inaut matauko rada

Ohiko bero bolada ezohikoak

2026ko ekainaren 22a
12:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uda hasi bezain laster, bero bolada gogor batek jo ditu Euskal Herria eta Europaren mendebaldea. Motibo nagusia: Afrikatik Europara iritsi den aire bero eta lehorra pilatuta geratu da kontinentearen mendebaldean. Maiatzaren amaieran izan zen lehen abisua, garai horretarako ezohikoak ziren tenperatura beroek jo baitzuten Euskal Herria, baina oraingoa are gogorragoa da.

Halakoak gertatzen direnean, bada beroteak normalizatzen dituenik, esanaz udan beti egin izan duela bero, eta halako egun beroak udaro izaten direla. Eta, noski, fenomeno meteorologikoek betidanik sortu izan dituzte baldintzak egun batzuez tenperaturak askoz gehiago berotzeko. Baina zientziak demostratu du klima aldaketak handitu egiten duela bero boladak gertatzeko aukera, baita halakoak gogorragoak izateko aukera ere. Hori dela eta, azken urteetan nabarmen maizago gertatu dira beroaldiak, baita haien indarra handitu ere.

Baina askorentzat bizitza dago jokoan, ez beroagatik arratsalde txarra pasatzea bakarrik, edo lorik ezin egitea. 2024. urtean, Europako Batzordearen Copernicus zerbitzuak esan zuen hogei hamarkadan ugrituz eta ugarituz joan direla beroteekin zerikusia duten heriotzak. Iazko udan, Hego Euskal Herrian ia 200 heriotza beroarekin lotu zituzten, eta Europan, berriz, 24.400. Are, 24.400 horietatik 16.500 klima larrialdiaren ondorio izan zirela ondorioztatu zuten. Hori guztia, kontuan hartuta leku askotan gero eta aire girotu gehiago dagoela.

Frantziako Libération egunkariak «bero boladak politizatzeko» beharraz hitz egin du gaurko egunkarian, halako gertakariek sortzen dituzten heriotzak gogora ekarriz. Izan ere, beroak eragindako heriotzek lotura handia dute klasearekin, generoarekin, lurraldetasunarekin, hirigintzarekin...

Beroteek irauten duten egunetan, asko azpimarratzen da halako gertakarien eta klima larrialdiaren artean lotura hertsia dagoela, eta berriro gogorarazten da horri buelta emateko errezeta: erregai fosilen erabilera murriztea, karbono isuriak murrizteko. Baina badirudi tenperatura hozteak ahaztea ekartzen duela, eta bien bitartean gizadiak bere gertuko etorkizuna aldatzeko estrategiarik gabe jarraitzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE