Ane Pescador.
OSASUNA PENTSALDIAN

Nork zaintzen du zaintzailea?

2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Bizi esperantzaren luzatzea dela eta, geroz eta handiagoa da adineko pertsonen kopurua. Adineko pertsonen biztanleria taldeak gaitz kroniko gehiago pairatzea du ezaugarri, gainbehera fisikoa eta psikikoa sortuz eta, ondorioz, kapazitate funtzionala gutxituz. Hori dela eta, geroz eta pertsona gehiago dira zaintza behar dutenak.

Zainketa horiek gehienetan Ā«zaintzaile informalenĀ» esku gelditzen dira, alegia, gaixoaren senideen esku. Zaintzak behar dituen senide baten presentziak familiako aldaketa esanguratsuak sor ditzake sendiaren egituran eta baita senideen jokaeran eta eginkizunetan ere. Aldaketa horien harira, familiaren egonkortasuna arriskuan jar dezaketen krisiak gerta daitezke, senide guztiei eraginez, baina, bereziki, zaintzaile printzipalari, haren gain gelditzen baitira gainkarga fisiko eta emozional handienak.

Laguntzarako baliabideak egon arren, zaintzaileak gainkarga pairatzen duenetan bere osasunarengan ondorio kaltegarriak antzeman ditzake. Antsietatea eta depresioa bezalako sintoma psikikoak, bakartze soziala, aisialdirako denbora falta eta bizi kalitatearen gutxitzea izan ohi dira osasun ondorio esanguratsuenak, eta sarritan egoera ekonomikoaren okertzea ere suertatzen da.

Izan gaitz kronikoa zein akutua, zaintzaileek euren burua bigarren plano batean uzten dute. Ospitaleratzeak gertatzen direnetan, bertan igarotzen dituzte egunak, behar baino lo gutxiago egiten, elikadura okerra eramanez. Zaintzaile batzuek euren tratamendu propioak hartzea ere ahazten dute ospitaleratze egun horietan. Haientzako denbora libre pixka bat hartzen dutenetan ere deserosotasun emozionalak sufritzen dituzte. Zaintzaile gehienek ez dute antzematen gainkarga edo higadura emozionala zein fisikoa, eta horrek gaixotzera eramaten ditu askotan. Egoera zaildu egiten da zaintzaileak lana eta zaintza kudeatzeko erraztasunik ez duenean.

Osasungintzak badu paper garrantzitsua prozesu horiek antzematen eta zaintzailearen jarraipena egiten. Zaintzaileak sostengu soziala eta psikologikoa eduki behar ditu, bizitzen ari den egoeraz hitz egiteko eta ahal dela laguntza jasotzeko. Gizarte zerbitzuen bitartez, etxean egiten diren zaintzetarako baliabideak erraztu behar zaizkie denbora librea eduki dezaten. Laguntza taldeetan parte hartzea ere onuragarria izan daiteke zaintzailearentzat. Zaintzailearen gainkarga garaiz antzemateak eta ahal denneurrian hura eragozteaketorkizunean osasun arazoak izatea eragotz dezake. Horri guztiari erreparatzen ez baldin badiogu, nork zainduko du zaintzailea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.