Amets Arzallus Antia.
Euskal presoak. Bilboko manifestazioa. Iritzia

Tolestura batzuk

2012ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
...kale bat izendatzea ez da ekintza tolesgabea, botere harreman, zertzelada eta ekintzen bidez jositako sare konplexu baten emaitza baizikĀ». Gaur zortzi irakurria berripaper honetan. Autonomia kalea ezin zeharkaturik nenbilela gogora etorri zitzaidan. Ezin zeharkatu hori ere ez da tolesdurarik gabea.

Ekintzen bidez jositako sare konplexu baten emaitza. Kolosala. Azkuna hatzazalak jaten leiho ertz batetik begira. Hiru aldiz tolestuta ere ez ginatekeen bidean kabituko. Meritu koxkorra, antolatzaileena. Orain, furgonetek jende artean bezala, asma dezagun bidea. Nondik eta nora? Distentsio garaiotan, zauri zornetua sendatzera doanean, herri hau lubaki berritzen asmatu behar dugu, inertzia zaharretatik libre, laborantza ekologikoago bat izan behar du herrigintzak, lurretik hurbilago bizi behar dugu, eta han isuri sormen indar guzia, gure neurriko zaurietan, ez baita egia jendearen ezaxola.

Tolesdura bat. Haunditzen zeranean ikusiko dezu ixilik egoteak zenbat balio dun... Ari gara handitzen, baina ez dakit ba. Isilik doanak zerbait tolesturik darama; galera bat, edo galdera bat agian, baina badarama, eta hori kanporatu gabeko ibilia herrena da, ez da hala? Kontraesanen tolesduretan barrena dabiltza geure manifak. Legala. Manifa batentzat denik eta kontraesanik haundiena. Isila. Tolesdura berri bat kontraesanari. Isilik egin nuen neuk ere hasierako bidea, baina zerbaitek krak egiten zidan, neurona disidente bat edo banuen barnean manifestari, neure kontra, eta adarra jotzen zidan, isiltzen zeranean ikusiko dezu haundia izateak zenbat balio dun... Esaldi tolestu hori buruan nerabilenean ahotsak entzuten hasi nintzen.

Tolesdura bi. Norbait preso edukitzea botere harreman baten istorioa da. Bikote batean. Fabriketan. Bankariarenean. Edo urruneneko ziega kaxkar batean, kuxkurtutako bat, geruza guzien askanahiaren irudirik zehatzena, agian. Baina botere harremana sare konplexua da. Eta kartzelen kontra borroka egitea ez da tolesdura bakarra duen ekintza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.