Amets Arzallus Antia.
19. Korrika. PAPEREZKO LEKUKOA

Zure mailutxoa

2015eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Zure leihopetik pasa da lekukoa, eta isilik zeneraman kulpa batek kolpatu zaitu. Baina bide bururaino jarraitu diozu, eta han begietatik galdu zaizunean bi gauza bakarrik gelditu zaizkizu: begi bion nekea eta egurrezko mailu bat eskuetan.

Zure leihopetik pasa da lekukoa, eta itzuliko ez diren hitzen itzal horrek zure gorputzaren forma du bere ilunduran. Eta kulparen bidea sigisatsua bada ere, Aldudeko malda bezala, azken orduan, zu bakarrik utzi zaitu bere leihoan, erruaren erro urruna zure gorputz zahartuan gora, huntz arantzatsu batek estalia, eta egurrezko mailu ttiki bat zure esku hauskorretan.

Amaren mintzoa galdu duen haurraren ezpainetako isiltasun horrek orain zauritzen zaitu, baina zure baitan ez zuen nehork erein hizkuntzaren kontzientzia. Alderantziz, zure baldartasuna transmititu zizuten. Eta baldar lotsa horren harriak txehetu zituen zure hitz xamurrak. Ezin bertzezez zenuen karga astun hori zamatu nahi izan zure ondorengoen bizkar gainean. Orain kate zahar eta luze horri eten zaion begiak triste ikusten zaitu zure leihoan.

Zure leihopetik pasa da lekukoa, ia-ia bizitza baten pauso eran, eta orain berandu da, hezurrak gogortu zaizkizu eta zahartuegia zaude haren atzetik abiatzeko. Laster leihoak biltzea ahantzirik hetsiko zaizkizu begiak. Eta ni Mosulgo zibilizazioaren museoko irudiekin oroituko naiz, jende barbaroa estatua zaharrak txintxikatzen. Borra handi horiek denek alde egingo dute, eta azken hondarrean, zu bakarrik utziko zaituzte, zure leihoan, eskura eman zizuten zure egurrezko mailutxoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.