakoitzak 110 metroko altuera eta 7,8 megawatteko potentzia izango du—. Proiektu berria denez, informazioa jendaurrean aurkeztuko dute berriro. Aldaketa horiek eginda, proiektu berriaren potentzia eta aurrekoarena parekoak izango lirateke, eta proiektua bera, merkeagoa: potentzia 31,2 megawattekoa izango da, eta kostua 24,8 milioikoa.

Erantzuteko batzarra

Bestalde, Goñerri eta Etxauri artean (Nafarroa) bizilagun talde batek herri batzar baterako deia egin die herritarrei. Helburua da ingurune hartan eraiki nahi duten parke eolikoaren aurkako erantzuna koordinatzea. Batzarra hilaren 14an izango da, ostiralarekin, 18:30ean, udaletxean.

Proiektuaren aurka dagoen bizilagun talde horrek proiektuarekin lotutako interes pribatuak izatea leporatzen dio Etxauriko udal gobernuari. Izan ere, Etxauriko Udalak batzar ireki bat egin zuen urriaren 31n proiektua azaltzeko, eta, ostiraleko deialdia sustatu duen bizilagun talde horrek salatu duenez, udal agintariek «baieztapen faltsuak, zehaztugabeak eta nahita nahasitakoak» egin zituzten. Gainera, udal gobernuari leporatu diote proiektuaren inguruan duen iritzia argi eta garbi azaldu ez izana, «eskumenik ez duela argudiatuta». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.