xabier martin
Udal eta foru hauteskundeak. BOZ GORA

Aginte makila eta makulua

2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Bakarra ez, makila bi nahi dituzte hautagaiek, aginte makila lortzeko makulua ere beharko baitute gehienek. Lehenak emango du bigarrena leku askotan, eta, inor izatekotan, EAJ da makulua lortzeko prest dagoena. Nahiz eta hautagaiei alergia ematen dien hauteskundeen osteko aliantzei buruz hitz egiteak, gauzak garbi geratu dira: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde gehienetan, tokiko salbuespenak salbuespen, PSE-EE izango da makulua, eta EAJ aginte makila.

Azken urteetako biko aliantza egonkor horren alperretik ihes egiteko, aldean makulurik behar ez duten aginte makilak beharko ditu EH Bilduk, jaso ditzakeen arren babes batzuk han eta hemen, Elkarrekin Podemosenak akaso, eta beste batzuenak ere bai, esaterako Arabako Errioxan, eskualde horretako ekosistema berezia dela eta.

Alegia, hauteskundeak irabaztea gauza bat izango da eta gobernatu ahal izatea beste bat, blokeen artekoa baita jokoa aspaldian. Ezkerreko ardatza aktibatzeko berde dago oraindik PSE-EE; kudeaketaren eserlekuetan jarraitzeko betiko estrategian sakontzeko prest dago Eneko Andueza; hasteko, EH Bildurenganako edozein hurbilketak Ferrazen baimena behar duelako lehenik: ehiza larria Espainia da hemen.

Beste kontu bat da alderdian inork galdetzen ote duen betiko makulu izanda PSEk zer-nolako geroa duen, aginte makila izateko benetako hautagaiak EAJ eta EH Bildu baitira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Biek erakarri dituzte abertzaletasunetik haragoko botoak, zentro-eskuinetik lehenak eta ezkerretik bigarrenak. Zentralitatea nahi dute biek; PSEri bigarren mailako rola geratu zaio, Ā«giltzarriĀ» dela dioen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.