joxerra senar
BOZ GORA

Akatsak saihestuz gero, gaitz erdi

2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Kanpaina hasi berri, beti geratzen da zalantza bi asteok zer balio izaten duten. Are gehiago egun kanpaina aurreko garaiak hainbeste irauten duela kontuan hartuz gero. Dena den, hobe ez lokartzea. Badaezpada ere. Hala, bi asteotan, zalantzatiak konbentzitu, arerioen erasoei aurre egin eta boto emaileak mobilizatuz gero, asko irabazia dute alderdiek.

Eta akatsak saihestuz gero, gaitz erdi! Adibidez, 2015ean, Diario de Navarra-k Ciudadanosen aurka egindako kanpaina baten ondorioz, alderdia boto gutxiren faltan geratu zen parlamentuan sartzeko. Detaile ñimiño hark ahalbidetu zuen 2015-1209 legealdiko aldaketaren gehiengoa. Match Point filmean bezala, porrotaren eta garaipenaren arteko tartea oso txikia izan daiteke.

Marketinak, iruditeriak eta lerroburuek irentsi dituzte kanpainak, baina, akaso, kazetariok eta herritarrok badugu zerikusirik. «Programa, programa eta pro- grama», zioen Julio Anguita zenak, baina gutxi dira alderdien proiektuaren edukiari erreparatzen diotenak. Nafarroako ezein alderdik ez du ahalmenik bere kabuz bere egitarauaren edukia aurrera ateratzeko; eta, gainera, gobernatzeko ordua iristen denean, ekintzak gauzatzeko zailtasunak agertu ohi dira. Hala ere, maila teorikoan, proiektu baten osasuna neurtzeko modu bat izan daiteke. Balio behar luke bereizteko promesak egiten dituztenen eta arazoei konponbide bat eman nahi dietenen artean.

Maiatzaren 28an gertatzen dena gertatzen dela, gauza bat dago argi: elkarrizketa eta akordioa ezinbesteko izango dira. Kanpaina luzea dela irudituz gero, lasai. Maiatzaren 29tik aurrerakoa are luzeago izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.