«Iruñean ez dago ICEren beharrik, Atzerritarren Legea indarrean baitago». Negu Gorriak elkarteak salatu du deportazioak ez direla soilik Donald Trumpen AEBetan gertatzen, baizik eta Euskal Herrian ere «errealitate etengabea eta isildua» direla. Zehazki, Anasse Fajerdin gazte migratzailea atxilo hartu zuten atzo Iruñeko Chinchilla polizia etxean, eta salatu dute «deportatua izateko berehalako arriskuan» dagoela.
Anasse Fajerdinek lau urte daramatza Iruñean bizitzen. Ikaslea da, eta arrazakeriaren aurkako eta eskubide zibilen aldeko mugimenduan aritzen da. Azken asteetan, Espainiako Poliziaren Chinchilla kaleko polizia etxera joan behar izan du astean behin, astearteetan, Iruñean bizi dela egiaztatzeko. Atzo, baina, atxilotu egin zuten hara joan zenean.
Iruñeko Katakraken egindako agerraldian, Jilali Haijoub lagunak kontatu du zer gertatu zen. Asteartero legez, Fajerdin bere borondatez joan zen komisariara, eta oraingoan esan zioten kanporatu egin nahi zutela. «Gure adiskide Anassek guardiako epailearen aurretik pasatu behar izan zuen. Ofiziozko abokatuak ez zuen alegaziorik aurkeztu azaltzeko hura legez kanpoko deportazioa zela».
Engainua metodo gisa
Agerraldi berean, Negu Gorriak taldeko Izaskun Mata Colladok eta Fatima Elmourabitek salatu dute Fajerdinena ez dela kasu bakarra. Haien esanetan, Espainiako Poliziak eta Foruzaingoak polizia etxera joateko eskakizunak bidaltzen dituzte, tramite administratiboak aitzakiatzat hartuta. «Ondoren, atxilotu eta deportatu egiten dituzte. Praktika hori oinarrizko eskubideen urraketa larria da; engainua erabiltzen dute metodo gisa».
Mata Colladok gaineratu duenez, migratzaileen erregularizazio prozesua hurbildu ahala, «hitzordu tranpak modu kezkagarrian ugaritzen dira». Halaber, gogorarazi dute Espainiak migratzaileak kanporatzeko hegaldiak antolatzen dituela, eta SOS Arrazakeria erakundeak alarma pizten duela hegaldi horietakoren baten berri duenean. «Espainiako Poliziak atxiloketa arbitrario gehiago egiten ditu, eta hitzordu tranpa gehiago jarri, hegaldietako kupoak osatzeko baino ez».
Negu Gorriak elkarteak salatu duenez, hegaldi horietako kupoak betetzeak ez du zerikusirik delituen prebentzioarekin, maiz ofizialki argudiatzen den bezala. «Oso egoera ahulean dauden pertsonak arbitrarioki zigortzen dituzte, modu ilegalean», gaitzetsi dute Mata Colladok eta Elmourabitek.
Errealitate lazgarri hori «isiltasun instituzionalaren babespean eta komunikabideetatik urrun» gertatzen dela gogorarazi dute. «Ez dugu onartuko Anasse deportatzea, nahiz eta erakundeak isilik egon. Era horretako kanporatze arbitrarioek gure hirian ezarritako bizi proiektuak, familiak eta komunitateak sistematikoki suntsitzen laguntzen dute».