Garikoitz Goikoetxea.
Mikel Ormazabal. Kristau Eskolako zuzendaria

«Ordainduko dugu zorra, baina hobekuntza eta inbertsioa pikutara doaz»

2013ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Panorama iluna du Kristau Eskolak. Lan gatazka betean, beste bi grebatara deitu dute sindikatuek astearterako eta asteazkenerako. Indartuta daude, gainera: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoi eman die, patronalari esan baitio ezin duela Espainiako lan ituna ezarri. Kezkatuta dago Mikel Ormazabal (Andoain, Gipuzkoa, 1959). Erreformara behin-behinean jo dutela azaldu du, beste aukerarik ez zutela, zorra handitu eta handitu ari zelako. Konponbidea lortzeko itxaropena badu, halere.

Aurkako beste epai bat jaso duzue aste honetan: Espainiako lan ituna ezin duzue ezarri. Zein da egoera?

Berriro kezka handia zabaldu da 137 ikastetxetan. Ez dugu ikusten bideragarritasunaren aldeko zerbait denik. Kezka dugu. Baina bagenekien sententzietatik ez dugula lortuko gatazka konpontzea. Nahiz sententzia gure aldera atera, ez genuen arazoa konponduko.

Nondik etor daiteke konponbidea?

Espero genuen sententzia beranduxeago ateratzea. Lehengo astean hasi ginen hizketan sindikatu bakoitzarekin, kontaktua egiten. Esan diegu martxan jarriko genukeela mahaia. Baldintza bat jarri diegu: zer malgutasun duzue zorra kudeatzeko? Esan ziguten aste honetan erantzungo zigutela; oraingoz ez dugu jaso. Grebaren aurrean gaude. Pentsatzen dut zail egingo zaiela orain erantzutea. Itunerako mahaia puskatu egin behar izan genuen, zorra ez handitzeko. Ez zen beste estrategiarik. Gure estrategia ez da Euskadiko lan harremanak haustea, hori ez da egia. Guk ez dugu sinesten estatuko lan itunean: hemen gure berezitasunak ditugu, Euskadiko lan hitzarmeneko onurak ez ditu estatukoak, eta finantzaketa moduluak askoz handiagoak dira. Tresna bat zen estatuko lan itunera jotzea, zorra ea nola kudeatu genezakeen. 2010etik 2013ko uztailerako zorra nola ordaindu adostu dugu. Guk esaten genien: «Orain berriro zor hori sortzen ari dela, nola kudea dezakegu hori?».

Hartutako neurria gogorra da. Lan erreformara jo du Kristau Eskolak.

Ez zuelako ikusten beste biderik. Hogei milioiko zorra. Horri buelta eman behar zaio. Ez dago dirurik. Instituzioek duten kaxatik eta amortizazioetatik ateratzen ari gara. Ordainduko dugu zorra, baina diru hori da inbertsioak egiteko, hobekuntzarako... Pikutara doa hori. Ikastetxea ahulezian sartzen du horrek. Egia da, kanpotik begiratuta: «Kristau Eskolak estatukora». Baina lehen unetik esan genuen eutsiko geniela Euskadiko lan baldintzei eta harremanei. Eta eutsi egin diegu.

Erabat ez. Amatasun baimenak laburtu dituzue, 58 urte baino gehiagokoei orduak ez zaizkie gutxituko...

Bi detaile horiek. Bestela, denak.

Zergatik hartu dituzue neurri horiek?

Ez daudelako finantzatuta moduluetan. Horietan ez dagoena kendu dugu. Egia da. Horrek batu ditu sindikatuak. Beste gai batzuk ere aipatu dituzte: urtarriletik aurrera 500 euro gutxiago kobratuko zutela... Hori deuseztatu da.

Sindikatuez gain, langileak ere batu dira. Parte hartzea handia izan da...

Asko izan da, baina ez sindikatuek esan zuten adina. Langileen %38 dira. Asko. Baina ez %80. Ikastetxe batzuetan %70-90, 28 eskolatan ezer ez... Hala ere, asko da. Gutxi edo asko izan, oso arriskutsua da gatazka geletara eramatea.

Bideragarriak eskolen %15 direla diozue. Zer egin asmo duzue besteekin?

Zorra ordaintzeko akordioak egin ditugu. Epe luze batzuk jarri dira. Halere, akordio horiek onartzen dute negoziatzea badagoela nolabait luzatzea gehiago ordainketa. 2015ean ordaindu behar da azken zorra. Batzuek 2017ra luzatu dute; beste batzuek, kontuak ikusita, onartu dute ez eskatzea. Eskoletatik oihartzuna jaso dugu: «Jarri indarrean lan hitzarmena». Batzuk prest leudeke zorra ahazteko, epe luzerako uzteko... Egonkortasuna ematen du lan itunak. Sindikatuei batasuna zerk ematen dien ikusi dugu. Konponbidea behar dugu. Euskadiko lan itunean sinesten dugu. Apur dezagun egoera hau, eta konponbide bat eman.

Bideragarri ez diren ikastetxeak ixteko arriskurik badago?

Ez balitz egongo malgutasuna zor hori nola ordaindu, bai.

Noraino luza daiteke egoera hau?

Esperantza dut bi hilabete barru konponbidea emateko, urtarrilean edo otsailean. Lehenago balitz, hobe. Itxaropentsu gaude. Ikastoletan ere sinatu dute akordioa. Euren akordioa izan da nola kudeatu zorra; formula batzuk jarri dituzte. Gustatu zaizkigu formula horiek. Mahai gainean horijarri nahi dugu. Nahiz eta ELAk izan gehiengoa gure hitzarmenean —ikastoletan LABek—, lehenengo hurbilketa horretan beste sindikatuek esan digute prest leudekeela bide bat urratzen hasteko.

Arazoaren sorburua Jaurlaritza da?

Bai. Zulo honetan Hezkuntza Sailak sartu gintuen 2010ean. Lege bat betez ilegaltasun batean sartu gaitu. Ardura Hezkuntza Sailarena da. Epaileek ezetz esan dute... Hezkuntza Saila ez dago eroso. Sistemaren erdia dago kolokan.

Espero duzue diru sailik? Uriartek dio zuen arteko gatazka bat dela...

Hori dio, bai. Badaude mugimenduak. Ez dirua emateko honetarako, baizik finantzaketa berri baten inguruan eragile denekin bildu eta lantzeko. Ikastolen akordioa horretan oinarritu da. Gureak ere hor oinarritu beharko du.

Euskal hezkuntza legeaz ari zara?

Bai. Nahiz diru kopuru bat izan, legez ahulezian gaude. Babesik gabe. Gertatu da inoiz gertatu ez zena —30 urteotan, finantzaketa moduluak gehitu edo izoztu egin dira—, eta defentsarik gabe gaude. Segurtasun juridikoa zerk eman dezake? Euskal hezkuntza sistemaren lege berri batek.

Oraingo Jaurlaritzarekin aurrekoarekin baino harreman hobea duzue.

Gatazka hau sortu arte, alderdi sozialistarekin ere oso harreman ona genuen. Esperantzaz ginen: osatu genuen mahai tekniko bat finantzaketa berri baterako. Gero konfiantza hori apurtu egin zuen Zelaak. Erabiliak sentitu ginen. Honekin [Uriarterekin] ona dugu harremana; ezagutzen ari gara. Besteekin bezala jarri dugu konfiantza. Bidea egiten ari gara. Dena samurra dela ez dizut esango, zeren esaten du Uriartek lan gatazkaz: «Hori zuen problema da». Izugarrizko harremana bagenu...

Zelaak zertan erabili zintuzten?

Zenbait proiektu erabili zituen. Bake Plana, hiru eleko eredua... Ez zen beste modurik heziketarako laguntza bat izateko. Itunpeko guztiekin argazki bat atera nahi izan zuen, publikoaren aldetik ez zuelako babesik. Zer egingo duzu?

Esan nahi duzu hiru elekoan besteak beste diruagatik ere sartu zinetela?

Ez. Eleaniztasuna lantzen ari ginen. Indar handia eman diogu heziketari, eta, Jaurlaritzarekin lan egiteko eta dirua jasotzeko, bat egin genuen itunpeko guztiek, eta joan egin ginen. Baina sartu genituen gauza ezberdin batzuk: osatu genuen proiektu bat, hiru elekoa eroso egiteko, ez irudi bezala. Askotan irudi bezala erabili baita. Lan erraldoi bat egiten ari gara hor, hizkuntzaren trataera bat eginez, ikastetxe bakoitza non dagoen ikusiz. Diruagatik? Ez. Proposatzen zelako aukera bat eta heziketa bat guretzat? Bai. Gizarteari begira nahi genuen esan gu eleaniztasunaren alde gaudela. Baina, adi: euskararen helburuak betez. Eta oraindik ez ditugu bete.

Dikotomia zabaltzen ari da itunpeko sarearen eta publikoaren artean?

Hori artifiziala da. Asteazkenean, parlamentuko eztabaidan, dikotomia azaldu zuten alderdiek, eta hori oso txarra da. Erdia eta erdia gara. Oso harreman onak ditugu. Dikotomia horrek ez gaitu inora eramango. Finantzaketa eskatzerakoan, konparaketa egiten duzu. Guk argi diogu: aurrekontuaren %70 gastatzen du publikoak, eta itunpekoak, %30. Zerbait ez dago ondo. Besteek bezala edukitzea ez dugu eskatzen: %25 gehiago ematea nahi dugu, baina besteei kendu gabe. Hori zorakeria izango litzateke. Eztabaida horra eraman nahi izan zuen Zelaak: publikoa versus itunpekoa. Guk hori ez dugu nahi. Hezkuntzako eragile bat gehiago izan nahi dugu, besteekin batera, euskal hezkuntza sistemari kalitatea emanez, eskaintza bat egiteko gure neska-mutilei.

Hezkuntza erreforma behin betiko onartu dute. Ezarri behar da hemen?

Ezetz uste dut.

Eta zer egiteko prest zaudete?

Mugimendu batzuk egon dira. Hezkuntza Sailarekin lan egiteko prest gaude. Eragileon mahaian bagaude. Manifestazioetan ez gara atera. Ez genuen ikusten egon behar genuenik, hor dauden batzuk gu jipoitzen ari direlako. Kontraesanetan ezin gara erori.

Sindikatuei buruz ari zara?

Adibidez. Gu LOMCEren aurka gaude. LOMCEri buruz egin diren analisiekin bat egiten dugu.

Batzuk doazelako besteak ez doaz. Ez dirudi jarrera eraikitzailea denik...

Sindikatuen tokia da LOMCEren inguruan arlo pedagogikoan egotea? Sindikatuak egon behar du? Sindikatuen helburua zein da? Hainbat mahaitan daude. Hori diskutitzen dugu. Sindikatuak eta denok elkartzen bagara zerbait proposatzailea egiteko euskal hezkuntza sistema hobetzeko, aurrera. LOMCEren kontra hitz egin baino nahiago dut nola sustatu hobekuntzak eta onurak gure hezkuntza sisteman.

Erlijioak ebaluagarri izan behar du?

Era zabal batean egin beharko litzateke trataera; erlijio zientziak edo. Erlijioaren alde gaude. Baina ez dugu gogorik gerra horretan sartzeko. Uste dut beste trataera bat behar duela. Eskaini, eta ordutegian sartu, normal-normal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.