Lorea Flores.
INGURUMENA PENTSALDIAN

Ekintza politikorako garaia da

2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Bederatzi egun baino ez dira gelditzen Euskadin botoa eman ahal izateko: datorren uztailaren 12an erabakiko da datozen lau urteetan nork gobernatuko duen Euskadin. Hauteskunde hauek testuinguru historiko batean egingo dira. ┬źNormaltasun berri┬╗ honetan, zeinetan oraindik ere koronabirusaren mehatxuarekin bizitzen ikasten ari garen, eta krisi ekonomiko berri bati aurre egin behar diogun. Eta hau dena, planetak bizi duen klima larrialdia eta biodibertsitate-krisia oraindik guztiz onartu gabe.

Hauteskunde-kanpainan zehar, alderdi gehienak osasun krisiaren irteeran eta honen ondorio okerrenak arintzeko ezarriko dituzten gizarte eta ekonomia arloko neurrietan jartzen ari dira atentzioa. Hala ere, badirudi askok ahantzi egiten dutela irtenbide hori justizia sozialetik eta klimatikotik egin behar dela; izan ere, NBEko Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Taldearen (IPCC) arabera, hamarkada bat besterik ez zaigu geratzen klima-aldaketaren ondorio okerrenak saihesteko. Eusko Jaurlaritzak orain arte hartutako neurriak, ordea, ez doaz, inolaz ere, beharko luketen ildotik, automobil kutsatzaileak erosteko Renove planekin, konpainia handien interesen aurrean amore emanez eta guztion onaz ahaztuz. EAEko paisaian kolore nagusia berdea den arren, kolore horren presentzia nahiko eskasa da bertako politiketan.

Hori dela eta, Greenpeacetik funtsezkoa iruditzen zaigu alderdi nagusiek hauteskundeetako aukera hau pertsonak eta planeta politika guztien erdigunean jartzeko baliatzea. Horretarako, gaur egungo sistema ikuspegi ekosozialetik aldatzeko zenbait neurri proposatu dizkiegu: energia-ereduan aldaketa bultzatzea, ekoizpen eta kontsumo iraunkorreko sistema bat sustatzea, biodibertsitatea gure biziraupenerako giltzarri bezala finkatzea, gure hiri eta herrietako bizitza hobetzea eta fiskalitate berdean aurrera egitea.

Bertzeak bertze, hauek azpimarratu nahi ditugu: klima aldaketaren eta energia trantsizioaren asmo handiko euskal legea; Petronorren findegiaren itxieraren plangintza eta Muskizko koke instalazioa eraistea; garraio-arloko neurriak, Supersur errepidearen obrak geldiaraztea eta egungo trenbide-sarea hobetzea azpiegitura handi berriak bultzatu gabe; eta hondakinen kudeaketa eta legeria aldatzea, erraustegi eta zabortegietan oinarritutako egungo ereduarekin amaitzeko. Izan ere, Zaldibarko zabortegian gertatzen ari dena hondakinak kudeatzeko sistemaren porrotaren icebergaren punta baino ez da.

Euskal gizartearen oraina eta geroa datorren uztailaren 12an hautatuko diren pertsonen esku egonen da neurri handi batean. Hurrengo legegintzaldiko lau urteak funtsezkoak dira gure etorkizuna zein izanen den zehazteko. Denbora gutxi dugu benetako neurriak hartzeko, klima aldaketaren eta biodibertsitate galeraren ondorio okerrenak saihesteko. Erabakitzeko unea orain da. Ekintza politikorako garaia da. Bada garaia gure eta planetaren osasunaren alde bozkatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.