Leire Casamajou Elkegarai

Baliabiderik gabeko legeak

2026ko urriaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eraso sexisten eta sexu indarkeriaren kontrako lege integralaren alde agertu dira Frantziako Asanblea Nazionalean. Ipar Euskal Herrirako ere, beraz, aitzinamendua izanen da: gizonen indarkeriaren biktima diren emazte eta haurren babesteko neurri berriak izanen dira.

Besteak beste, aipagarriak dira biktimendako lan geldialdia, ikasleei eskolan eginen zaizkien elkarrizketak, intzestuaren definizioaren berrikuspena... Baina zer erran justiziaz? Nola espero daiteke gehiago jadanik funtzionatzen ez duen sistema batetik?

Erran behar baita Frantzian aspalditik maingu dabilela justizia, baliabide eskasez eta dosierrez gainezka. Auziak bata bestearen ondotik epaitzen dituzte, laurden batez, gorabehera; auzi saio horietan aztertzen ez diren afera lodiagoak, bestela, urtez eta urtez igurikatze lerroan baratzen dira, zain.

Frantziako auzitegietan bezala, Baionakoan ere Europako normek gomendatzen duten baino gutiagonaka ari dira lanean: magistratuak eta auzi idazkariak itoak dira, hitzemanak izan zaizkien langile gehigarrien beha.

Oraingoan unitate berezituak sortu dituzte Polizian, baita justizia ahalmen berezituak ere; ongi. Nola bermatuko dira horiek, lege integralaren aplikatu ahal izateko aitzinkonturik segurtatu ere ez badu egin gobernuak?

Garaipenak, usu bezala, apurrak dira instituzioetan. Eta militanteek, beti bezala, karrikan segitu beharko dute, hutsuneen tapatzen, borondate politikoaren mende gelditzen delako baita justizia ere.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA