Marian Iriarte.
ARGI ALDIAN

Ikasketak

2017ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Udan gaude, eta batzuetan eguraldiak gehiegi laguntzen ez badu ere, oporren usaina atzematen dugu. Oporretara joan baino lehen, ikasle berriek datorren ikasturtean zer ikasi nahi duten erabaki behar dute. Aste hauetan batek baino gehiagok larritasunez itxaron du ea gogoko zituen ikasketetan matrikulatzeko aukera izango zuen ala ez jakiteko. Batzuek oporrak hartu baino lehen gogoko dituzten ikasketetan matrikula egiteko aukera izango dute; beste batzuek, aldiz, irailera arte itxaron beharko dute, aukera hori daukaten ala ez ikusteko. Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioan lortutako kalifikazioak emango die ikasketa batzuetan edo besteetan matrikulatzeko aukera, eta, horren arabera, ikasketa batzuetan dagoen gutxieneko nota handiagoa ala txikiagoa izango da. Badirudi gutxieneko nota altua izateak ikasketa horien zailtasuna edo maila neurtzen duela, eta, aldiz, gutxieneko nota baxua denean edonor sar daitekeela. Eta sartu, sartu bai, baina ikasketa horiek ongi egin, hori beste gauza bat izango da. Gutxieneko notak zera neurtzen du, zenbat eskaera dauden eta zenbat plaza eskaintzen diren. Zenbat eta alde handiagoa izan bi horien artean, orduan eta gutxieneko nota altuagoa izango da. Aste honetan izandako bilera batean, industrian dagoen langile kualifikatuen beharraz aritu ziren. Baina, hala ere, ingeniaritza askotan ez dago ikasle askorik, eta, gainera, batzuetan sartu dira gutxieneko nota baxuarekin. Zer egin beharko genuke? Ikasle bakoitzari ikasi nahi duena aukeratzen uztea bidezkoa dirudi, betiere eskaintzen diren plazak kontuan hartuta. Baina, bestalde, gizarteak jakintza arlo jakinetan beharrak baditu, nola egin ikasleak ikasketa horietara erakartzeko? Ez da gauza erraza hori konpontzea. Edozein modutan, ikasleak ongi jakin behar du gutxieneko nota baxua izateak ez duela ezertarako esan nahi ikasketak erraz gaindituko dituenik. Eta, askotan, matematiketan edo fisikan oso ongi ez dabilen bat baino gehiago zientzietako ikasketa batzuetan sartzen da. Eta hor hasten dira komeriak. Ez legoke gaizki ikasle horien ibilbide akademikoa jarraitzea; zenbat aldiz errepikatzen duten, zenbat urte behar dituzten ikasketak amaitzeko, amaitzen ote dituzten, eta abar. Bueno, oporrak badatoz eta ongi merezitakoak. Ikasle hori, ongi pasa udan, eta irailean elkar ikusiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.